MUk bere hezkuntza-ereduari buruzko hausnarketa-prozesua jarri du abian 2020. urteari begira. Unibertsitatea hezkuntza-eredu aurreratuetan aitzindari eta erreferente izatea da unibertsitatearen helburua, aurreko eredu pedagogikoarekin, Mendeberri proiektuarekin gertatu zen bezala. Beraz, barne-hausnarketari helduko dio hemendik aurrera, 2000. urteaz geroztik gizartean izandako aldaketak eta datorren hamarkadako paradigma berriak aztertzeko.
Goi-mailako Hezkuntzako Europar Esparrura egokitzeko, hau da, Bolonia deituriko prozesura, Espainiako unibertsitate-sistema MUren Mendeberri hezkuntza-proiektuaren printzipioetara hurbildu zen. Horri esker, enpresa eta erakundeetan gertatzen ari ziren aldaketei eta beharrei erantzun zien unibertsitateak. Mendeberri asmo oso zehatz bat zuen eredu guztiz berritzailea izan zen: gaitasun pertsonal, sozial eta profesionalak sustatuz, lan-munduaren erronka berriei aurre egiteko, beren prestakuntzaz arduratzeko, taldean lan egiteko eta proiektuak zuzentzeko gai izango ziren pertsonak prestatzea. Handik denbora batera jarri zen abian Bolonia prozesua, eta unibertsitate guztiek Boloniara egokitu behar izan zuten. Ordurako, MUk bide hori jorratua zuen Mendeberri proiektuaren bitartez. Europarako egokitzapena ia eginda zeukan, beraz, eta horri esker, Estatuan esparru horretako lidergoa eskuratu zuen.
Orain, 2020. urterantz begiratzeko garaia dela uste dute unibertsitateko arduradunek, betiere hezkuntzako lidergoari eutsi ahal izateko asmoz. MUren erronka nagusia berriro ere hezkuntza-eredu aurreratuetan aitzindaria eta erreferente izatea da.
Hitzaldiak: hezkuntzan adituak
- Lehen hitzaldia bihar, otsailaren 28an, izango da Aretxabaletako Campusean, Joseba Azkarraga soziologoaren eskutik. Zehazki, Gizarteko aldaketak eta Iraunkortasuna da berak jorratuko duen gaia. 14:30ean izango da hori.
- Zikloko bigarren hitzaldia Mikel Mancisidorrek, Unesco Etxeko zuzendariak eta Nazio Batuetako Eskubide Ekonomiko, Sozial eta Kulturalen Batzordeko kideak emango du, Giza Garapena eta Iraunkortasuna izenburupean. Martxoaren 12an izango da, 11:30ean, Arrasateko Campusean.
- Bologna Expert Groupeko Guy Haugek, Goi-mailako Hezkuntza Sisteman adituak, eskainiko du hirugarren hitzaldia. Etorkizuneko Goi-mailako Hezkuntzaren Joerak eta Erronkak izenburua izango du eta Oñatiko Campusean emango da.
- Azkenik, hezkuntzan eta IKTetan aditu Maite Goñik eskainiko du unibertsitateari buruzko hausnarketa estrategikoaren azken hitzaldia. Zehazki, Hezkuntzako teknologiak eta Ikaskuntzako Ingurune Berriak izeneko hitzaldia eskainiko du apirilaren 9an Arrasateko Campusean.