Leintz Bailaran hezkuntzan hutsunea antzeman du ereduari dagokionez Kristau Eskolak. Azaltzen dutenez, "askotariko arrazoi historikoak tarteko, presentzia handia eta eskaintza zabala" eduki ostean, kristau hezkuntzaren eskaintza falta sumatu dute Arrasaten, Aretxabaletan eta Eskoriatzan. Halako hezkuntza proiektu bat begi onez ikusten duen "familia kopuru esanguratsua" dagoela ikusi dute. Hain zuzen, 600 familiari galdetu diote gizarte-ikerketa baten eta hortik ondorioztatu dute.
2014-15 ikasturtean, beraz, Oñatiko zentroan matrikulatu daitezke Arrasate, Aretxabaleta eta Eskoriatzako ikasleak. Elkar Hezitik bertatik azaltzen dutenez, hurrengo urtera begira eta "eskaera balogeo, hiru herri horietako batean" has daitezke "zerbait egiten, jendearen erantzunaren arabera".
Misioa eta berezko nortasuna
Kristau Eskolaren eginkizunaren barruan, "berezko nortasunetik Euskal Herriari zerbitzua ematea" dela diote ikastetxeko arduradunek, "batez ere bere hezkuntza-erakundeen bitartez. Horregatik du jasota Misio gisa bere hezkuntza-eskaintza euskal herritar guztien eskura ipintzea", zabalduko oharrean jakinarazten dutenez. Hala, "hezkuntza-esparruko beste erakunde batzuen antzera (Administrazioak, Ikastolen Elkarteak…), egungo bere eskaintza aztertzeari ekin zion, alde batetik elkarren gertu diren ikastetxeen artean elkarlana sustatu eta sinergiak bideratzeko, eta bestalde, gaur egun iristen ez den eskualdeak identifikatu eta bere hezkuntza-eredua eskaintzeko aukerak aztertzeko". Hortik dator Leintz ibarrera zabalkundearekin hasteko asmoa.