Pive 5en atzerapenak "merkatua blokeatu du", bailarakoen esanetan

Leire Kortabarria 2014ko ots. 3a, 00:00

Automobil zaharra utzi eta berria erosteko Pive 5 dirulaguntza programa indarrean dago. Espainiako Gobernuak urtarrilaren 24an onartu zuen programa, hainbat astetan zehar gai hori erosle eta saltzaileen ahotan egon ondoren.

Oraingoan, 10 urte edo gehiago dituen turismoa edo 7 edo gehiago dituen auto komertziala utzi beharko du norberak, eta 2.000 euroko dirulaguntza jasoko du –1.000 euro Espainiako Gobernuak ipinita, eta beste 1.000, salmenta-guneak– berria erosteko. Familia ugariek 3.000 euro jasoko dute. Programak 15 hilabete edo 175 milioi euroko fondoa bukatu arte iraungo du.

Debagoieneko automobil kontzesionarioak programa noiz indarrean sartuko zen irrikatan zeuden. Fiat Kanpazar kontzesionarioko Carlosek dioskunez, "2013a justu-justu" gainditu zuten, eta aurten "gutxienez zertxobait hobeto" ibiltzeko itxaropena dute. "Dirulaguntza planek badute bere eragina; parean tokatzen badira, autoz aldatzera doana animatu egiten da; dirulaguntzarik ez badago, gehiago kostatzen zaio", esaten du Carlosek.

Udalaitz kontzesionarioko Tomas Nuñezek Pive 5 iragarri zenetik indarrean jarri den arte izan den atzerapenak ekarri dizkien arazoak kontatzen dizkigu: "Salerosketa asko plana etorri behar zela jakinda egin genituen, eta matrikulazio asko atzeratuta, ezin egin ibili gara". Bere esanetan, Pive 5en araudia aspalditik zeukaten jasota eta jendeak bazekien. 2013a "justu samar" egin dutela esaten digu, eta urtarrileko aldapa dirulaguntza plan berriarekin lautuko den esperantza dute.

Ford Mugarri salmenta-lekuko Rafa Etxaberen esanetan, "desastrea" izan da Pive 5en kudeaketa: "Blokeatuta utzi dute merkatua, matrikulatu ezinda, eta erreserbak lehengo kupotik egin behar izan ditugu".

Dirulaguntzak, beharrezkoak

Bosgarren dirulaguntza plana da jarraian egiten dutena. Etxaberen esanetan, "automobil markek presio handia egiten dute" gobernuarengan, dirulaguntzarik gabe oraindik automobilgintzaren merkatua ez datorrelako bere onera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak