Adierazpena, osorik:
"Arkaitz Bellon Blanco Elorriarra Cadizko espetxean, bere etxetik 1.100km-ra hilda agertu da otsailaren 5ean. Bere zigorra osorik betetzeko hiru hilabete falta zitzaizkionean. Zigorraren 2/3ak beteta zituen eta, beraz, aske egoteko baldintzetan.
Heriotza honen aurrean, Arrasateko udaleko Bilduk, Aralarrek eta EAJ-PNVk bat egiten dugu Arkaitz Bellon Blancoren familiaren saminean/atsekabean eta gure elkartasuna adierazten diogu familiari une latz honetan. Era berean, irmoki eskatzen dugu Arkaitz Bellon Blancoren heriotzaren inguruabarrak berehala argitu daitezela eta familiak informazio guztia ahalik eta arinen izan dezala gardentasun osoz.
Idatzi hau sinatzen dugun taldeok, pertsona guztien giza eskubideak, bake eta bizikidetza egoera egonkorra defendatzen ditugu, eta beraz, espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzea aldarrikatzen dugu:
Egoera hau beti izan bada bidegabea, berau mantentzea erabat zentzugabea eta onartezina da gure herrian zabaldu den errealitate berrian. Arkaitzi gertatutakoa edonori edonoiz gerta dakioke eta ez du gehiago gertatu behar.
Gauzak horrela, salbuespenezko espetxe politika honekin eta sakabanaketarekin amaitzea eskatzen dugu, herri honetan gehiengoak aldarrikatzen duenarekin bat eginez. Sakabanaketa eta espetxe politika honekin amaitzeko garaia da.
Horretarako, eskaera hau luzatzeaz batera, inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dugu eskubide guztien alde egiten dugunon indarrak batzea, sufrimenduaren soka luze honekin lehenbailehen amaitzeko.
Egun indarrean dagoen espetxe politika eta sakabanaketarekin amaitzeko gu guztiok beste urrats bat egitera goaz eta horretarako gonbidapena luzatzen dizuegu.
Adierazpen hau honako erakunde hauetara bidaltzea proposatzen da, giza eskubideen kontra doazen egoerak desagerrarazteko neurriak hartzeko: Ararteko, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila, Bizkaiko Foru Aldundia, Eudel, Gotzaindegia, Amnistia Internacional eta Legebiltzarra.
Arrasateko udaleko Bildu, Aralar eta EAJ-PNV"