Gabonak ezkero lanean dihardute Goienaren Arrasateko egoitzan. Telebistako platoan eta beheko solairuan aritu dira lanean eta behin horiek amaituta, telebistako programazio berriarekin ari dira. "Platoa ezin izan dugu erabili orain arte, bertan hainbat lan egin dira-eta. Horregatik, programazioa ez da izan ohikoa. Halere, lanak amaituta, normaltasunera itzultzen bagoaz eta hurrengo asteotan joango gara saio, dekoratu eta itxura berritua erakusten", dio Goiena telebistako programazio arduradun Oihane Agirrek.
Berriak saioarekin, esaterako, aste honetan hasi dira aurkezle eta guzti. Eta, datorren astean, Debagoiena zuzenean saio berria estreinatuko dute. "Horixe izango da sasoiko berritasun nagusia, beste saio berri batzuekin batera", dio Agirrek.
Albisteak eta gertaerak beste era batera
Debagoiena zuzenean saioan, gainera, albisteak edo edukiak aurkezteko modu berriak erabiliko dituzte erreportariek. "Gertukoagoa izango da, protagonistak eta gertaerak bertatik bertara aurkeztuko dira eta tokitik bertatik emango dituzte albisteak berriemaileek. Gainera, eskualdeko lekuak erakusteaz gain, elkarte, talde eta herritarrei ahotsa emango diegu protagonista bihurtuz".
Debagoieneko auzoak aurkeztu; asteburuan gertatutako aisialdi eta kultura ekimenen kronika eta komentarioak egin; denda, komertzio, enpresa edota jatetxeen berri eman; sare sozialetan gertatzen ari denari jarraipena egin; moda, sukaldaritza… Horiek guztiak eta gehiago eskainiko dira Debagoienan zuzenean-en.
Saio gehiago
Baina, horretaz gain, oraingo ohiko saio arrakastatsuei ere helduko zaie, Harmailatik kirolekoari edota Pedalka bidaia saioari, esaterako. Eta lehengoak berreskuratuko dira: Harira, Debagoieneko alkateekin egindakoa edota Tertulia eztabaida saioa. Eta beste saio berri batzuk ere estreinatuko dituzte: Amaia DJ, Amaia Txintxurretak gidatutako musika eta bideoklipen saioa, esaterako. "Oraingoz, horien aurrerapena egin genezake, baina, esandako moduan, astetik astera etorriko dira berrikuntzak", dio Oihane Agirrek.
Martxoan barrena saio guztiak estreinatu eta Goiena telebista itxuraldatua abian izango da erabat: edukiz, gauzak kontatzeko moduez eta itxuraz berrituta, platoko dekoratu berriekin. Azpimarratzekoa da, bestalde, dekoratuei dagokienean, Debagoieneko Mankomunitateko Lanbide Hastapeneko arozgintza ikasleak ari direla hainbat dekoratu egiten.
Duela bi hilabete eskas Goiena.net berritua aurkeztu ostean, telebistaren txanda etorriko da, hortaz, datozen hilabeteotan.
Goienako lan talde osoa egoitza bakarrean
Goiena Komunikazio Taldeak, bestalde, beste erronka handi bati helduko dio 2014an: lantalde osoa egoitza bakarrean batzea. 40 lagun pasatxoko lantaldea da Goienakoa eta bi egoitzatan banatzen da gaur egun: Arrasaten, produkzio alorra, erredakzioa eta telebistako platoa; eta, Aretxabaletan, komertzial eta administrazio alorra.
Orain, ostera, Arrasateko Otalora Lizentziaduna kaleko egoitzan batuko da talde osoa, eraikinaren hiru solairuetan. Lehenengoan, harrera eta telebista batuko dira; bigarrenean, administrazio eta zerbitzu orokorrak eta, hirugarrenean, erredakzio eta komertzial lantaldea. "Lanak Gabonetan hasi genituen eta asmoa da Aste Santurako-edo amaitzea. Guretako erronka eta inbertsio oso garrantzitsua da, talde osoa bertan batuko dugulako eta, alde horretatik, eraginkorrago izango garelako lan prozesuetan", esan du Iban Arantzabalek, Goienako zuzendari nagusia. Era berean, pozik azaldu da zuzendari nagusia Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrekin batera kokapen egokia lotu dutelako hurrengo urteetarako.