Fagor, Grumal eta Edesako bazkide ez diren langileendako irtenbidea eskatu du ELAk

Ubane Madera 2014ko ots. 11a, 08:53

ELAko ordezkariak prentsaurrekoan, atzo, astelehena.
"Babesik gabeko egoera latz honetan daude Grumal eta Edesa lantegietako bazkide ez diren langileak; enpresa batek ere ez du ardura bere gain hartzen; ez dago bilerarik egiteko aukerarik, eta erakundeek ere ez dute laguntzarik ematen". Modu horretan salatu du ELA sindikatuak Fagorren baitan lanean ziharduten langile ez bazkideen egoera. Diote soldatapeko langile horiekin jarraitzeko asmorik ez dutela.

Salaketa hori abiapuntu, ELA sindikatuak mezu argia helarazi gura izan die erakundeei: "Fagor Etxetresnak edo MCCk jaso dezakeen diru publikoa medio konplize bilakatuko lirateke Fagor Etxetresnak, Grumal eta Edesako bazkide ez diren langileen kaleratzeetan". 

ELA sindikatuak adierazi du Fagor Etxetresnak taldeko arduradunen batekin bildu izan denean "gauza bakarra" utzi dietela argi: "Besteren kontura diharduten langileekin (hots, soldatapekoekin) jarraitzeko asmorik ez dute. Mondragon Taldea nahiz Fagor Taldea ez dira agertu ere egin prozesu honetan, administrazio konkurtsalak kudeatu behar duelako aitzakiaz". Administrazio konkurtsaleko iturriak ere aipatzen ditu ELAk baieztapen hori egiteko.

"Tratu txarra langileei"

Horrekin batera, ELAk Fagor Etxetresnen eta MCCren jarrerak salatu ditu, esanez  "multinazionalik gogorrenak" ere ez diela "tratu hain txarra eman langileei eta hauen ordezkariei: komunikazio eza, bilerak egin ezina, erantzunik ez gure galderei, besteren konturako langileekiko erabateko mespretxua, irtenbideak bilatzeko borondaterik ez, e.a."

Bukatzeko, Mondragon Taldeko zuzendaritzari eta erakunde publikoei dei egin diete "irtenbide bat bilatzen saiatu" daitezen, "besteren konturako langileei Fagor Etxetresnetako bazkideen antzeko tratua emate aldera; justizia kontu bat da", uste du sindikatu abertzaleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak