Bermudezen sententziak ez ditu talde-salaketak abalatzen, kontsumitzaile elkarte baten arabera

Leire Kortabarria 2014ko urt. 31a, 10:54

Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolakundearen (EKA) iritziz, joan den astelehenean Bilboko 1. Merkataritza-Epaitegiak emandako epaia "ona" da ekarpen subordinatuen kontratuak bertan behera uzten dituelako, "baina ez da ona beste alderdi batzuei dagokienez". Elkarte horren iritziz, "prentsan argitaratu den ez bezala, sententziak ez ditu talde-salaketak abalatzen".

EKAko Lege saileko Iñaki Velascok baloratu du Marcos Bermudez epaileak BBVA banketxearen aurka emandako epaia. "Salatariek hiru eskaera zituzten: kontratuak baliogabetzea, bertako klausula batzuk baliogabetzea eta finantza-produktuaren publizitatea legez kanpoko aitortzea eta hura etetea. Lehenengoan, epaileak ez du talde-salaketa bat aintzat hartzen, banakako 68 salaketa baizik. Eta sententziak ez ditu BBVAk hartutako Eroskiren ekarpen subordinatuen kontratu guztiak modu globalean baliogabetzen, baizik eta bakarrik salaketa-idatzian zeudenak, bakoitza banaka aurkeztu izan balitz bezala. Beste bi eskaeretan, epaileak ez du talde-salaketa aintzat hartzen, eta gainera, salatariak kostuak bere gain hartzera zigortzen ditu.

Velascoren iritziz, "aztarna guztien arabera, auzia ez da hor bukatuko", izan ere, BBVAk esan du errekurritu egingo duela, eta "Bizkaiko Lurralde-Auzitegira ailegatuko da". Adituaren iritziz, Bizkaiko Auzitegiak baliorik gabe aitor dezake egin berri den epaiketa, "eta horrek epaiketa berriz egitera derrigortuko luke". Epaiketa "luze samarra" izan daiteke, Velascoren arabera.

Aditu horren iritziz, beraz, "talde-salaketak ez dira kontsumitzaileendako inongo abantaila", izan ere, "kontrakoa dirudien arren, haien eskubideak baliatzea erraztu baino gehiago, zaildu egiten dute". Hainbeste salatari izanda, "bakoitzaren egoera zehatza aztertu behar da", eta horrek "defentsarako aukerak murrizten" ditu eta, oro har, epailearen lana "zaildu" egiten da.

Gomendio honekin bukatzen du: "Horregatik, mota honetako kasuetarako, EKAn bakarkako salaketen alde egiten dugu, Lehen Instantziako epaitegietan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak