1. Zer ikasi duzu irakasten?
Derrigorrez, gauza asko: umeekin aritzean, neurri batean, ume bihurtzen berrikasten dut. Pazientzia eta erantzukizun berriak lantzea ere derrigorrezkoa izan zait.
2. Zela ibiltzen zara umeekin?
Diotenez ondo, baina hasieran beldurra izaten da nagusi. Herri bakoitzean esperientzia oso ezberdina da: umeen ezaugarriek euren partaidetza baldintzatzen dute, eta horrek, emaitza.
3. 80ko hamarkadan hasi zinen zu musikan. Orduko zer berreskuratuko zenuke?
Ezer gutxi: ez naiz iraganzalea eta egungoari eusten badut lan franko. Izatekotan, orduan batu gintuen izpiritu libre eta emankorra, erabat zoro eta indartsua.
4. Eta orduko zer aldatu izana eskertzen duzu?
Gizartea eta baliabideak erabat aldatu dira. Erronka da norberaren zoriontasun zatitxoa lortzea. Baina ezin dira atzokoak eta gaurkoak alderatu, ziklo guztiz ezberdinak baitira.
5. Beste hainbat taldek egin bezala, Hertzainak ere itzuliko da?
Hertzainak jaio eta Hertzainak bukatu... Badira urteak taldearen eginkizunak amaitu zirela; ez du bueltarik. Beste kontu bat da esperientzia horretatik abiatuz proiekturen bat sortzea… Ikusiko da. Baina oraindik ez da asmatu Hertzainak biziberritzeko drogarik.
6. Aro digitalean biniloa ere atera duzu. Nostalgia edo moda?
Gauzak egiteko une bereziak daude. Zeuden ideiak gorpuztu ahala, diskoetxeak eta biok erronka eder bati ekin genion: esperientzia intimo itzela izan zen, biniloaren egungo esanahiarekin guztiz bat eginaz.
7. Zure bizitzaren soinu bandan, zein kantu ez litzateke faltako?
Kantuak baino artistak nahi ditut alboan. Urteetan bizi izan naiz Lou Reedekin: bere kantuak nirekin izan dira une goxo eta gogorretan, hemen eta han; bere hitzek lagundu didate. Orain, hil dela, bere hutsunea sentitzeak harritu nau; ezohikoa da-eta egoera.
8. Urteotan zenbat gezur esan dira Gariren inguruan?
Ez dakit, eta gainera, bost inporta. Ahalmen guztiak bizitza bizitzen jartzen ditut. Adinak nekea dakar, baita argitasuna ere, eta horiekiko guztiekiko distantzia.
9. Bilbori zaharra zela abestu zenion. Nola ikusten duzu egun?
Hiri erosoa da, txikia, erreza, ederra. Asko gara leku ezberdinetatik etorri eta iritzi bera dugunak. Legazpiarra izan eta sentitu arren, bilbotarra ere sentitzen naiz. Amonak zioen moduan, Bilbo euskal herritarrona da.
10. Gaztetan beste gustatzen zaizkizu motor zaratak?
Legazpiko lagunekin motorraren mundua da oraindik ere gai nagusia; horretan friki hutsa naiz.
----------
Makila magikoa baneuka: "Ez nintzateke ausartuko ezer ere egiten; tresna magikoak ez dira sekula nire gustukoak izan. Magia hitzak berak, musika testuinguruan ez bada, bibrazio oso txarrak transmititzen dizkit. Aspaldian Amazonas inguruan bizi izandako esperientzia magikoaz gogoratzen naiz eta berehala izugarrizko zirrara etortzen zait...".