Ibai Echezarreta? Ez, Ibai Etxezarreta

Txomin Madina Milikua 2014ko ots. 26a, 15:06
Herritarrak izen-abizenak euskalduntzera animatzeko kanpaina bat jarri du martxan UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, eta Debagoineko udalek bat egin dute kanpaina honekin. Azaldu dutenez, izen- abizenak ofizialki euskaraz jartzeko prozesua ez da zaila.

Euskaraz naiz kanpaina jarri du martxan UEMAk, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea, eta UEMAko kide izan edo ez, Debagoieneko udalek bat egin dute kanpaina honekin. Helburua da euskarazko izen eta abizenak dituztenek ofizialki ere grafia euskalduna izatea. "Euskaraz esan ohi dugun moduan, izenak eta izanak bat egiten dute, eta euskaraz hitz egiten dugunez, koherente jokatu eta abizenak ere euskaraz jartzeko deia egiten dugu", azaldu du Oñatiko Euskara teknikari Xabier Zabaletak.

Kanpainaren bultzatzaileen esanetan, izen-abizenak euskal grafiara moldatzeko prozesua ez da batere zaila. "Bake epaitegira edo erregistro zibilera joan behar da eta izena edo abizena euskal grafiara egokitzeko eskaria egin. Bertan ematen dizuten inprimakia bete behar da gero, eta dokumentu batzuk aurkeztu", azaldu du Oñatiko Euskara teknikariak. Nortasun agiriaren fotokopia, epaitegietan edo erregistroan eskatzen den hitzez hitzeko jaiotza ziurtagiria eta errolda agiria dira aurkeztu beharreko dokumentuak. Honetaz gain, ezkonduta egonez gero edo seme-alabarik izanez gero, familia liburuaren fotokopia ere eroan behar da; eta 16 urtetik gorako seme-alabak izanez gero, seme-alaben nortasun agiriaren fotokopia.

Adin txikiko seme-alaben kasuan, gainera, gurasoek abizenak moldatuz gero, adin txikiko seme-alabei zuzenean aplikatzen zaie moldaketa. Adin txikikoak ez diren seme-alaben kasuan, erregistrora joan eta adierazi egin behar dute eurek ere aldatu nahi dutela, baina ez dute tramitazio guztia egin beharrik.

Euskaltzaindiaren irizpideak

Izen-abizenak moldatzeko, Euskaltzaindiak markatutako irizpideak hartzen dira kontutan, eta Euskaltzaindiaren webgunean kontsultatu daitezke izen eta abizenen zerrendak. Edonola ere, azken erabakia epaileak hartzen du eta, kasuren batean, onartu izan dituzte Euskaltzaindiaren izendegian ez datozen formak: Múgica-tik Muxika-ra aldatu beharrean, Mujika-ra aldatzea, adibidez.

Beste hizkuntza bateko izen-abizenak euskal grafiara moldatzea ere epailearen irizpidearen arabera geratzen da.

Jarraitu beharreko urrats guztiak eta gaiaren inguruan sortu daitezkeen zalantzak argitzeko, UEMAren webgunean daude azalpenak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak