Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek lagunduta egin du Eustatek familia-errentaren estatistika, eta datuak argitaratu berri ditu. Bi urtean behin egiten du estatistika hori.
2011n, Euskadiko familia-multzoaren batez besteko diru-sarrerak errenta pertsonalaren bikoitza dira: 2,1 aldiz handiagoak, zehazki. Familia-errenta familiako kide guztien batez besteko diru-sarrerak batuz lortzen da. Bizkaiak 41.476 euroko batez besteko familia-errenta dauka, eta Arabak, 41.727 eurokoa.
Euskal Autonomia Erkidegoko familia-errenta %1,3 txikitu da 2009tik 2011ra bitartean, eta Araban txikitu da gutxien: %0,7. Gipuzkoan, %0,8 txikitu da, eta Bizkaian, %1,7.
Batez bestekoez haratago, baina, alde handiak daude. Hala, euskal familia gehienek (%62,5ek) batez bestekoaren azpiko errenta dute, edo errentarik ez. Familien %3,2 ez du inongo errentarik aitortu 2011n. Beste muturrean, familien %9k (76.329 familiak) batez bestekoa baino bi aldiz gehiago, edo hortik gora jaso zuten: 84.000 euro pasa. Euskal familien erdien errenta 34.104 euro baino txikiagoa da.
"Genero-arraila dago"
Sexuaren araberako desberdintasun handiak daude ere: errenta-jasotzaile nagusia gizonezkoa denean, batez besteko diru-sarrerak 46.513 eurokoak dira, eta familia horiek errenta-jasotzearen araberako erdi eta goi multzoetan daude; aldiz, errenta-jasotzaile nagusia emakumezkoa denean, familiaren batez besteko errenta 34.717 eurokoa da, eta beheko errenta-geruzetan dago familia. Eustaten arabera, "genero-arraila bat dago" errentari dagokionez.
Hiriburuen artean, Donostiak du familia-errentarik handiena, 48.741 euro; Gasteizek 42.054 eta Bilbok 41.920. Familia-errentarik handiena duen euskal udalerria Laukiz da, Bizkaian: 93.161 euro. Araban, Arrazua-Ubarrundiak, 70.355 euro, eta Gipuzkoan, Aramak, 62.275. Beste muturrean, familia-errentarik txikienak hauek dituzte: Araban, Bilar (25.826 euro); Bizkaian, Karrantza Harana (28.030 euro); eta Gipuzkoan, Pasaia (33.249 euro). Familia-errentarik handiena eta txikiena duten udalerrien arteko tartea 67.335 euro baino gehiago da.