Erresuma Batuko gobernu erakundeek irekitasunaren aldeko eraldaketa digitalean dihardute 2010etik. Estoniarekin batera, Europako estaturik aurrerakoiena da open data eta zerbitzu publiko digitalei dagokienez. Britainiarrek jada notario-ahalordeak ala espetxe bisita-orduak Internet bidez eska ditzakete. Hori gutxi balitz, berriki iragarri da gobernu-erakundeetan software askea ezartzeko asmoa dagoela. Iragarpena da oraingoz baina konpromisotik asko dute asmo berriek.
Erakundetze digitala
Software pribatiboa uzteko iragarpenak aurrerapen digitalaren lehen lerroan kokatu du atzera ere Erresuma Batuko gobernua. Aurkeztutako txosten baten jasotzen du estatuak 200 milioi libera aurreztuko dituela software aldaketarekin. Oraingoz, asmo hutsak besterik ez badira ere, ez litzateke britainiar gobernuak gauzatuko lukeen lehen eraldaketa digital handia. 2010ean biztanleriaren %100ak Internet sarbidea izateko plana abiarazi zuten. Gaur egun oraindik ere herritar poltsa handiek konektatu barik jarraitzen badute ere, plangintzekin aurrera jarraitzen du gobernuak.
Lantalde digitaka izaten lehen ministerioa Justiziakoa izan zen eta ziurtagiri digitalen bitartez izapidetzeak egin daitezke jada, notario-ahalordeen eskaerak, kasu. Ministerio horrez gain, erakunde-egitura osoa digitalizatzea da helburua eta, horretarako, Government Digital Services Team lantaldeak Gov.uk webgune zentrala berdiseinatu du diseinatzaile. produktu arduradun eta eduki kudeatzaileekin. Herritarren informazio eskaera eta beharrak aztertu eta eskatzen den hori ematen zaio herritarrari, hain ohikoak izaten diren albiste, argazki, informazio atal eta abarrekoak alde batera utzita.
Informazioa eta bilatzailea
Hain zuzen, Gov.uk-en deigarria da ze direktorio soil bat eta bilatzaileak dira protagonista baina, hala ere, iazko Erresuma Batuko web diseinuko sari nagusia jaso zuen. Herriarrei zerbitzua ematea du lehentasun webguneak eta arrakasta lortu du. Erabaki guztiak erabiltzaileengan pentsatuta hartzen dira eta ondo ulertu ei dituzte herritarren beharrak: garraioa, lan-kontratuak, zergak, diru-laguntzak eta negozioak dira webguneko kategoria nagusiak, hain zuzen; herritarrek bilatzen dituzten gai nagusiak. Aktualitaterik ez da jasotzen, ez da politikarien argazkirik ezta prentsa-oharrik; gurean egiten den planteamenduaren oso kontrakoa da hori, hain zuzen. Informazioa da zentrala eta herritarren behar administratiboei irteera ematea, lehenik eta behin.