Umetatik ondo jaten ikasiz gero, medikuaren beharrik ez

Leire Kortabarria 2014ko ots. 17a, 12:07

Urgain eskolako ikasle batzuk, Fruta Egunean; martitzen eta eguenetan, frutak ipintzen ditu ikastetxeak ikasleen eskura.
Ume batek 100 gramo gomazko goxoki jaten dituenean, 360 kaloria eta egun osorako behar duen azukrearen erdia jaten du, eta kolazko edari freskagarri latatxo bat edaten duen bakoitzean, 10 goilaratxokada azukre irensten ditu.

Azkenik, txokolatezko palmera bat edo esne-gainez betetako opil industrial bat jaten badu, beste 400 edo 450 kaloria kontsumituko ditu, egunean behar dituen kalorien ia herenak, eta koipe trans eta kolesterol mordoa.

Otordu bizkorretako jatetxeetan saltzen diren hanburgesak ez ditugu aipatuko, izan ere, horiek ez dira arazo Debagoieneko umeen elikaduran, "aste bukaera bat edo beste" kenduta; benetako arazoa litxarreriak eta opil industrialak dira. Debagoieneko Erakunde Sanitario Integratuko (ESI) Pediatria buru Daniel Jimenez Villarrealek diosku. Berak eta Agustin Rodriguez pediatrak Debagoieneko Ume-Loditasun Klinikan jarduten dute. 120 bat umerekin dihardute orain. Badira ia hiru urte klinika edo unitate berezi hori ireki zela. Lana etengabekoa da, eta emaitzak poliki-poliki ikusten dira: "Lehenengo emaitzak hasi eta urte eta erdira lortu genituen". Agustin Rodriguezek dioenez, "umeak etxean ikusten duena ikasi eta egingo du eta, 3-4 urte dituenetik ondo jaten ikasten badu, 18 urte dituenean ere ondo jango du. Askoz errazagoa da ohitura onak txikia denean erakustea, handiagoa denean ohitura txarrak aldatzea baino". 

Lehen pausoa, armosua 

Ohiturak eta mentalitatea aldatzeko, Loditasunaren Klinikan beti leku beretik hasten dira: "Umea kontsultara datorrenean, lehenengo-lehenengo armosuaren garrantzian eragiten dugu", esaten dute pediatrek. Izan ere, Loditasun Klinikara doazen "ume gehienek oso gaizki armosatzen dute". Eta Jimenez doktoreak ematen dituen datuek ez dute komentariorik behar: "Kontuan hartu behar da umeen %8k ez dutela inongo armosurik hartzen, eta hartzen dutenetatik askok ez dutela egoki armosatzen. Ondorioz, umeen %8k armosatzen dute ondo". 

Armosatzen dutenen artean, "askok bakarrik esnea, edo esnea eta galletak… jaten dituzte, eta horregatik, gosari horiek ez dira osoak".

Adi zuku eta zerealekin 

Argi dago, hortaz, armosua oso-oso garrantzitsua dela osasuntsu egoteko eta pisu egokia izateko. Agustin Rodriguez pediatrak laburtzen digu zer den armosu osasuntsua: "Esneki bat izan behar du –esnea, jogurta, gazta edo gatzatua–, zereala –ogia, zerealak edo galletak–, fruta –pieza bat edo zukua– eta proteina bat gehitu diezaiokegu, Yorkeko urdaiazpikoa, adibidez. Opil industrialak, gehienez ere, astean behin jan daitezke".

Baina, kontuz: "Dendan erositako zukuak eta etxean egindakoak ez dira berdinak, inondik ere; dendakoek askoz azukre gehiago izaten dute", ohartarazten du Rodriguezek.

Bestalde, "esnekiak koipe gutxikoak izatea komeni da; erdi-deskrematua da egokiena".

Zerealek ere, askotan, azukre gehitu asko edukitzen dute, hau da, ekoizleak ipintzen diena. Horri gehitu behar zaio etxean norberak ipintzen diena. Horregatik, hau diote medikuek: "Umeak gusturago jango ditu azukre edo txokolate gustua duten zerealak, baina ez dira egokiak. Azukre larregi ez dutela begiratu behar da".

Beraz, dendan erosten diren produktuen etiketak ondo irakurri behar dira, kontuan izanda azukre hitza batzuetan ez dutela ipintzen, eta azukre kantitateak karbohidrato gisa ematen dituztela (azukrea karbohidrato mota bat da; baina karbohidrato guztiak ez dira azukrea).

Prebentzio lana 

Doktoreen esanetan, elikadura ohitura txarrak dituzten ume eta gaztetxoen armosuak aldatzeak "lauzpabost hilabete har ditzake, baina, azkenean lortzen dugunean, tratamenduaren aldeko puntu garrantzitsua da eta gainerakoa berez dator. Ordea, umeak ez badu bere egiten ondo armosatu behar duen ideia, ez dugu ezer lortuko". 

Hain zuzen, ikastetxeek antolatzen dituzten jardunaldietan, ikasleekin prebentzio lana egiten dute, ohitura onak eta osasuntsuak garaiz erakutsiz. 

Ikastetxeen curriculumean 

Armosu onetik hasita, eguneko beste otorduen gaineko informazio gero eta gehiago dago eta gero eta kontzientzia handiagoa dute gurasoek eta baita umeek eurek ere. Ikastetxeek ere badihardute horretan lanean. Arrisku handiena litxarreriak eta opil industrialak dira, are gehiago horiek etxetik eroaten dituztelako umeek edo, bestela, oso eskura izaten dituztelako: "Errazagoa da umea opil industrial batekin bidaltzea eskolara fruta edo barratxo egoki batekin baino". Eta gainera, batzuetan hain eskura dauden vending makinetan izaten dituzte horrelako produktuak.

Arrisku hori txikitzeko, gero eta ikastetxe gehiago dabiltza jardunaldi bereziak egiten, batez ere Eskola Agenda 21 barruan Elikadura lantzen dabiltzanetik. 

Hala, Oñatin, adibidez, Elkar Hezi ikastetxean abendua ezkero dabiltza eduki bereziak lantzen: garaian garaiko errezetak, elikagaien kontserbazioaren gaineko saioa, Maialen Arrazola aditu oñatiarrak gidatuta; Goazen merkatura izeneko tailerra; El plat o la vida dokumentala ikustea… eta, datozen asteotan, eskola-baratzerako lanabesak diseinatuko dituzte DBHko ikasleek, eta Ikastetxeko ikasleek zer eta nola gosaltzen dute? izeneko ikerketa egingo dute, inkesta bidez, eta horko emaitzen arabera zehaztuko dute datorren urteko ekintza plana.

Urgain Eskolan, Zuazola Larraña BH Institutuko ikasleekin, Elikadura Jasangarria dabiltza lantzen VII. Kultur Jardunaldietan eta Eskola Agenda 21en barruan. Hamaiketako Osasungarriak egiten dituzte: astelehen, eguazten eta egubakoitzetan, tortilla-pintxoak ematen dituzte hamaiketako gisa, eta askotariko ogi motak eskaintzen dituzte; eta martitzen eta eguenetan, Fruta Eguna egiten dute: fruta eskaintza bariatua ipintzen dute ikasleen eskura. Elikadura Jasangarria tailerrean, Amaia Diaz de Monasterioguren dietistarekin, armosu osasungarria landuko dute. Eta Txokolate Tailerra ere egingo dute, Oñatiko Txokolateixako Anton Azpiazurekin.

Urgainen Eskola Agenda 21ren ardura daraman Amaia Agirrek honela azaltzen digu programa horren helburua: "Elikadura curriculumean dago gai gisa, baina orain garrantzi handiagoa eman gura izan dio zentroak, kontzientzia lantzeko. Eta orain arte, pozik gaude: Fruta Egunean eta ogi mota desberdinak probatzen ikasleak gustura ibiltzen dira, eta irakasleak ere bai, ekintzak denondako direlako".

Beste helburu bat aipatzen du Amaia Agirrek: "Hemengo produktuei garrantzia eman gura diegu, eta elikadura jasangarria  izan dadin". Horretarako ere, gozogintza tailerrak egingo dituzte. Izan ere, etxean egindako gozoak beti dira dendan erositakoak baino osasungarriagoak.

Txantxiku Ikastolan, beste ekintza batzuen artean, LH 1ekoekin Jatordu Osasungarriak egiten dituzte: elikadura mundura lehen sarrera. LH 4koekin, Osasuna eta Elikadura lantzen dute, unitate didaktiko batekin; eta LH 5ekoekin dieta orekatua, nutriziaren oinarriak… jorratzen dituzte.

Bailarako lehen datuak 

Bestalde, iaz hasita, Debagoieneko ESIko Ume-loditasun Klinika eta Debagoieneko ikastetxeak proiektu bat aurrera eroaten dabiltza. Klinikaren iniziatibaz, Debagoieneko umeen eta gaztetxoen pisuaren gaineko datuak egongo dira. Horretarako, Ume-loditasun Klinikakoak eskolaz eskola doaz, mailaz maila umeak pisatzen, altuera neurtzen eta koipe portzentajea ere neurtzen, galdera batzuen bidez, bestelako datu batzuk jasotzen: elikadura eta ariketa fisiko ohituren gainean galdetu diete. Orain arte egindakoa laburtzen digute: "10 eta 12 urte arteko ume guztien datuak batu ditugu, 1.100 eskola-ume, eta 6 eta 9 urte artekoen datuak bilduko ditugu orain. Denetara 4.000 bat ikaslek hartuko dute parte".

Proiektu horren atzean oso talde bariatua dago: pediatrez gain, ikastetxeak, gurasoak, kirol teknikariak, dietistak eta nutrizionistak, psikologoak…

Jimenez eta Rodriguez pediatrek esaten dutenez, datu guztiak dituztenean eta behin ondorioak aterata, "ikastetxean eta familian" parte hartu ahal izango da.

Modu batera edo bestera, neurriz gaineko pisua prebenitu egin behar da, eta medikuek esaten digute zergatik: "Gure klinikako umeek autoestimu arazoak dituzte, mugitzea zailago egiten zaielako eta pisu handiagoa dutelako. Kolesterol eta hipertentsio arazoak oraindik ez dituzte, baina laster ikusiko ditugu, helduetan agertzen diren arazoak nerabe horietan agertuko direlako".

----------

Nahikoa dira goizero-goizero 10 minutu gehiago

Debagoieneko ikastetxeak orain dela urte batzuk hasi ziren elikadura osasuntsuan eragiten, eta gehienek egiten dute armosuaren gaineko ekintzaren bat: egunotan, Oñatiko Elkar Hezi ikastetxean Gosari Osasuntsuak jardunaldia egin zuten, eta Aretxabaletako Kurtzebarri Eskolan, Bihotz Bizi Elkartearen eskutik, Gosari Bihotz Osasungarriak egin zituzten LH 5eko 38 ikaslek; bihar, martitzena, Arizmendi Ikastolako 40 ikaslek egingo dute ekintza bera, eta oro har, Debagoieneko ikastetxe gehienek egiten dute antzeko jardunaldiren bat ikasturtean zehar. Saio horietan, dietista edo nutrizionista batek egoki eta osasuntsu armosatzea zer den azaltzen die eta, gero, armosua hartzen dute. Aurten, are arrazoi handiagoarekin, Eskola Agenda 21 barruan dabiltza lantzen, Elikadura delako gaietako bat.

Dietistek azpimarratzen dute ez dela ahalegin berezirik egin behar ondo armosatzeko: nahikoa da 10 minutu lehenago jaiki, presarik gabe ibiltzeko, eta gorputzari eta buruari behar duten erregaia eman.

-----------

Bazenekien…?

-Ikerketa baten arabera, Espainiako eta Hego Euskal Herriko telebistetako iragarkien erdiak baino gehiago janari eta edari ez osasungarrienak dira.

-Familiarekin jaten duten umeek fruta eta barazki gehiago jaten dute. Eta frutak eta berdurak gurasoek mozten zizkieten umeek gehiago jaten zituzten.

-2 eta 6 urte arteko 120 umeri 73 produktu eskaini zizkieten. Bada, gurasoek erosten zituzten produktuak aukeratu zituzten.

----------

Agustin Rodriguez eta Daniel Jimenez (ESIko pediatria saileko loditasun klinikako medikuak): "Familiak bat egin behar du tratamenduarekin"

Zuen pazienteetan, ze lotura ikusten duzue armosu edo gosari txarraren eta loditasunaren artean?

Agustin Rodriguez: Gure kontsultako gehienek oso gaizki armosatzen dute. 

Daniel Jimenez: Gainera, hona datozenean, lehenengo-lehenengo bultzatzen dugun aldaketa armosua da. Askotan, hilabeteko lana egiten dugu umeek ondo samar armosatu dezaten lortu arte. Ez da gauza erraza. 

AR: Guk, helduok, gure buruari galdetuz gero egoki eta osasuntsu armosatzen dugun, ea zenbatek jasoko genukeen eskua! Normalean, jendea presaka dabil goizetan. Aste bukaeretan denbora luzeagoa hartzen dute.

Loditasunean, maila sozioekonomikoak eragiten du?

D.J.: Latinoamerikan uste zen zenbat eta maila sozioekonomiko eta kultural txikiagoa, orduan eta loditasun arazo handiagoa zegoela. Euskadin, klase ertain handia dago eta arazoa berdin-berdina da: ume lodiak edo behar baino pisu handiagokoak daude ekonomia eta hezkuntza maila oneko gurasoekin.

Zergatik kostatzen da hainbeste arazoari buelta ematea?

A.R.: Azkenean, heziketa kontua da, eta heziketa kontuak aldatzea ez da samurra. 

D.J.: Ahalegin guztia egin dezakezu, baina, ez baduzu lortzen pazienteak eta bere inguruneak tratamentuarekin bat egitea, haien mentalitatea aldatzea, alperrik zabiltza. Ume bat neumoniakin etortzen bazait, diagnostikoa egingo diot, tratamendua ipiniko diot eta 10 egunean osatuta egongo da; baina familia, psikologia, elikadura, ariketa, autoestimua…bezalako faktoreetan eragin behar baduzu, zailagoa da eta luzeago jotzen du. Loditasun Klinikak ia hiru urte daroa zabalik, eta hasi eta urte eta erdira hasi ginen emaitzak ikusten.

Gosariaz gain, ze beste otordu egin behar ditu umeak?

D.J.: Asko azpimarratzen dugu bost otordu nagusi daudela: armosua, goiz erdiko otordua, bazkaria, merienda eta afaria. Produktu industrializatuek beti gehigarri bat dute, azukre edo koipe aldetik. Goiz erdian eta meriendan, janari naturalagoak gomendatzen ditugu: fruta, azukre larregi ez duen zereala, urdaiazpiko edo koipe gutxiko gazta ogitartekoa… Beretako erakargarriak diren aukerak eman behar zaizkio.

A.R.: Eta afaltzeko, zer bazkaldu den kontuan hartu. Okelaren proteina bat bazkaldu badu, arraina afaldu dezake. Eskola-jantokietan bazkaltzen dutenez ume askok, horko dietak kontuan hartu behar dituzte gurasoek, etxean eta aste bukaeretan antolatzeko.

Zenbat ariketa fisiko egin beharko lukete umeek?

D.J.: Egunero ordu erdi ibiltzea eta egunero ordu bete ariketa egitea gomendatzen da, baina ez dute egiten. Astean bost ordu egin dezaten nahikoa da, eta eskolako gimnasia orduekin ez da hori betetzen. Gaur egungo jostailu modernoek eta gainerakoek ez dute uzten behar adinako ariketa egiten, eta sedentarismoa bultzatzen dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak