Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, %11 hazi ziren lan-kooperatibak uztailetik irailera, 2012ko epe beraren aldean. Katalunian eta Valentziako Erkidegoan maila berean ugaritu ziren. Andaluzian, %60 lan-kooperatiba gehiago erregistratu ziren, eta Murtzian, %21 gehiago.
Lanpostu gehiago sortu
COCETA eta CEPES (Ekonomia Sozialaren Espainiako Enpresa-Konfederazioa) erakundeetako presidente Juan Antonio Pedreñok, datu horiek baloratzerakoan, hauxe esan du: "Lan-kooperatibak ez daude zailtasunetatik salbu eta egoera orokorra berdin sufritzen dute, baina lanpostu kopuruari eutsi ez ezik, haiek ugaritzea lortu dute". Gaineratu duenez, "2007a ezkero, enplegu mugagabea 10 puntu baino gehiago hazi da, eta behin-behineko enplegua, zortzi puntu txikitu". Bere iritziz, lan-kooperatibek "ez dute nolanahiko enplegua ematen, kalitatezko enplegua baizik, kooperatibismoaren irizpide nagusiekin: demokrazia, erantzukizun soziala, elkartasuna, konpromisoa eta malgutasuna, eta horren froga da gero eta kooperatiba gehiagok irauten dutela bizirik".
Euskadiko eta kanpoko lan-kooperatibetako langileen %80 baino gehiagok lanpostu finkoa dute, kooperatibako bazkideak direlako. Emakumeak dira langileen erdiak baino gehiago, eta ardurazko karguen %40 baino gehiago, "beste enpresa eredu batzuetan baino askoz gehiago", COCETAk esan duenez.
BBVAk, laguntza programa
Ekonomia sozialeko enpresei zuzendutako Momentum Project laguntza programa deitu dute BBVAk eta ESADEk. Laugarren urtez deitzen dute laguntza hori. CEPESek eta BBVAk duten hitzarmenaren bitartez, ekonomia sozialeko enpresei –lan-kooperatibak, tartean– ematen zaien aukera da.
BBVAk eta ESADEk sortu dute Momentum Project, eta helburua da "gizarte-arazoren bat antzematen duten eta enpresa-iniziatiba baten bidez harendako konponbideren bat bilatu nahi duten pertsonei" laguntzea. Deitzaileen esanetan, sortutako lan-kooperatiba askok bete dezakete baldintza hori.
Programan parte hartzeko eskakizunak hauek dira: giza-inpaktu nabarmena sortu behar du enpresak, diru aldetik bideragarria, eta berritzailea izan behar du; 2 urteko jarduera izan behar du, gutxienez, eta bi langile lantaldean, gutxienez; halaber, urtero 100.000 euro edo gorako diru-sarrera izan behar du, eta diru-sarreren erdia baino gehiago ezin izango du lortu dohaintza edo dirulaguntza bitartez; azkenik, Espainian izan beharko dira enpresa horren jarduera eta inpaktua. Deialdia zabalik dago otsailaren 17ra arte.
Antolatzaileek aukeratzen dituzten enpresek formazio-programa oso bat jaso ahal izango dute, kontu estrategikoetarako aholkularitza eta akonpainamenduarekin, finantzazioarekin eta jarraipenarekin.
Interesa duten enpresek programaren webgunean dute informazio gehiago: www.momentum-project.org; edo BBVAren Gizarte Proiektu Sailarekin kontaktatuta: laura.guindeo@bbva.com.