Miguel Angel Calle: "Zergatan diru gehiago batzeko modu zuzena erreforma oso bat da, baina denbora behar da"

Leire Kortabarria 2014ko ots. 5a, 12:00

Miguel Angel Calle, bere bulegoan.
Ekonomialaria eta Euskadiko Zerga-Aholkulari Ekonomialarien Erregistroko (REAF) presidentea da Miguel Angel Calle. Zerga-araudi berrituak, batik bat, errenta handiak eta kapitalaren irabazi handiak dituzten zergadunei eragiten diela esan digu. Dena dela, errenta txiki eta ertainak dituztenek adi egon beharko dute etxebizitzaren kenkariarekin gertatu daitekeenarekin.

EAJ, PSE eta PPk azken urteotako zerga-erreforma handiena adostu dute. Beharrezkoa zen?

Zerga-arauak uneko errealitate ekonomikoaren arabera egiten dira. Noizean behin araudia uneko egoerara moldatzea ona da. Dena dela, nik ikusten dudan moduan, erreforma honetarako arrazoi nagusia zerga-bilketa handitzea izan da.

Zeintzuk dira Euskadin zergak armonizatzearen abantailak?

Nire iritziz, ona da; besteak beste, enpresek eta inbertitzaileek euren aktibitateak ondo kudeatzeaz ardura daitezen, administrazio publiko guztiekin dituzten harremanak sinplifikatuz.

Erreformaren egileek esan dute zerga-sistema aurrerakoiagoa egin dutela; Bilduk esan du langileak zigortzen dituela. Zer deritzozu zuk?

Tira, errenta handiko langileak zigortzen ditu, enpresaburuak ere bai. Normalena eta zuzenena hauxe da: enpresa batek irabazten duen guztia bere akziodunen errenta aitorpenetik pasa dadila. Akziodunek sozietatean lan egiten badute, errenta batzuk izango dituzte eta, handiak badira, horiengan eragina igarriko dute. Eta dibidendu gisa kobratzen badute, lehenengo Sozietateen gaineko Zergatik pasatuko da, eta gero, errenta aitorpenetik. Bi horiek batzen badituzu, errentaren gehieneko marjinalen antzekoa izango duzu.

Aurrezpenaren errentei zergak handitu dizkiete. Aurreztaile txikiari zigorra? Horren eraginez, gutxiago aurreztuko dela uste duzu?

Karga mota horren progresibitatea handituz egin da zerga igoera. Batik bat kapital-errendimendu handiak dituztenei eragingo die. Ez dut uste igoera horren ondorioz gutxiago aurreztuko denik.

Etxebizitzarengatik dauden kenkariak txikitu egin dituzte.

Bai; hipotekarako ipintzen duzun euro bakoitzeko deduzitzen dizute, baina deduzitu dezakezun gehieneko kopurua mugatu egin dute. Aldaketa horrek hipoteka potoloak dituztenei eragiten die; ez errenta oso baxuak dituzten zergadunei, horiek nekez egin ahal izango lieketelako aurre horrelako hipotekei. Baina benetako galdera hauxe da: ea etorkizun hurbilean dedukzio hori txikitzen jarraituko duten. Zergadun askori eragiten die eta errenta baxu eta ertainak dituzten zergadun askoren aitorpenaren emaitza erabakitzeko faktore gakoa da.

Zer iruditzen zaizkizu pentsio-planen gaineko erreformak? Orain bertan, prebisio-planak erreskatatzerakoan dagoen exentzioa %40koa da, nola eboluzionatuko du horrek?

Aldatu dutena ez da exentzioa, baizik eta exentzio hori zenbat aldiz baliatu dezakezun BGAE (EPSV) bat kapital eran kobratzen duzunean. Errenta ertain-altuak dituzten zergadun askok zerga gutxiago ordaintzeko zeukaten erreminta oso garrantzitsu bat galtzen dute, eta horrek zergatan diru gehiago batzea ekarriko du. Ondo edo gaizki iruditzen zaidan? Zerga-kudeatzaile gisa, ez zait ondo iruditzen nik gaur ekarpen batzuk egitea, mota jakin bateko zergak ordainduta erreskatatu ahal izango ditudan promesarekin, eta gero promesa hori mugatu diezadaten. Baina, zergadun gisa, ez zait ondo iruditzen ere erretirorako aurrezki-tresna bati zerga-abantaila batzuk eman diezazkioten eta hori inoren onerako izatea finantza-ingeniaritza egiten duelako, eta ez benetan bere erretirorako aurrezki handiagoak izan dituelako. 

PFEZen desgrabatzeko gero eta aukera gutxiago dago urterik urte, agintean alderdi politiko bat zein beste bat egon…

Ogasun batek zerga bidez dituen diru-sarrerak handitu nahi baditu, modu azkarrena dedukzioak kentzea da. Modu zuzena, denbora behar den arren, erreforma oso bat egitea da, eta horrela ziurtatu zergadun guztiendako modurik bidezkoenean lortzen direla diru-sarrera horiek.

Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, hainbat proposamen izan dira eta, azkenean, zerga-tipoak zeudenetan geratzen dira eta derrigorrezko tipo minimo batzuk sortzen dira. Ze ondorio ditu aldaketa horrek?

Tipo minimoaren helburua hauxe da: sozietate batek askotariko dedukzioak izan arren, gutxienez bere etekinen portzentaje jakin baten gaineko zergak ordain ditzan.

Baina, errealitatean, enpresa askok ez dituzte ordaintzen teorian tokatzen zaizkien adinako zergak, ezta?

Enpresek, aitorpenak ondo egiten badituzte, dagozkien zergak ordaintzen dituzte, bai. Enplegua sortzearren, I+G-n inbertitzearren edo beste ekintza batzuk egitearren kenkariak eskaintzen badizkie Ogasunak enpresei, orduan normala da enpresak kenkari horiek aplikatzea. Eta horren ondorioz, enpresa horrek irabazi batzuk izan ditzake eta irabazi horiengatik zerga txikiagoak ordainduko ditu ekintza edo inbertsio horiek egin izango ez balitu ordainduko lukeena baino.

Beste gauza bat da orain Ogasunak muga batzuk ipini dizkiola kenkari edo dedukzio horiek erabiltzeko moduari eta, muga horien ondorioz, dedukzioak aplikatu arren, gutxieneko kopuru jakin bat ordaindu beharko dute zergatan. Esan behar da gutxieneko tributazio horrek ez dituela I+G-rengatik egin diren dedukzioak kontuan hartzen.

Autonomoendako zegoen modulu bidezko zerga ordainketa kendu egin dute. Zer iruditzen zaizu, eta zenbat diru gehiago batu ahal izango da zergatan aldaketa horren ondorioz?

Ez dakit ogasunek zenbat gehiago batuko duten aldaketa horregatik. 

Zergadun gisa, ez zait gaizki iruditzen denok benetan irabazten dugunaren araberako zergak ordaindu behar izatea, eta ez estimazio estatistiko batzuen arabera. Lehen modulutan zeuden zergadunek orain benetako irabazien gaineko zergak ordaindu beharko dituzte, eta ez modulu sistemaren bidez estimatzen zituztenen gainean.

Jendeak beti du gero eta zerga gehiago ordaintzen dituen sentsazioa. Gaur egungo presio fiskalak ez du kontsumo krisiaren bukaera atzeratuko?

Tira, sentsazioa baino gehiago da. Orain dela gutxi, %16ko BEZ ordaintzen genuen, eta orain, %21. Bakarrik horregatik, zerga-zama handiagoa dela bistan dago.

Kontu honekin dagoen arazoa hau da: modu globalagoan begiratu behar zaiola gaiari. Zerga-zama, diru kontu publikoak eta ekonomia berpiztea orekatzeko oso triangelu zaila da, kontuan hartuta finantzazioa lortzea zaila dela gaur egun.

Zergak handitzen badituzu, kontsumoa murrizten duzu. Baina gastu publikoak ez dira ezerezarekin ordaintzen, eta, krisi garaietan, gastu horiek handitu egiten dira eta aurre egin behar zaie.

Kontsumoa handitu nahi baduzu, ekonomiaren teoriak esango dizu zergak jaitsi eta gastu publikoa handitu behar dituzula. Baina, nola finantzatuko duzu hori? Gehiago zorpetuta?

Triangelu konplexua da eta modu globalean eta serioan heldu behar zaio: zenbat gastatu behar dugun, zertan, zenbateko sarrerak izan behar ditugun eta nori eskatu behar diogun.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak