2012an baino gehiago baina aurreikusi baino 41,7 milioi gutxiago batu du zergatan Foru Ogasunak

Leire Kortabarria 2014ko urt. 24a, 10:36
Gipuzkoako Foru Ogasunak 3.731,4 milioi euro batu zituen zergatan 2013an, aurreko urtean baino %3,2 gehiago. Dena dela, aurrekontuaren betetze-maila %98,9koa izan da, aurreikusi baino 41,7 milioi gutxiago.

Aldundiak kudeatzen dituen zergetan Gipuzkoako aurrekontua baino gehiago batu da: %100,5eko betetze-maila, aurreikusitakoa baino 15,7 milioi euro gehiago. Zehazki, 2012an BEZ zerga igo zuen Espainiako Gobernuak, eta horrek diru-batzeari mesede egin dio. Zeharkako zergak dira, hain zuzen, diru-emaria gehien handitu dutenak: %6,2. BEZarengatik %6,3 gehiago batu da; Ondarearengatik, %25,4; eta Sozietateen Zergatik, %3,5. Zuzeneko zergen bidez, 2012an baino %1,4 gehiago besterik ez da batu.

Ogasunaren esanetan, aurreikusi baino gutxiago batu izana Espainiarekiko doiketatik dator. Doiketa horretatik aurreikusi baino 57,4 milioi gutxiago jaso ditu Gipuzkoak.

Ogasunak balorazio ona egin du eta "ezarritako helburua lortzetik oso gertu" gelditu dela azpimarratu du Helena Franco diputatuak. "Estatuarekiko kupoaren desadostasunak gainditzeko ordua" dela gaineratu du Francok.

50 milioiko isuna

Zerga kontuekin jarraituz, Europako Batasunaren Justizia Auzitegiko abokatu nagusi Eleanor Sharpston-ek Espainiari 50 milioi euroko isuna ipintzea gomendatu du, "euskal zerga oporren" barruan hainbat enpresari legez kanpoko laguntzak ematearren.

Gomendio hori ez da loteslea, baina Justizia Auzitegiak abokatuaren gomendioei kasu egiten die hamar kasutik zortzitan.

Dirulaguntza horiek legez kanpokotzat jo zituzten epaileek 2001ean, eta urte horretan bertan exijitu zieten hiru euskal lurraldeei laguntzatan emandako dirua berreskuratzea. Luxemburgok aurkako epaia egin zuen 2006an. Urte horretan, euskal diputazioei oraindik 322 milioi euro berreskuratzea gelditzen zitzaien; Europako Batzordeak 358 milioitan baloratu zituen dirulaguntza horiek.

Legez kanpo jotako laguntzak zerga-kreditu gisa eman ziren, inbertsioen %45engatik, eta ogasunek unean uneko zergak kobratzeari uko eginez, besteak beste.

Isuna Espainiari ipiniko zaion arren, Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako diputazioek ordaindu beharko dute. Arabak eman zuen dirulaguntzen %65 (334 milioi); Bizkaiak eta Gipuzkoak, 85 milioi eman zituzten bakoitzak. Bizkaiako Foru Aldundiaren eskaera da diputazio bakoitzaren erantzukizunaren arabera banatzea isuna.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak