Arreta berezia eskatzen da hainbat mendatetan

Kurtzetako mendatea, Olaetako bidegurutzean.
Larrialdiei Aurregiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du barnealdean elurragatik, gaur egun osorako. Iragarpenaren arabera, baina, goizeko orduak izango dira konplikatuenak: elur-kota 700 metro inguruan egongo da goizaldean, 800-900 metrora igoko da eguerdi partean eta 1000 metrora gauean. Goizean zehar, tarte batean, itxita egon da Kurtzeta, zabalik dago berriz, baina arreta berezia eskatzen da. Elurra ari du bertan eta baita Arantzazun, Elosuan, Kanpantzarren, Arlabanen eta Deskargan ere.

Goizeko elurra Arabako errepideetan ari da izaten arazo iturri, batez ere. Kurtzeta itxita egon da tarte batean, esaterako: 09:00ak aldera mendate gainera iritsi aurreko azken bihurgunean ateratako goiko argazkiak erakusten duen moduan, elurrak erabat hartu du errepidea; zuhaitzen atzeko aldean, gurutzatuta geratu da autobus bat –irudian ondo ikusi ezin badaiteke ere– eta geldirik egon da, ondorioz, kamioia ere. 10:15erako ireki dute berriz mendatea, eta kateak edo neguko erruberak ezinbestekoak izan dira bertatik igarotzeko; uneotan, baina, ez da halakorik behar. Hori bai, elurra ari du eta arreta berezia eskatzen da, baita Kanpantzarren, Elosuan, Arlabanen, Deskargan eta Arantzazun ere.

(Kamioia geldirik Kurtzetan, eta autobusa gurutzatuta aurrerago).

(Kurtzeta gaina, 09:00etan).

Kurtzetako mendatean ateratako argazki gehiago:

Iragarpena

Euskalmeten iragarpenaren arabera, zerua oso hodeitsu egongo da eta gogotik egingo du euria bereziki arratsaldean eta gauean eta batez ere Kantauri isurialdean. Trumoi-ekaitza eta txingorra izateko probabilitatea handia da, egunaren lehenengo partean batez ere.

Mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin, eta arratsaldean ipar-mendebaldetik finkatuko da. Tenperaturan, aldaketarik ez. Arrasaten, esaterako, lau eta zazpi gradu bitartean egongo da termometroa.

Informazio gehiagorako: errepideen egoera eta Euskalmeten iragarpena.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.