Kutxabanki IRPHrengatik erreklamazioa egiteko batzarra deitu dute

Leire Kortabarria 2014ko ots. 11a, 09:52

Debagoieneko Kaleratzeak Stop plataformak batzarrera deitu ditu IRPH indizea dutenak. Eguenean, hilak 13, Arrasate Pasealekuko 3. zenbakiko lokalean batuko dira, 18:30ean. Bestalde, hilaren 17an, astelehena, Ada Colauk Donostian egingo duen prentsaurrekora joatera animatu dute.

Egueneko batzarraren gainean, hauxe diote: "Denon artean, nola antolatu eta Kutxari nola erreklamatu planteatuko dugu, behingoz Euribor + 1 indizea ezarri diezagun". Euren esanetan, Kutxak "iruzur" egiten die, oraindik IRPHren arabera kobratzen dituelako hainbat hipoteka.

Kutxabankek onartu zuen IRPH indize kadukatuaren ordez Euribor + 1 erabiltzea, baina hipoteken aurtengo errebisioa oraindik egin ez dutenek IRPHren arabera ordaintzen jarraitzen dute.

Kaleratzeak Stop plataformak dei egiten du ere otsailaren 17rako. IRPHk Kaltetutako Plataformak, Gipuzkoako Kaleratzeak Stop-en laguntzarekin, salaketa ipini dio Kutxari, eta salaketa horri dagokion aldez aurreko bista egun horretan izango da. Horregatik, Espainiako Kaleratzeak Stop plataformako bozeramale Ada Colauk prentsaurrekoa egingo du, eta "estatu osoan milioi bat lagun baino gehiagoren hipoteketan IRPH indizeak aplikatu izana salatuko da" prentsaurrekoan.

Besteak beste, Lorenaren kasua azalduko dute: "Kutxak babes ofizialeko etxebizitza kendu zion 2.000 euro baino gutxiagoko zor batengatik, abusiboak aitortu izan dituzten klausulekin eta IRPHrekin. Gaur egun Lorenak bere etxean eusten dio eta Kutxaren aurkako beste salaketa bat ipini du", esaten dute.

Salaketa hori egiteaz gain, "EAJ, PSE, PP, CCOO eta Pixkanakaren babes aktiboarekin" Kutxak egiten dituen "praktika lukurrak (usureroak) salatzeko" balio izango du prentsaurrekoak, antolatzaileen esanetan. Hauxe gaineratzen dute: "Guk, EAJ, PSE, PP, CCOO eta Pixkanakak ez bezala, Kutxak eta Kutxabankek publiko izan behar dutela uste dugu, baina ez dugu euren ereduan sinisten; ezin gara ados egon "kaleratzen ez duen banku bat pentsaezina dela" esaten dutenean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak