Arrasateko San Felipe Apostol Elkarlaguntzako Elkartea eta Aretxabaletako San Jose-San Martin kofradia dira jendetsuenak; funtzionamenduan ere antzerakoak dira elkarren artean: bizi diren artean, bazkideek kuota bat ordaintzen dute urtean, eta hiltzean hainbat zerbitzu eta diru kopuru bat ematen dizkio elkarteak hildakoaren familiari.
Badira, ordea, bailaran, bestela funtzionatzen duten elkarteak; Eskoriatzan, adibidez. Mazmela elizatean –beste batzuetan ere bai– auzoko kofradia dute. Han ez dute urteko kuotarik, eta ez da bakoitza ibiltzen hilko denerako dirua jartzen, baizik eta auzokoren bat hiltzen denean gainerako familia guztien artean –kofradian daudenen artean– egiten diote aurre gastuari, eta egiten dituzte hainbat izapide, familiak haietaz arduratu beharrik izan ez dezan.
Auzo-elkartasuna
Honela, eta hildako guztien gastua antzerakoa izan dadin, gauzak zehaztuta dituzte Mazmelan. Adibidez, hildakoa garraiatzearena lotuta dute ehorztetxe batekin–hildako lekuaren arabera aldatzen da kostua, baina aurrez badakizkite zenbateko aukera desberdinak–; kaxa nolakoa izango den eta, ondorioz, honen prezioa ere bai. Kanposantuan, berriz, hilarriak berdinak dira denentzat.
Hauez gain, beste gastu batzuk ere izaten dira: "Auzoetan eta behar izaten dira organista bat edo kantariren batzuk-edo, funtzioa apur bat girotzeko; beraz, diru kopuru txiki bat behar izaten da horientzako ere. Gero, auzoetako elizetan lehen bezala astero mezarik egoten ez denez, lore gutxirekin ere egoten dira, eta beste diru bat jartzen da loreetarako eta eliza txukuntzeko". Gastu horien guztien batuketa egin eta kofradiako kide diren familien artean –hildakoarena salbu, noski– ordaintzen dutela azaldu digu azkenaldian koordinazio lanetan ibiltzen den Juan Karlos Belokik.
Mazmelako kofradian pare bat izan ezik auzoko etxe guztiak daudela dio Belokik, "%90etik gora", beraz. Ondorioz, auzokoren bat hiltzen denean 80 bat lagunen artean ordaintzen dituzte gastuak: "Ehundik gora ere izan ginen, orain jaitsita dago, gero eta jende gutxiago bizi da-eta auzoan".
Kofradian adostuta dituztenez gain, familiak beste zerbitzuren bat nahiko balu, senideen kontura izango litzateke. Honela, ez dira sartzen, adibidez, eskelak, gorpua erraustea eta beilatoki zerbitzua –nahiz eta, azken horretarako, tarifa bat adostuta, eduki, baduten beilatoki batekin–. Juan Karlos Belokik dio kofradiako kideen esku dagoela elkarteko baldintzak aldatzea; oraingoz, horrela funtzionatzen dutela.
Garaietara egokitzen
Azkenaldiko joerak ikusita, agian iritsiko zaie Mazmelakoei ere kofradiak bere gain hartzen dituen zerbitzuak egokitu beharra. Zentzu honetan, Aretxabaletako San Jose-San Martin kofradian, adibidez, izan dira aldaketak azkenaldian. Honela, orain arte, hildakoaren familiari eskura ematen zitzaion diru kopurua zen 500 euro; horrez gain, baina, beste kopuru bat zuzenean ematen zien kofradiak elizari eta abesbatzari, mezengatik.
Kofradiako zenbait kidek hala eskatuta, baina, orain erabaki dute 100 euro gehitzea familiei ematen zaien diru kopurua, eta familiek ikusi dezatela diru horrekin zer egin: "Aretxabaletan egiten zen hileta, bederatzi eguneko bederatziurrena eta urte-meza. Eta batzuek hasi ziren esaten jendeak ez duela, egun, bederatziurrenik nahi; baina egin egiten dela"; hala azaltzen du Jose Ignacio Arenaza kofradiako diruzainak. Pentsatzekoa da hileta zibilak egiteko joera, adibidez, gero eta handiagoa izango dela denborarekin, eta izan daiteke kofradiako hainbat kideren hautua ere. Aurrerantzean, beraz, familia egongo da zuzenean Elizarekin, adieraziko dio ze ospakizun egin nahi duten –edo ez dutela egin nahi–, eta konponduko dira euren artean.
Abesbatzarekin, baina, orain arte moduan jarraituko dute, bestelako konpromisoren bat ei zutelako adostuta bi aldeen artean. Hurrengo batzar orokorrean, urte amaieran, aztertuko dute berriz ere gaia.
Aldaketak aldaketa, dena den, Jose Ignacio Arenazak argi utzi nahi du alde guztiekin berba eginda hartu dituztela erabakiak, eta beste gauza bat ere bai: aldaketa proposatu dutenak ez direla elizara joaten ez direnak, "baizik eta elizara joaten den jende nagusia". Elizarekiko atxikimendua izan arren, beraz, egoera zein den aztertu eta gaur eguneko joeretara egokitzea proposatu dutela, ondorioz –eta azkenean hala erabaki da–.
Aretxabaletako San Jose-San Martin kofradiak 150 urtetik gorako historia du; kofrade eta onuradun, 4.500 kide inguru dira egun. Aipatutako diruaz gain, heriotza bat gertatzen denean, hainbat zerbitzu ematen dizkio familiari: hilkutxa, garraioa... Urteko kuota da 22 euro.
San Felipe Apostol
Arrasateko San Felipe Apostol Elkarlaguntza Elkarteak ere zerbitzu horiek ematen dizkio hildakoaren familiari, eta dirua ere bai, zerbitzuaren osagarri. Kasu honetan, kopuru osoa familiari eman izan diote zuzenean –gaur egun, 750 euro–, eta gisa berean jarraitzen dute: "Horrela garbiagoa da", dio Alberto Ojanguren elkarteko nagusiak.
Aretxabaletako kofradia bezala, Arrasateko San Felipe Apostol ere irabazi asmorik gabeko elkartea da. Ojangurenek dio, era bateko edo besteko elkarterekin –edo aseguru etxeekin– ezer ez dutenen kasuan, hiltzea asko kostatzen dela gaur egun: "3.000 eurotik behera...", buruarekin ezetz eginez.
San Felipeko bazkide bat hiltzen denean, berriz, batez beste, 1.700 euro kostatzen da denera; elkarteak ematen dituen zerbitzuez gain, familiak erabaki ohi ditu beste batzuk. Ondorengo adibidea jarri digu San Felipeko nagusiak: "Beilatokia, errausketa, kutxatxoa, zorroa, eskelaren bat jartzen bada eta loreren batzuk, bazoaz 1.000 eurora". Kasu horretan, familiak dirutan jasotzen dituen 750 euroez gain, beste 250 horiek izango lirateke familiaren kontura.
Kontuak kontu, Arrasateko elkarteko kideek azaldutakoaren arabera, urteetan urteko kuota ordaintzen ari diren bazkideei ongi ateratzen zaizkie kontuak hiltzean –hala esan badaiteke–; alegia, hiltzean, zerbitzutan eta dirutan, jasotzen den kopurua, bizitza osoan kuota bitartez jarritako zenbatekoa baino gehiago dela. Berez merkeago, beraz, eta gainera jarri baino gehiago jaso. Gaur egun, urteko kuota da 30 euro, eta bi urteren buruan 45 eurora igotzea adostuta dute bazkideek –Eusko Jaurlaritzaren agindu bati jarraituz–.
Oñatin, gehiago eta txikiak
Oñatin ermandade deitzen zaie gisa honetako elkarteei. Banaka batzuk badaude, herriko kale edo auzoka, adibidez. Jose Antonio Urteaga da San Anton ermandadeko –101 kide– presidentea. Bertan, 50 euro jartzen dituzte urtean familiako, eta kideren bat hiltzen denean 700 jasotzen ditu sendiak; dena dela: "Ermandadeak baju daude Oñatin; gurasoak hiltzen direnean seme-alabek ez dute jarraitu nahi izaten".
----------
Auzoan dirua batu, inor hiltzen denean
Batzuk besteekiko antzerakoak izan arren, heriotzarekin lotutako elkarteok badituzte desberdintasunak elkarren artean. Bereziak dira, adibidez, Eskoriatzako elizateetako kofradiak. Bizi artean heriotza iristerako dirua jartzen ibili gabe, kofradiako kide bat hiltzen denean batzen dute dirua Mazmelakoan, gastuei aurre egiteko. Hil den pertsonaren familiak ez, gainerakoek ordaintzen dute. Auzoan, bizilagunen %90etik gora da kofradiako kide.
----------
Alberto Ojanguren (San Felipe Apostoleko nagusia): "Lan asko da, gau eta egun; gauean ere aldean eduki behar izaten da telefonoa"
115 urte ditu Arrasateko San Felipe Apostol Elkarlaguntza Elkarteak. 2013 amaieran, titular, ezkontide eta onuradun artean, 13.339 bazkide ziren. Kasu honetan, hil-autoak ere badituzte. Soldatapeko bi langile ditu, eta nagusia bera da elkartearentzat lanean ordu asko ematen dituen beste bat; borondatez, esan daiteke.
Zu zara hemengo nagusia. Bai. Aitaginarreba izan zen aurretik. 31 urte datoz orain hil zela, eta orduan aukeratu ninduten ni. Esan zidaten banekiela nondik nora zihoan, eta neu jartzeko.
Eta, zer dakar karguak? Lan asko, gau eta egun; ze gauean ere aldean eduki behar izaten da telefonoa. Gaur goizean 07:00etan deitu didate; aurrekoan, goizeko 03:30ean. Baten bat hil dela eta... Gestioak egin behar izaten ditugu, gorpua ekarri... Lokalak ere nik jarritakoak dira [Zigorrolan dituzte], ze etxean ezin da egin. Lehen egiten genuen etxean dugun txoko baten, baina hainbeste lagunentzako zerbait derrigor behar da.
Zergatik jarraitzen duzu jardun honekin? Lantegia utzita, honekin entretenitu egiten naiz. Beti egoten dira gauzak egiteko; jendea hartu eta.
Eta jarraitzeko asmotan? Oraintxe ari gara besteren bat jarriko ote dugun edo, eta deskantsatzen dugun apur bat. Baina neu ere hemen egongo naiz, uztera ez noa.
Jendeak eskertuko du zuen lana. Bai, eta eskertzekoa da. Beti egoten da baten bat, baina kexa gutxi izaten dira.