Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailak azken hilabeteetan martxan jarri duen Innobideak estrategiaren barruan dago esandako programa. SPRI, Foru Aldundiak eta Euskalit arduratuko dira programa aurrera eramateaz.
Helburua da enpresa kudeatzeko metodologia, erreminta eta printzipio berritzaileak ezartzen laguntzea, Kudeaketa Aurreratuaren Eredua erreferentzia gisa hartuta, eta euskal industria-enpresak lehiakorragoak izatea.
Ezagutzaren kudeaketa, kalitate osoa, kudeaketako bikaintasuna, berrikuntza eta gizarte-erantzukizuna eta beste esparru batzuetan kudeaketa modu berrien gaineko orientazioa eskaini nahi zaie enpresei.
Programan parte hartu nahi duten enpresek www.kudeabide.com helbidera jo besterik ez dute. Datozen asteetan, aurkezpen teknikoak egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen.
Gutxienez, bost langile
Bost langileko edo gehiagoko enpresei zuzendutako programa da. Honako enpresa motak izan behar dira: erauzteko, transformatzeko eta produzitzeko industria-jarduerakoak; jardueren produkzio-prozesuei lotutako zerbitzu teknikoak eskaintzen dituztenak; edo informazioaren eta komunikazioaren gizartearen arloko enpresak. Sozietatearen egoitza edo lantokiren bat EAEn egon behar da.
Programak bi fase proposatzen ditu enpresendako:
1. Lehenik, enpresaren kudeaketaren gaineko diagnostiko zehatza osatu beharko dute, Kudeaketa Aurreratuaren Ereduaren erreminta erabilita.
2. Enpresak ekintza-plana osatu beharko du.
Hortik aurrera, lehenengo, plan pilotua egin beharko dute, eta gero etorriko da kontsolidazioa.
Diruz lagundu daitezkeen kontsolidazio-proiektuek hasierako kontraste-txostenari erantzun behar diote, eta enpresak osatutako ekintza-planean egin behar dira.