Debagoieneko kirol eragileak ere udalerri aktiboen sustapenean interesatuta

Goiatz Arana Begiristain 2014ko ots. 5a, 13:05

Erabiltzaile bat Bergarako bidegorrian, Labegaraietan.
Kiroleskolak, Kirolaren Euskal Eskolak, prest du 2014ko lehen seihilekorako etengabeko prestakuntza programa, kirolean aritzen diren eragileei zuzendua. Otsailaren 6an hasi eta ekainaren 14ra arte, kirolaren edo osasunaren arloetan diharduten profesional nahiz boluntarioei zuzendutako zazpi jardunaldi, mintegi eta mahai inguru antolatu ditu. Irunen izango da lehen saioa eta bertan izango da Debagoieneko ordezkaritza bat ere.

Ariketa fisikoa eta osasuna sustatzea: udalerri aktiboak izenburupean egingo da lehen jardunaldi hori, bihar eta etzi –otsailak 6 eta 7–, Irungo Ficoban.

Egungo gizartean ariketa fisikoa sustatzeko erronkaz jardungo dute bi egunez, eta erronka horretan zeresana duten sektore eta diziplina profesionalak ere aztertuko dira. Herritarren ariketa fisikoa areagotzeko eta sedentarismoa albora uzteko ahaleginean tokiko erakundeek, eta udalerriek bereziki, duten papera ere mintzagai izango da.

Bergara, hizlari

Irungo jardunaldi horretan parte hartuko du Bergarako Kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk. Programa bera Eusko Jaurlaritzak eta Irungo Udalak antolatu duten arren, Ugarteburuk azaldu du Bergarako Udala ere hasieratik egon dela programa diseinatzen: "Guk ere badugu gure programa propioa ariketa fisikoa eta osasuna sustatzeari dagokionez, Bergarako Udala inplikatuta dago gai honetan. Horregatik, badugu jardunaldi honetan zer eskaini; baina, era berean, espero dugu gauza berriak ikasi eta gureganatu ahal izatea".

Aretxabaleta, Eskoriatza eta Oñati, entzule

Iñaki Ugartebururekin batera, jardunaldian parte hartuko dute, besteak beste, lehen arretako eta familia medikuek, Irun eta Orioko Kirol teknikariek, Hirigintza adituek, Osasun saileko teknikariek eta kirol zerbitzuetako enpresek. Eta, era berean, profesional multzo zabalari zuzendutako jardunaldia izango da: bertan egongo dira, esaterako, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Oñatiko Kirol teknikariak eta MUko eta Athloneko ordezkariak, "interesa eta kezka" dagoelako gurean ere.

Hurrengo hitzorduak

Kiroleskolaren hurrengo hitzorduetan, pisua galtzera zuzendutako ariketa fisikoetako azken joerez, Kirol Federazioaren kudeaketaz, Joko Olinpikoetako dominadunen lan sisteman entrenatzaileak duen garrantziaz edota dopinaren aurkako prebentzioaz ariko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak