Koldo Martinez: "Gertuago ikusten dut aldaketa Nafarroan"

Eneko Azkarate 2014ko ots. 21a, 09:00

Koldo Martinez medikua eta Geroa Baiko kidea (Argazkia: Javier Bergasa).
Eskoriatzan jaio eta gaztaroan Arrasten bizi izandakoa da Koldo Martinez. Zabaltzen eta Geroa Baiko aurpegi ezagunenetakoa eta bioetikan aditua, medikua lanbidez. Medikuntzari eta bioetikari, baina, batez ere, Nafarroako egoera politikoari buruz jardun da. Aspaldi Iruñera bizitzera joandakoa bada ere, Debagoienean daukan familiako harremanei eusten die.

Debagoiendarra izan arren, Iruñean bizi zara aspalditik.

Bai, 10 urterekin joan ginen Eskoriatzatik Arrasatera bizitzera eta han eman nuen gaztaroa. Ama mondragoetarra da. 17 urte nituela familia Iruñera etorri zen bizitzera eta ni urtebeterako Ameriketako Estatu Batuetara. Handik Iruñera bueltan, medikuntza ikasten jarri nintzen. Baina familia eta lagunak ditut Mondragoen eta eusten diet harremanei.

Hamaika saltsatan sartuta zaudenez, zela aurkeztu beharko zenituzke?

Medikua naizela esaten dut. Zaintza trinkoetan jardun dut beti. Horretaz gain, Zabaltzen elkarte independenteko presidentea ere banaiz eta oraintsu aukeratu naute berriro beste lau urterako.

Geroa Baiko kide eta bultzagile ere bazara. Zertarako sortu zen?

Koalizioa bat da eta helburu garbi batekin jaio zen: Nafarroan aldaketa bultzatzea, aldaketa aurrerazale eta ahalik eta abertzaleena. Eta Zabaltzen da koalizio barruan dagoen kide independentez, hau da, alderdietan ez daudenez, osatutako taldea.

EAJ ere badago koalizio horretan.

Bai. Eskuma eta ezkerra oso kontzeptu zaharrak dira niretako eta egiazkoak izango balira ere, egia da batzuetan EAJ eskumako alderdi moduan har dezakegula, baina beste alde batetik begiratuta nik ez nuke horrela hartuko. Izan ere, beren burua oso ezkerrekotzat duten hainbat alderditan oso praktika, jokabide eta iritzi eskumakoak ikus daitezke. Niri aurrerazale berba gehiago gustatzen zait, eskuma edo ezkerra baino. Nire ustez kontzepturik ezkertiar edo aurrerazaleena Demokrazia da. Eta ikusiz gero azkeneko 40 urteotan zeintzuk jokatu duten modu demokratikoan eta zeintzuk ez…

Nafarroa Bai desegin ostean eta Aralarrek eta Bilduk Espainiako Kongresuko hauteskundeetan Amaiur moduan batera joatea erabaki ostean, ustekabea izan zen Geroa Bairen emaitza hauteskunde haietan?

Emaitza onak espero nituen, nahiz eta, esaterako, Uxue Barkosek eserlekua lortuko zuenik uste ez. Jendeak argi ikusi zuen zein zen Amaiurren eta Geroa Bairen jarrera eta ideologia. Badirudi, gainera, gorantz goazela.

Egonkortu da Geroa Bairen espazioa?

Uste dut jendeak bat egin duela Geroa Bairen politika egiteko moduarekin, tresnekin, eguneroko jardunean erakutsitako jarrerarekin… Nafarroan zentraltasuna lortzen ari gara eta hori, geure burua euskaldun eta euskaltzale daukagunondako, euskararendako eta, oro har, Nafarroako jendartearendako ona dela uste dut.

Zeintzuk dira Geroa Bairen boto emaileak?

Bereziki politika zaharrarekin aspertuta daudenak. Alderdi politiko tradizionaletan sinisten ez dutenak edo kokoteraino daudenak; politika berria nahi dutenak, bizikidetza bultzatu nahi dutenak… Batez ere aurrerazaleen artean dago gure boto emailea.

Nafarroa berbeta gai da hedabide guztietan Barcinaren gobernuaren azken krisi edo eskandaluaren ostean. Oraingoan bai esan genezake Nafarroan aldaketa gertuago dagoela?

Inoiz baino gertuago. Baina zuhurtziaz jokatu behar da, ze 2007an ere gauza bera esaten nuen eta begira non gauden. Oraindik ere ez naiz PSOErekin fidatzen. Badirudi PSNko buruan argi ikusten dutela zentsura mozioarena, baina PSOErekin zeinek daki. Madrilen dago erabakia zoritxarrez. Halere, gauzak zela dauden ikusita badirudi oraingoan aldaketa gauzatuko. Lehengo egunean Natalia Chivite PSNko senatariak esaten zidan ea zela azaldu behar zien Andaluziako sozialistei Bildurekin batera zebiltzala Nafarroan. Eta esaten nion hori bezain azalgaitza dela PPrekin edo UPNrekin batera ibiltzea.

Zer gertatu behar da aldaketa gauza dadin?

PSNk orain arteko jarrera eta iritzia aldatu behar du, eta zentsura mozioa aurkeztu edo babestu, ze ez dut uste Yolanda Barcinak dimitituko duenik.

Maiatzaren 25ean hauteskundeak Nafarroan, Europakoez gain?

Bai, uste dut baietz, zalantzak ditut baina hauteskundeak egingo ez balira tamalgarria izango litzateke eta Nafarroak berriro ere atzera egingo luke eta Nafar eskuma atzerakoi honek azkeneko 40 urteotan bezala agintean segituko luke.

Zer gertatu behar da, hauteskundeen ostean, Nafarroako gobernuan benetako aldaketa gauza dadin?

Boto emaileen eskuetan dago hori, baina, gutxienez, PSN, Geroa Bai eta Izquierda-Ezkerra gobernuan egon beharko lirateke, EH Bilduren babesarekin. Aaskoz ere gusturago hartuko nuke lauron arteko gobernu bat, halere. Hori litzateke normaltasunaren eta aldaketaren erakusle.

Zerbaiten aurka egitea errazagoa da gobernatzea baino.

Bai, jakina. Gainera, une honetan zail ikusten dut PSN eta Bilduren arteko harremana edo ituna. Horregatik egingarriago eta errealago iruditzen zait beste hiruren arteko gobernua, baina berriz diot, nire gustukoa izango litzateke EH Bildu ere bertan izatea.

Posible ikusten duzu, epe laburrera, UPNkoa edo PSNkoa ez den gobernuburu bat?

Une honetan posible litzateke. Zergatik izan behar da derrigorrez PSNkoa denok nahi dugun Nafarroako gobernu berri horretako presidentea? Nafarroan badira ospe handiko pertsonak, ez daudenak partidu baten edo bestean, jakinduria handikoak, eta Nafarroako presidente izan daitezkeenak.

Zein daukazu buruan, Uxue Barkos?

Ez, Geroa Baikoa da hori. Guztiz independenteak eta inon ez daudenak ere badira eta laurok, baita EH Bilduk eta PSNk ere, onar ditzakegu.

UPN edo PP gobernutik kanpo duen gobernu batek ze aldaketa ekarriko du Nafarroan, ze zentzutan etorriko da aldaketa?

Nafarroak jasan ditu 40 urtez Frankismoa eta beste 40 urtez UPNren gobernuak, sozialistak ere tartean izan badira ere. Hortaz, 80 urte hauei buelta emateko lehenengo jakin beharko genuke zela dagoen Nafarroa, zela dagoen muina: gobernua, ogasuna, ekonomia… 80 urtez makina barruan sartuta egon dira eskumakoak eta gu kanpoan izan gara. Lehenbizi, hori guztia ezagutu beharko genuke.

Geroa Bai aurkeztuko da Europako hauteskundetara?

Ez.

Zeinendako eskatuko du botoa Geroa Baik?

Ez dugu inoiz inoren aldeko botoa eskatu. Hemengo hauteskunde foral eta udalekoetarako sortutako koalizioa da Geroa bai, Nafarroa Bai bezala.

Politikaren bueltan aritu izan zara aspalditik. Euskadiko Ezkerran, Nafarroa Bain…, orain Geroa Bain. Beharrezko duzu politika?

EHAS, HASI eta EKIAn ere aritu nintzen. Gustuko dut politika. Nire pasio nagusia da bizitza, baina politika, medikuntza eta bioetika dira nire zeregin nagusiak, modu batera edo bestera.

ETAk erabaki garrantzitsu bat iragarriko ei du aurki. Ze espero eta ze desio duzu?

Espero dut ETAk behin betiko armak entregatzea nonbaiten eta norbaiti eta nahiko nuke geure bizitzetatik betirako desagertzea ETA.

Prestigiodun medikua zara eta, besteak beste, Bioetika elkarteko presidentea zara. Zer da?

Bioteika ikasi genuen hainbat medikuk sortu genuen elkartea. Horietako asko eta asko Diego Graciarekin ikasi genuen, Madrileko Complutensen. Lagun arteko erakunde bat baino askoz ere gehiago da eta bihurtu da erreferente bat bioetikaren alorrean.

Gaur egun indarrean dagoen Abortuaren Legea egokia iruditzen zaizu?

Bai, jakina.

Eta PPk ezarri nago duen lege berria?

Atzerapauso moral ikaragarria eta politikoki penagarria iruditzen zait. Erabat aurka nago. Gaur egun indarrean dagoen legean bada kasu bat zeinetan adingabeei baimentzen zaien, hala nahi badute, abortatzera gurasoen oniritzirik barik. Eta kasu horrek ika-mikak sortzen dituela badakit. PPkoak legea aldatzen hasi direnean, ordea, beste hainbat gauza ere aldatu nahi izan dituzte. Elizak botere handia du PPren barruan edo PPk beldurra dio Elizari.

Oso gai delikatua da adingabeen hori.

Bai eta eskuma edo ezkerra alde batera utzita ere, urrerazale izan daitezkeenen hainbatengan ere zalantzak sor daitezke horren inguruan. Eta, egia da, halako kasuetan, jeneralean, erabaki bat hartu aurretik, gurasoak ere jakinaren gainean jartzen direla eta haiek diotena kontuan hartzen dutela adingabeek. Baina badira beste kasu batzuk, zorionez gutxienak, halako trantze batean adingabeek gurasoei gaia aipatu ere ezin dietena egin, beldurrarengatik. Kasu horietan nerabearen erabakia da balio duena, medikuak aholkatuta.

Adingabekoei eutanasia aplikatzeko eskubidea aitortu zaie legez Belgikan. Halakorik pentsaezina da hemen?

Ez. Horri buelta eman zaio eta datozen urteotan ere eutanasiaren gaia hizpide izan behar da. Eutanasiaren eta suizidioaren aldekoa naiz. Urratsak ematen hasiak gara. Gero eta normaltasun handiagoarekin egiten dugu berba gai hauen gainean, baina denbora behar dugu. Eutanasia eskatzen ari den pertsona batez ari garenean, benetan sufritzen ari den pertsona batez ari gara. Gaur egun jendartean badago anbiguotasun bat baina baita lasaitasun handiagoa ere gai hauek eztabaidatzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak