Epeleko konpostatze plantak Gipuzkoako etxeetan gaika bildutako hondakin organiko garbia izango du lehengai –hori ere, A+ kalitateko konposta sortzeko diseinatu da–. Azpiegitura horren kostua zortzi milioi euro izango da.
Epeleko konpostatze planta joango den lekuaren irudia.
Errazkinen esanetan, iazko azaroan Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) eta Zubietako planta eraikitzen ari ziren enpresek akordioa lortuta, "Gipuzkoan aukera berri bat zabaldu da politika iraunkorrago bat gauzatzeko".
Bere esanetan, "proiektuari esker, hondakinak kudeatzeko sistema burujabe bat izango du Gipuzkoak, errausketarik eta zabortegi kutsagarririk gabea, ingurumena eta herritarren osasuna errespetatuko dituena eta Europako Batasunaren irizpide eta lehentasunekin bat egingo duena". Izan ere, proiektuaren arabera, 2014-2015 bitartean konpostatze plantak, tratamendu mekaniko-biologikorako planta bat eta hondakin bizigabeetarako gordailu bat eraiki eta, aldi berean, gaur egungo zabortegiak itxiko dira: Urteta (Zarautz), Lapatx (Azpeitia) eta Sasieta (Beasain).
Itxiko diren zabortegiak eta azpiegitura berriak.
Proiektuaren zutabe nagusiak
Honako hauek dira proiektuaren zutabe nagusiak, puntuz puntu:
- Gaikako bilketa %60 izatea 2016rako, GHHKPOk (PIGRUG) jasotakoaren arabera; hau da, 195.000 tona hondakin gaika bilduko lirateke, eta 130.000 tona errefusa izango lirateke.
- Gaika bildutako hondakinak hiru konpostatze plantatan tratatuko dira, dagoeneko lanean ari diren beira, paper eta ontzi arinen zentroez gainera. Lapatxeko (Azpeitia) gaur egungo plantak 3.500 tona organiko tratatuko ditu urtean. Epelen (Bergara) eraikitzen ari direna 10.000 tona tratatzeko gai izango da. 2014 urte bukaeran lanean hastea aurreikusi da. Zubietan beste konpostatze planta bat eraikiko da. Planta hori, hasieran, 20.000-30.000 tona tratatzera irits daiteke, baina malgutasun kontzeptuaren barne, handitu egin lezake ahalmen hori, fluxuen bilakaerari behar bezala erantzuteko. 2015 urte bukaeran hasiko da lanean Zubietako planta. Hiru konpostatze planta horien artean, Gipuzkoan gaika bildutako materia organiko guztia tratatuko da.
- Lehen aipatutako gaikako bilketa tasarekin, 130.000 tona errefus geratuko dira, tratamendu mekaniko-biologikorako (TMB) planta batera eramango direnak, Zubietara. TMB plantak 170.000 tona ere jaso ahal izango ditu urtean, eta 2015 urte amaieran hasiko da lanean. Tratamendu mekaniko-biologikoaren bidez materiaren zati bat berreskuratuko da, gero konpostatu edo birziklatzeko, eta kenduko dira airera doazen isurkin kutsagarriak (gasak) nahiz lur azpira doazenak (lixibatuak). Horrela, berreskuratu ezin diren hondakinak (65.000 tona) bizigabetu egingo dira, eta ez dute ez usainik ez kutsadurarik sortuko.
- Materia bizigabea gordailu batera eramango da. Gordailu horren kokalekua aurten erabakiko da Lurraldearen Arloko Plana aldatzeko prozesuan, eta balizko hainbat aukera aztertu ondoren, legeak agintzen duen moduan. Bizigabeen gordailua ere 2015 urte amaieran hasiko da lanean.
- Azpiegitura hauek eraikitzearekin, itxi egingo dira gaur egungo zabortegiak: Urteta (Zarautz), Lapatx (Azpeitia) eta Sasieta (Beasain). Urtetako zabortegia 2014ko abenduaren 31rako itxiko da; Lapatxekoa, 2015ko apirilean; eta Sasietakoa, 2015 urte amaieran.
Oinarri "sendoa"
"Foru Aldundiaren proiektuari esker, beraz, Gipuzkoak ez du zabortegi kutsagarririk izango; baliabide nahiz diru asko aurreztuko da (Foru proiektuan jasotzen diren azpiegituren kostu osoa 131 milioi euro izango da, erraustegiaren 400 milioi euroren aldean); eta, ehun bat lanpostu zuzen sortuko dira".
Horiek horrela, Iñaki Errazkinek adierazi du Foru Aldundiaren ekimenak hondakinak kudeatzeko sistema "osasungarri, iraunkor eta ekonomiko" bat ezarriko duela, "Europako Batasunak prebentzio, berrerabiltze eta birziklatze arloan ezarritako lehentasunak erabat betetzen" dituena.
Datozen hamarkadei begira, hondakinen arazoari konponbidea emateko oinarri "sendo" bat jarri nahi du egitasmoak, bere hitzetan: "Herritarrekiko konpromiso bat da, datozen belaunaldien eta gure ingurumenaren aldekoa, eta erantzukizunak bultzatuta hartua. Egitasmo honek oinarri sendo bat jarri nahi du, arazo honi konponbidea emateko datozen hamarkadei begira; sistema malgu bat, non azpiegiturak hondakinen sorrera, konpostatze eta birziklatzearen bilakaera sozialera egokitu ahal izango diren. Gure lurraldean ahalik eta adostasun politiko eta sozial zabalena lortu nahi du Foru Aldundiak".
"Etorkizuneko beharretara moldatzen"
"Gaur aurkeztu ditugun azpiegiturek Gipuzkoan egun sortzen den hondakin kopuru guztiari emango diote irtenbidea eta, gaikako bilketa aurrera doan heinean, etorkizuneko beharretara moldatzeko gaitasuna izango dute", adierazi du GHKren lehendakari Ainhoa Intxaurrandietak.
Euren kudeaketaren helburua hondakinik zabortegira ez isurtzea eta horien %100 tratatzea dela azaldu du, eta horrek frakzio bakoitzaren tratamendurako azpiegitura zehatzak eskatzen dituela gaineratu: "Azpiegitura guztietatik nagusiena Zubietan kokatuko da. Hemen Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketarako Zentroa eraikiko da eta osatuko da Bergarako Epelen eraikitzen hasi diren konpostatze plantarekin, dagoeneko indarrean dagoen Lapatxekoarekin, lau transferentzia estaziorekin, bi ontzi arinen plantekin eta 20 garbigunerekin. Horiez gain, hondakin inerteen gordetegi bat eraikiko da".
131 milioi euro
Azpiegitura horien kostua 131 milioi eurokoa izango da: Zubietako Hondakinen Kudeaketarako Zentroa 71 milioi euro kostako da; Epeleko konpost planta, zortzi; eta lur erosketak, azpiegituren eguneratze lanak, transferentzia estazioak eta inerteen biltegia, 52.