Debagoiena ez dago joera horretatik kanpo, Pello Zabala frantziskotarrak Arantzazuko Santutegian egindako ezteien gainean ematen dituen kopuruek agertzen duten moduan: 1945a ezkero (urte horretan 46 eztei egin ziren), pixkana-pixkana gora egiten du kopuruak, eta 60ko hamarkadatik hasi eta 80ko hamarkada erdialdera dago bere onenean, hiru digituko kopuruekin; urte onena 1974a izan zen, 247 ezkontzarekin. 1984tik aurrera, beherako joera hasten da. 2012an, 10 ezkontza ospatu ziren Arantzazun; iaz, 8. Aurten, 6-8 ezkontzaren bueltan ibiliko direla esaten du Zabalak; tartean, "Donostiako bikote bat eta AEBetan bizi direnak".
Urteetan egon den aldaketa honela azaltzen du Zabalak: "Garai baten, elizan dena latinez egiten zenean, ospakizun familiarrak egiten ziren. Komeni zen egunean, bi familiak batuta 12 eta 20 lagun artean batuko ziren. 1945 eta 1955 urte artean 260 eztei-edo izango genituen; egun baten, hiru eztei, sei, zazpi… batzuk kaperatxo baten, beste batzuk ermitan, aldare nagusian edo ezkinako beste aldare baten… Eta ez zen zapatuetan ere izaten, hantxe bertan bazkari legea egin eta horrela egiten zuten".
Gerora, "batez ere herri-hizkera erabiltzen hasi zenean, koadrilan ospatzen hasi ziren, despedidak hasi ziren… eta orduan eztei gutxiago ospatzen ziren Arantzazun, baina hala ere, 80 bat edo, eta gehienak zapatuetan. Horrek beste ospakizun giro bat ekarri zuen". Urte horietan hasi zen aldaketa: "Ezkontza zibilerako joera etorri zen; edo eliza handiek hartzen duten karga hartu beharrean, ermita baten ezkontzeko joera", jarraitzen du Zabalak.
Bedoña, gustukoena
Arantzazura kanpotik etortzen dira zenbait bikote, bereziki Gasteiztik. Baina Debagoienekoak ere joaten dira kanpora ezkontzera. Izan ere, norberak gura duen elizan eska dezake ezkontzea. Arrasateko San Juan Bataiatzaileko parroko Horazio Argaratek honako zifrak ematen dizkigu: "Urtero 10 bikote ezkontzen dira elizatik, erdialdean edo auzoetako elizetan; eta kanpoan ezkondu gura duten Arrasateko bikoteendako, urtean 20 bat espediente prestatzen ditut". Bere esanetan, Arrasaten, betidanik Bedoña izan da gustuko leku bat ezkondu gura zuten bikoteendako; baita Uribarri, San Isidro eta San Juan ere eta, asko urrundu barik, Dorleta eta Arantzazu. Baina, azkenaldian, bikote askok Donostiara jotzen dute ezkontzera. "Askotan, jatetxearen arabera hartzen dute eliza ere; eta azkenaldian, autobusak hartzea ere boladan jarri da", azaltzen du Argaratek.
Berba egiten duen kandela
Jende askok jakin ez arren, ezkontza katolikoaren erritua oso malgua da eta bikote bakoitzak bere erara antola dezake. Beharbada, ospakizuna gehien markatzen duena meza egitea edo ez egitea da, horixe ere bikotearen esku baitago. Ezkontideek esaten dituzten hitzak ere norberak presta ditzake, ez dago zertan formula jakin bat jarraitu. Musika, eliza apaintzeko loreak… ere aukera daitezke, eta errituan zehar musika instrumenturen bat jo, bertso batzuk esan… hori ere aukeran dago. Pello Zabalak dioenez, bera orain 15 urte hasi zen bikoteei galdetzen mezarekin edo mezarik gabe nahi ote zuten. "Irakurgaiak egiten ditugu eta, gero, bikotearen berbak dira garrantzitsuak, elkarri baietza ematea. Eta beste zentzu zelebratiboago bat hartzen du ospakizunak, ez hain elizkoia".
Zabalak proposatzen duen beste detaile bat da ezkontzan kandelatxo bat isiotzea eta bikoteak kandelatxoari berbarazi egitea: "Kandelatxoak berba egiten du: hemen nago, zuek urduri-urduri zeundeten elkarri baietza eman diozuenean… Oso gauza xaloa da, eta era berean, oso goxoa eta oso polita".
Dena dela, Horazio Argaratek dioenez, Arrasaten ezkontzen diren bikote gehienek bide tradizionaletik jotzen dute: "Gehien kentzen den zatia elkarrekin txanponak trukatzearena da; izan ere, mamu antzeko bat geratu da, txanpona horiekin gizonak emakumea erosi egiten duela, eta ez da horrela; ondasunak elkarrekin trukatzea adierazten du ohitura horrek, ezkondutako bizitzan izan behar lukeen moduan. Baina, uste txar horregatik, jende askok kendu egiten du zati hori".
Gipuzkoako beste herri batzuetan, berritzeko joera handiagoa ikusi du Argaratek, Arrasaten baino: "Beste leku batzuetan, sormen handiagoa dute. Ni abade izandakoa naiz Lasarten eta Usurbilen eta han urtean bat edo bi eztei baziren guztiz berritzaileak: eraztunen beharrean lepokoak konpartitzen zituzten; edo eurek sortutako hitzak esan…"
San Blaserako, gainezka
Orain gero eta bikote gutxiagok aukeratzeaz ezkontza katolikoa, honakoa dio Horazio Argaratek: "Ezkontza guztien kopurua jaitsi da, zibilena ere bai. Eta badaude, fededunak izan arren, ezkontzeko beharrik sentitzen ez dutenak ere". Bestalde, ezkontzen direnak zenbateraino dira fededunak? "Eurei galdetuz gero, gehienek baietz, fedea dutela esaten dute. Dena dela, elizarekiko atxikimendua oso txikia da. Gaur egun gutxi datoz aiton-amonak ez tristetzearren elizatik ezkontzera; baina, familiakoak elizkoiak badira, kontuan hartzen dute bikoteek ere; adibidez, meza ematea edo ez ematea erabakitzerakoan".
Pello Zabalak onartzen du ez diola "penarik" ematen elizako ezkontzak gero eta gutxiago izateak. Gaineratzen duenez, bestalde, urrezko eta zilarrezko eztei ospakizun dezente hartzen dituzte oraindik Arantzazun. "Familia giroko ospakizunak izaten dira", azaltzen du.
Sakramentuei dagokienez, oraindik gehien ematen dena bataioarena da, Arrasateko parrokoaren esanetan: "Gaur egun, jaiotzen diren umeen erdiak inguru bataiatzen ditugu, eta gehien ematen dugun sakramentua da; sentipen berezi bat izaten dute gurasoek, eurak elizatik ezkonduta ez badaude ere".
Bestalde, elizarekin zerikusia duten edo egutegi katolikoan jatorria duten ohitura askok oraindik jende piloa erakartzen dute: "San Blas ospatzeko, elizak gainezka egon dira; Eguberriak, Erramu domeka, San Balerio eguna… ohitura horietan oraindik jende askok parte hartzen du", esaten du Argaratek.
Ameriketako erara
Ezkontza bera ospatzeko modua ez da askorik aldatu Debagoienean; bai, ordea, ezkontza egin dela ospatzeko moduak, eta bitxikeriarik ere badago. Bergarako Lasa jatetxean dioskutenez, "gero eta boda zibil gehiago dago, eta horiek egiten dituztenek, askotan, lorategian antzezpen edo irudikatze antzekoa egiten dute, Ameriketako modura, aitabitxiekin, ohorezko damekin eta abar. Alfonbra gorria eta guzti daukagu horretarako".
----------
Aurkezle famatuaren ezteia
Arantzazuko eztei bat Espainiako prentsa arrosa guztian agertu zen, 1978ko urrian: garai hartan oso ezaguna zen Isabel Tenaille kazetari eta aurkezlearena. Television Españolako aurpegi ezagunenetariko bat zen Tenaillerena. Berak eta Adolfo Butterini enpresaburuak Arantzazuko Santutegia aukeratu zuten ezteiak ospatzeko. Jakin-minak herritar piloa erakarri zuen Arantzazura ere. Bikoteak ezkonduta jarraitu zuen Butterini hil zen arte.