Aretxabaletan, Sailuenteko ermitan meza eta jakien bedeinkapena egingo dituzte, urtero moduan. Hiru hitzordu daude: 09:00etan, Monasterioan elkartuko dira; 10:30ean, Apotzaga-Etxebarri auzoan dagoen Sailuenteko ermitan; eta 19:00etan, azkenik, herriko parrokian.
San Blas eguneko ospakizunekin hasiko dute astea Elgetan ere. Gaur, astelehena, San Blas opilak egiten ikasiko dute Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako umeek —5-12 urte—. Amantalak jantzi eta orea prestatuko du nork bere gelan. Arrabolaz ondo zabaldu eta prest utziko dituzte opilak etxeko labean sartzeko. Lehen Hezkuntzako neska-mutikoak ariko dira sukaldari lanetan, eta Haur Hezkuntzakoek ere nagusiagoek prestaturiko opila bana eramango dute etxera.
San Blas opilak bedeinkatzeko ospakizuna gaur, 19:00etan, egingo dute parrokian eta Arantzetako San Blas ermitako meza, berriz, zapatuan, otsailaren 8an, 12:00etan.
Santa Ageda bezpera
Elgetan bertan, bihar, Santa Ageda bezperan, Uruburun, San Roke kalean, Salbador kalean, Torrealdean eta plazan abestuko dituzte koplak eskolako umeek. Giro txarra bada, frontoi zaharrean abestuko dute. Ikas bidaiarako dirua ateratzeko seigarren mailakoek, berriz, baserriz baserri eskean ibiltzeko asmoa dute.
Bihar da, Santa Ageda bezpera, eta, Elgetan moduan, bailarako herri ia gehienetan entzungo dira Santa Ageda koplak. Aramaion, baina, zapatuan bete zuten zeregin hori herriko hiru taldek elkarlanean, eta atzo Oñatin: azken hilabeteetan entseatzen ibili eta gero, atzo, domeka, Santa eskean atera ziren 1996an jaiotako neska-mutilak Oñatin.
Kintoak, bihartik
Santa Ageda kintoek auzoak eta kaleak hartuko dituzte bihartik. Aretxabaletan 1995an jaiotakoak irtengo dira eta Eskoriatzan, 1996koak.