"Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia" dela aldarrikatu dute

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 7a, 08:44

Arkaitz Bellon Elorrioko presoaren heriotza salatzeko, Oñatin eta Aretxabaletan elkarretaratzeak egin zituzten atzo iluntzean, eta Bergaran eta Arrasaten manifestazioak. Elkartasuna adierazi zieten senide eta lagunei, indarrean dagoen espetxe politikarekin amaitzeko eskatu zuten eta antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu.

Hainbat eragilek deituta, mobilizazioak egin zituzten atzo iluntzean Euskal Herriko toki asko eta askotan, eta baita Debagoienean ere.

Elkarretaratzeak egin zituzten, esaterako, Oñatin eta Aretxabaletan; eta manifestazioak, Bergaran eta Arrasaten.

Oñatin, kontzejupean batu ziren protesta egiteko.

Arrasaten, 19:30ean atera zen manifestazioa Seber Altube plazatik. Manifestariek euripean egin zuten ia ibilbide osoa. "Arkaitz, gogoan zaitugu" edo "dispertsioa, hiltzailea" moduko esaldiak oihukatu zituzten, eta elkartasuna adierazi zieten Arkaitz Bellonen senide eta lagunei: "Une lazgarri hauetan, gure babes eta berotasuna adierazi nahi dizkiegu". Hasitako toki berean, Seber Altube plazan, bukatu zen manifestazioa.

Puerto I espetxean hil zen Arkaitz Bellon eguaztenean, bere herritik mila kilometrotara eta zigorraren bi heren beteta zituela. "Berez kalean egon behar" zuela eta "bere heriotzaren erantzulea indarrean dagoen espetxe politika" dela salatu zuten: "Mila kilometro hauen atzean dagoen errealitateari begiratzen badiogu, giza eskubideen urraketa eta mendekuan oinarritutako espetxe politika gizagabe eta krudela da gaur egun protagonista nagusia, eta Arkaitzen heriotzaren erantzule zuzena".

"Zentzugabea" eta "onartezina"

Egoera hau beti izan dela "bidegabea", baina gure herrian zabaldu den "errealitate berrian" berau mantentzea erabat "zentzugabea" eta "onartezina" bihurtzen dela gaineratu zuten.

Horiek horrela, "aski da" esateko garaia dela azaldu zuten: "Salbuespeneko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. 'Aski da' esateko unea da".

"Indarrak batzeko garaia"

Eskaera hori luzatzeaz batera, eskubide guztien alde egiten duten indarrek bat egitea eta kalera ateratzea inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dutela azaldu zuten, "sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko".

Bukatzeko, egunotarako deituta dauden mobilizazioetan parte hartzeko deia egin zuten: gaur, egubakoitza, kontzentrazioak egingo dituzte, 19:30ean, Bergarako eta Arrasateko herriko plazetan, Etxeratek deituta; eta bihar, zapatua, Elorriora joateko deia luzatu zuten.

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak