Moneta sozialak bere tokia dauka Debagoienean

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko ots. 4a, 15:00

Beñat Herce Eskoriatzako alkatea axtrokiak erakusten.
Moneta soziala ohiko diruaren alternatiba da; ez du moneta tradizionala ordezkatu gura, baina bai honek betetzen ez dituen zenbait alde sozial garatu. Bada, horren adibide da helburuetako bat dela tokiko garapena, hau da, bertako ekonomiari bultzadatxoa ematea.

Orokorrean, tokian tokiko moneta izaten da; hau da, zirkuitu motz baten geratzen den trukerako tresna. Debagoienean ere badago horren eredurik eta 2014a hasi denetik bi herritan aurki daitezke. Eskoriatzan axtrokia deitzen dena ipini dute martxan eta Bergaran, ostera, bonu-dirua. Bi kasuotan, udalen ekimenez sortu dira.

Hobariak, diru laguntza  

Beñat Herce Eskoriatzako alkateak axtroki billeteen jatorriaz egin du berba: "Udalarentzako tresna garrantzitsuak dira ordenantza fiskalak, eta horren baitan, ematen ditugun hobariak daude. Eskoriatzako herritarrei laguntzea da asmoa, eta zeharkako bigarren helburua tokiko garapena lortzea da. Bi puntu horiek batu eta hobariak eurotan bueltatu beharrean, moneta sozial baten bidez egitea erabaki genuen". 

Hori horrela, hobariak ordenantza fiskaletik kendu dituzte, eta diru laguntza oinarri bilakatu. "Orain, honako sistema jarraituko dugu: edozein zerga edo kiroldegiko abonu, ehuneko ehuna kobratuko da aurrez. Gero, diru laguntza deialdiak egingo dira –urtean hiru–, eta baldintzak betetzen dituenak horietara aurkeztu eta eskaera onartuko balitz Udalak dirua itzuli beharrean axtrokitan itzuliko dio dirua". Bi programa atera dituzte, uste baitute tokiko garapena ez dela soilik ekonomikoa izan behar, baita soziala eta iraunkorra ere. "Arlo soziala garatzeko programaren baitan, besteak beste, familia ugariek, langabeek, erretiratuek, alargunek, banatuta daudenek zein guraso bakarrek eskatu ahal izango dituzte laguntzak". Horiek ondasun higiezinen gaineko zergan, kontribuzioan zein kiroldegiko abonuan izango dute laguntza axtrokitan. 

Garapen iraunkorreko programari dagokionez, ostera, ingurumenarekin errespetagarriak diren ondasunen jabetzak dituztenek eta auzo-konposta eta autokonposta egiten dutenek ere izango dute diru laguntza jasotzeko aukera.

Eskoriatzako moneta sozialari irudia ipintzeko asmoz, logotipo lehiaketa egin zuen aurrena Axtroki Merkatari Elkarteak, eta irabazleei axtrokitan eman zitzaien saria. Gainera, Gabonetan Eskoriatzako komertzioetan kontsumitu zutenen artean zozketa egin eta haiei ere Axtrokiak eman zaizkie". 

Euroaren baliokideak izango dira axtrokiak; 1eko, 5eko eta 10eko billeteak daude eta bakoitzak herriko ikur garrantzitsu bat du inprimatuta: Atxorrotz, Apotzagako hilerria eta Axtrokiko kaikuak, hurrenez hurren.

Merkatarien elkarteko kideek eskoriatzarren esku jarri gura dituzte axtrokiak,  bertako negozioetan erabil ditzaten. Edozelan ere, poliki-poliki joango dira banatzen. Zentzu horretan, eta erosketak herrian bertan egitea sustatzeko, martxoa hasieran kanpaina bat jarriko dute martxan herritarrek Axtrokiak eskuratu ahal izateko: 50 euro 55 Axtrokigatik aldatzeko aukera egongo da. Pertsonako behin egin ahalko da aldaketa, eta mugatuak izango dira (bukatu arte)

Gogoeta baten ondorioa 

Bergararen kasuan ere, Udalaren ekimenez sortu dira bonu-diruak. "Udalean sartu ginenetik sozio-ekonomia arloa martxan ipini eta esparru ugari abiarazi ditugu; komertzio mahaia, esaterako. Bertan hausnarketa bat egin zen, tartean Bergarako kontsumo ohiturez, eta nagusiki komertzioari bultzada eman behar zitzaiola ikusi genuen". Hala eman du aditzera Leire Iruinek, komertzio mahaian Udaleko ordezkariak.

Gainera, eredu bezala, herriko enpresa bat hartu dutela gaineratu du Iruinek; lehen, soldatez gainera bonu batzuk ematen zituzten bertan eta bergararrentzat aukera bat izan zitekeela iruditu zitzaien: "Lehenengo eta behin, urtean zenbat diru beharko genukeen kontabilizatu zen, eta 10.000 euro inguru bazirela ikusi genuen". Izan ere, kopuru hori baliatzen du gutxi gorabehera Udalak saritan zein boluntario lan bat egin dutenei eskerrak emateko, esaterako.

Udalak banatuko dituen bonuek iraungitze data zehatza izango dutela eman dute aditzera. Hain zuzen ere, jaso eta hiru hilabeteko epean erabili beharko dira. Denbora horretan Bergarako edozein komertziotan baliatu ahal izango dute bergararrek bonu-dirua. 

Eta funtzionamenduari dagokionez, herritarrek datu gutxi batzuk bete beharko ditu bonuaren atzealdean. "Komertziora joan eta nortasun agiria erakutsi beharko dute. Ondoren izen-abizenak jarri eta sinatu egin beharko da. Merkatariak udaletxera eraman beharko ditu herritarrak baliatutako bonuak, eta ondoren dirua emango zaio". 

Merkatariak, pozik

Eskoriatzako eta Bergarako moneta sozialak kalean daude dagoeneko. Esan bezala, moneta sozialaren helburua tokian tokiko merkataritzari bultzada ematea da, eta Debagoieneko bi herriotako merkatari elkarteko kideak pozik daude ekimenarekin. 

Eskoriatzako Axtroki Merkatarien Elkarteko Jabi Altunak aditzera eman duenez, moneta sozial berria positiboa izango da Eskoriatzarentzat: "Dirua herrian geratuko da neurri batean, bertako dendetan gastatuko baita". 

Bergaran, Bedelkar merkatari elkarteko kide Bibi Anduezak oso aproposa ikusten ditu bono-sarien kontua. "Garai nahasiak izan dira krisia dela-eta, baina ideia berriak garatzeko balio izan digu. Hala, ekimen honekin jendeak herrian inbertitzeko, bertan gastatzeko beharra dagoela ikusiko du eta herriko merkatariak oso pozik gaude. Bestalde, herriko eskaintza ezagutzera emateko aukera ere bada". 

Gainera, merkatariez gain, bestelako instituzioak horrelako ekimenetan nahastearen garrantzia azpimarratu gura izan du Anduezak. "Geroz eta ahalegin handiagoa egiten da herriko ekonomia suspertzeko, eta hori oso albiste ona da". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak