Orokorrean, haizeak 80 eta 90 km/h bitartekoak izango dira Gipuzkoan eta Bizkaian eta 80 km/h-koak Araban. Toki agerietan, ufadak 100km/h-tik gorakoak izan litezke, eta mendialdean, berriz, 120km/h-koak. Itsasoan ere, olatu handi samarrak izango dira, baina ez aurreko astekoak bezalakoak. Atzo, otsailaren 13, olatuak lau eta bost metro bitartekoak izan ziren, eta gaur, aldiz, hiru eta lau metro bitartekoak espero dira. Domekan, 5 metrora irits litezke euskal kostaldean.
Egunaren bukaeran haizea moteldu egingo da, eta egun guztian zehar tenperatura berdintsu mantenduko da. Egun epela espero da gaurkoa, 20 ºC-ko maximekin Kantauri-isurialdean. Asteburuan, berriz, tenperaturek behera egingo dute eta prezipitazio apalak iragarri ditu Euskalmetek. Domekan, 800 metrotan elurtu dezake.
Haizearen kontrako neurriak
Alerta laranja dela eta, Segurtasuneko sailak kontutan hartzeko hainbat neurri azaldu ditu. Etxean edo lanean daudenei, hainbat ardura hartzeko eskatu die: ate, leiho eta toldoak ixteko; balkoi eta leihoetatik objektu guztiak erretiratzeko; eta mugitu daitezken obretako makinak segurtatzeko. Kaletik doazenentzat, berriz, hainbat aholku eman ditu sailak: egoera txar edo arriskutsuan egon litezken eraikin edo objektuetatik aldentzea, errepideak saihestea edo arretaz gidatzea, eguneko ibilbideko lekuetako eguraldiaz informatzea eta olatuen eragina jasan lezaketen tokietatik aldentzea.