Aljeriako Cevital enpresak erakutsi du Fagorrekiko interesa; Frantziako Brandt planta eta Euskal Herriko Garagartzako eta Eskoriatzako produkzio zati bat berreskuratzekoa, zehazki. Eskoriatzan elektrotresna txikiak eta lapikoak egiten dituzte, eta "Garagartzako kasuan, labeen eta sukalde-gainekoen lerroen negozioarekiko" interesa erakutsi du konpainiak, Fagorreko iturriek Goienari adierazitakoaren arabera. Operazioaren zenbatekorik ez dute zehaztu, baina bai 300 bat lanpostu berreskuratzeko aukera ekarriko lukeela. Edozelan ere, "behin lantegiak kanpoko enpresa batek erosi ostean, SA bilakatuko lirateke seguru aski, eta ez dakigu ze baldintzatan bueltatuko liratekeen langile horiek; dena den, hori espekulazio hutsa da", azpimarratu dute Fagorreko iturriek.
Azken erabakia
Izan ere, azkeneko erabakia Mondragon Taldetik eta Debagoienetik kanpo dago. "Frantziako operazioa aurrera ez badoa, hemengoa ere ez. Eta Frantziakoak aurrera egiten badu, berriz, hemengoak ere aurrera egiteko aukera dauka, baina ez dauka zertan automatikoa izan. Izan ere, azkeneko erabakia administratzaile konkurtsalek daukate, eta Frantziako eta Espainiako administratzaile konkurtsalak desberdinak dira". Haien erabakia jakiteko, otsailaren 27ra arte itxaron beharko da.
Fagor Etxetresnek egoera zaila bizi dutenetik –hartzekodunen konkurtsoan daude pasa den azarotik– bideragarritasun "handiena" erakutsi duten produkzio lerroetako bi dira Garagartzakoa eta Eskoriatzakoa, eta Bergarako Geyser-Gastech lantegikoa da beste bat; berogailu elektrikoak egiten dituzte bertan eta Vaillant eta Fagor Etxetresnak konpainiek enpresaren %50 dute bakoitzak.
Cevital, "jatorri frantsesa" duen konpainia
Cevital enpresa aljeriarra da, baina "jatorri frantsesa" dauka, eta hala iritsi da Brandt-ekiko interesa erakustera, Fagorreko iturriek jakinarazitakoaren arabera. "Diru asko dauka, eta lehenago ere erosi izan dituzte lantegiak Frantzian. Horrela iritsi dira Fagorrera. Fagor Etxetresnetako zuzendari Sergio Treviño Frantzian ibili da negoziaziotan, bai, baina konpartsa moduan, konkurtso legean sartuta gaudenez, azkeneko berba administratzaile konkurtsalak duelako".
Afrika iparraldeko industria talde handienetakoa da Cevital. 19 filial ditu eta hainbat sektoretan dihardu: nekazaritza-elikagaiak, siderurgia, energia, automobilgintza, banaketa eta etxetresna elektrikoak. 13.000 langilek dihardute horietan lanean. Zabaltze garai betean aurkitzen da egun.