Frantziako epaileek onartu egin dute tramitera Cevital enpresa aljeriarrak Fagorren Frantziako Brandt plantarengatik eta Garagartzako (Arrasate) eta Eskoriatzakoengatik egindako proposamena. Baina era berean, martxoaren 13ra arte luzatu dute eskaintza "osoago eta hobeak" jasotzeko epea. Brandt, De Dietrich, Vedette, Sauter eta Easycook markengatik 25 milioi euroko eskaintza egin du Cevitalek.
Edozelan ere, Frantziako epaileek proposamena onartu izanak esperantzarako bidea ematen du; epaileak kontrako erabakia hartu izan balu (proposamena ez onartzea), horrek automatikoki hemengo plantekiko proposamena bertan behera uztea ekarriko zukeelako.
Likidazio fasea
Bien bitartean, Fagor Etxetresnen hartzekodunen lehiaketak aurrera segitzen du. Une honetan fase komunean daude. Bestela esanda, hartzekodunekin adostasuna posible den edo ez aztertzen den fasean. Eta hori posible ez bada, likidazio faseari ekingo diote, Fagorreko iturriek esandakoaren arabera. Likidazio fase horretan aktiboen salmentarako proposamenak egiteko epea zabalduko dute.
Aktiboen artean, enpresak, makina, marka… saltzeko aukera izango da, eta nahiz eta azken erabakia epaileak izan, Fagorreko ordezkarien iritzia aintzat har dezaketela adierazi dute Fagorretik. Eta jakinarazi dute likidazio fase hori prestatzen dihardutela, "martxoan, apirilean… ez dakigu noiz izango den", azaldu dute.
Fagor marka ez dago salgai
Aktiboen salmentarekin lotuta, hori bai, azpimarratu dute Fagor marka bera ezin dela saldu, ez delako Fagor Etxetresna Elektrikoena; Fagor Taldeak du haren jabetza, "baina saldu daiteke, adibidez, Edesa marka", diote Fagorretik.
Eta ez hori bakarrik. Izan ere, eta nahiz eta Fagor marka bera ez saldu, badago markaren erabilerarako lizentzia edo baimena saltzeko aukera, "royaltie batzuk ordainduta eta baldintzak Fagor Taldearekin negoziatuta". Dena delakoa ere, azken erabakia uda aurretik hartuko dutela azpimarratu dute.