Eusko Jaurlaritzaren esku dauden AHTko lanak aurrera doaz

Irati Goitia 2014ko ots. 7a, 19:00

Abiadura Handiko Trenaren lanak aurrera doaz gurean. Bergara-Bergara zatiaren %65a eginda dago eta Bergara-Antzuolaren %85. Gipuzkoako tramuko lotuneak, baina, lizitatu gabe daude oraindik. Hala, Gipuzkoa "bakartuta" gelditzeko arriskua dago eta lanak ez dira aurreikusten ziren eperako amaituko.

Abiadura Handiko Trenaren lanak egoera ezberdinean daude gure bailaran. Tramu batzuk Sustapen Ministerioak egin ditu – oro har, Arrasate, Aramaio eta Eskoriatzakoak– eta beste batzuk, Eusko Jaurlaritzak –Antzuola eta Bergarakoak–.

Eskoriatza, Aramaio eta Arrasateko tramuetako obra zibila amaituta dago. Hala ere, Eskoriatzan, azken euriteek lur-jauziak eragin dituzte tunelen sarbideetan eta kalte horiek konpontzen ibili dira azken asteotan. Aramaion ere hainbat lanetan ibili dira asteon. Bigarren faseko lanak dira falta direnak (trenbidea eta elektrizitatea kasu). Oraindik, lizitatu gabe daude lan horiek. Obrekin amaitu ostean, probaldirako tarte bat ere egon beharko da.

Bergara-Bergara

Eusko Jaurlaritza egiten dabilen lanei dagokionez, Bergara-Bergara eta Bergara-Antzuola martxan daude. Bergara-Bergara zatiko lanen %65a eginda dago, administraziotik jakinarazi dutenez. 3,1 kilometro luze da tramua eta ia erdia bidezubian igarotzen da. Azpiegitura nabarmenena 900 metroko luzera eta 90 metrotik gorako altuera izango duen zubibidea da. Oraintxe dabiltza eraikuntza lanetan eta erraz ikusten dira obrak GI-632 errepidetik pasaz gero. Izan ere, bidezubi horrek AP-1 errepidea, GI-632 eta Deba ibaia bera gaindituko ditu amaitzean.

Beste hiru bidezubi ere badaude tarte horretan: Oltzaileko (100 metro), Altzeta (140 metro) eta Lamiategi (425 metro). Hiru horiek amaituta daude. Hiru tunel ere izango dira zati horretan: Loidi, Aldai Azpikua eta Azkarruntz.

Tramu hauxe da, hain zuzen, Angiozartik pasatzen dena. Tramu bikoitza da (Angiozar-Arrasate eta Angiozar Elorrio) eta AHTko obra konplexuenetariko bat, Euskal Y-aren muina delako. Bertan egingo da Gasteiz-Bilbo zatiarekin lotura. Bost zati izango lituzkete korapiloa egiteko lanek eta 600 milioi euro inguruko kostua. Oraindik baina lizitatu gabe daude lanok.

Bergara-Antzuola

Bergara eta Antzuolako herriak hartzen dituen zatian, 4.289 metro luze den tramua esleitu da. Trazatu honek hartzen duen lurraldearen ezaugarri fisiografikoak oso malkartsuak dira. Ondorioz, ia zati guztia tunel barruan doa. Zehazki, Kortatxi Sakon izeneko tunelean eta 3,9 kilometroko luzera du. Honen eraikuntza lanak azken fasean daudela jakinarazi dute Eusko Jaurlaritzatik eta zehaztu zati osoaren %85a eginda dagoela.

Trazatu hau aurreko zatiarekin (Bergara-Bergara) lotzen da, Deba ibaiaren gaineko bide-zubiaren bitartez. Hurrengo zatiarekin (Antzuola-Ezkio-Itsaso), Deskargako ibaiaren gaineko bide-zubiaren aurreko trintxeraren bitartez elkartuko da.

Gipuzkoako egoera

Eusko Jaurlaritzak Euskal Y-aren Gipuzkoako adarrean egin behar dituen zati guztiak (17) martxan edo amaiturik daude. Adarreko trazatuaren %77,6 eraikuntza prozesuan edo amaituta dago. Falta dena da Donostiarako eta Irunerako behin betiko sarbideak eta Frantziarekin ezarriko den konexioa definitzea. Zehazki, Irunera egin beharreko trenbide sarbideak eta Astigarraga eta Frantziako muga artean ezarri beharreko lotura, Informazio Azterlan fasean daude Sustapen Ministerioan.

Halaber, Gipuzkoako tramua Frantziatik lotura gabe gelditzeko arriskua dago, egungo Frantziako presidente Hollandek erakutsitako jarreraz. Eta Gasteiz-Bilbo zatia lizitatu gabe dago oraindik.

Krisiaren eragina

Krisiak izan du eragina AHTren lanetan ere. AHTren eta Espainiaren arteko konexioa inoiz baino gehiago jarri zen zalantzan 2013ko abenduan. Izan ere, Espainiako Azpiegituretako idazkari orokor Manuel Niñok adierazi zuen Kongresuan AHT bukatu arte itxoingo duela Gobernuak "ohiko trenbidean behar diren ekintzak egiteko".

Bada, batzar instituzionala egin zuten 2013ko abenduaren 12an Eusko Jaurlaritzako eta Espainiako Gobernuko ordezkariak, AHTren exekuzioaren inguruan. Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordeak eskatu zuen Espainiako Gobernuak "lehenbailehen" lizita zitzala Arabako eta Bizkaiko tramuak, batez ere, Gipuzkoako zatia –Jaurlaritzaren ardurakoa– Bizkaiarekin lotzeko, Bergara-Elorrio konexioaren bidez.

2014ko urtarrilaren 22an, Rajoyk Espainiako presidenteak Kongresuan emandako azalpenetan esan zuen: “Euskal Y-a lehentasunezko proiektua da oraindik, baina diru faltagatik ezin izan dugu proiektua eman. Aukera txikiena izan bezain azkar emango dugu”. EAJko diputatu Aitor Estebanek egindako galderari erantzun zion. Estebanek nabarmendu zuen Europarekin konexioa egiteko "lehentasunezkoa" dela Bergarako lotura eraikitzea, eta Gipuzkoa "bakartuta" geratzeko arriskuaz ohartarazi zion Rajoyri.

Hala, administrazioetatik AHTa 2016rako amaituta egongo zela esaten bazen ere; orain, zalantzan jartzen da 2018rako ere bukatuta egongo den. Izan ere, ordurako Eusko Jaurlaritza egiten dabilen Gipuzkoako adarra amaituta egotea aurreikusten den arren, Bergarako korapiloa egiteko lanak epe laburrean martxan jarri ezean, oraindik lizitatu gabe daude, nekez egongo dira bukatuta ordurako.

De Andres, Aramaion

Javier De Andres Arabako Ahaldun Nagusia Aramaion izan zen bere Gobernuko beste kide batzuekin 2013ko azaroaren 11n. Aramaioko Udaleko ordezkariez bildu zen AHTko lanen kalte-ordainen auzia dela-eta.  Besteak beste, Arrasatetik Aramaiora doan errepide nagusia 13 hilabetez egon zen itxita. "Bion borondatea da kaltetuei laguntzea eta Adifi kalteok erreklamatzea. Arrazoi objektiboak daude kasu askotan", adierazi zuen De Andresek Aramaion izan zenean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak