Hilabeteren ostean igartzen hasi da loteriaren eragina

Ubane Madera 2014ko urt. 24a, 08:03
Gizonezko bat, zenbaki saritua eskuetan duela, administraziokoarekin ospatzen.
Datorren eguaztenean, urtarrilaren 22an, hilabete izango da Loteria Nazionalak Arrasaten sari potoloa utzi zuela: 180 milioi euro gordin, 62.246. zenbakiari esker. Momentuko euforiak atzean utzita, eta herritar askoren aldarte edo animoan aldaketa nabarmena igarri den arren, urte hasiera honetan hasi da, batez ere, sari potoloaren eragina modu praktikoan igartzen gure inguruan. Batez ere, etxeen salmentan igarri dute gorakada

Ez da igarri orain hamar urte tokatu izan balitz igarriko litzatekeen modura: kapritxoetara edo lehen mailako beharrak ez diren produktuetara bideratutako kontsumora. Noski , halakorik izan badagoen arren, etorkizun beltza eta segurtasunik eza horren gertu ikusi ostean, jokabide zurruna da nagusi; are gehiago, hausnarketa prozesuan dabiltza oraindik horietako batzuk. Eta beste askok, berriz, etorkizunean lagunduko duten inbertsioak aukeratu dituzte.

Etxeen ezaugarri aldaketa

Hori egunerokora itzulita, etxebizitzen salmentan ikusi da joera hori, batez ere. Gorakada nabarmena igarri dute. Eta gorakada, batez ere, etxebizitza berrien merkatuan. Arrasateren kasuan, adibidez, salmenta kopurua handitzeaz gainera, merkaturatzen hasi diren etxebizitzen ezaugarrietan aldaketa ekarri du loteriak: bigarren eskuko eta etxebizitza merke samarretatik, garestiago diren etxebizitzetara pasa da merkatua.
Baina, batez ere, herritarren animoa da loteriak eraldatu duena. Krisiaren eta, batez ere, Fagorren itxieraren ondorioz erabat deprimituta zeuden herritarrak apur bat piztu egin ditu. Azukre koskor bat uretan urtuko balitz  bezala. Zerbait, sikiera.

Kontsumoaren garrantzia

Diru kontuetan adituak diren Laboral Kutxatik argi ikusten dute loteriak utzitako diru horiek kontsumora bideratzea oso garrantzitsua dela. "Ekonomia, sektoreak eta negozioak eta merkataritza bultzatu nahi baditugu, era bakarra hori da. Noski, ez kontsumo basatia, baizik eta kontsumo arduratsua da egokiena".

"320.000 eurok eman ematen dute, baina ondo inbertitu behar da"

Dezimo eta erdi tokatu zitzaion loterian Jose Inazio Aguerori (Arrasate, 1961). Dirutan itzulita 480.000 euro. Hala ere, eta hilabeteren ostean, Renault Mecan lanean aurkitu dugu gizona, askok uste izango ez luketen moduan:

Hori tokatuta ere, lanean?
Hiru seme-alaba ditut, eta konpondu beharreko gauza asko.

Hilabeteko perspektibak ematen duen lasaitasunetik, zela bizi da loteria saridun izatea?
Oraindik hausnartzen dihardugu zer egin, lasaiago. Pozik gaude,  hori bai. Momentu zailak bizitzen genbiltzan lan kontuengatik-eta… Eta orain askoz lasaiago gaude, jakina.

Beraz, inbertsio/gastu askorik ez duzue egin oraindik?
Ez dugu ezer egin. Gauzak begiratzen gaude,

Izan ere, badirudi bizimodua konponduta duzuela, baina ez da horrenbesterako, ala?
Nik uste dut ezetz. Dela gehiago euforia kontua. 320.000 eurok eman ematen dute, baina ondo inbertitu behar da.

Hala ere, betiko izango duzu gogoan non zeunden tokatu zitzaizula jakin zenuenean…
Bai, gosaltzen nengoen… oraindik ere oilo-ipurdia jartzen zait. Gizon bat sartu zen mugikorrarekin esanez Arrasaten tokatu zela. Katxondeoan zebilela pentsatu nuen. Baina bost minutura lankide batek deitu zidan, hortik gutxira beste batek…Urduri jartzen hasi nintzen… Shock handia izan zen.

Zer da egin zenuen lehena?
Etxera joan zenbakia begiratzera. Interneten ikusi genuen, baina, hala ere, begiratzera joan ginen, egia zela ziurtatzera. Eta bai. Oso-oso urduri geunden. Zuzenean jaitsi ginen San Andresko Administraziora. Eta bai. Han ere ospatzen zebiltzan! Gau hartan ez genuen ia lorik ere egin.

Zer egin diruarekin?

Laboraleko Iturriotz kaleko zuzendari Iñaki Goñik gako batzuk eman dizkigu:

  • Inbertitzera animatuko nituzke saridunak. Eta inbertsio motak aukeratzeko orduan, aholkularitza zerbitzuak izaten dira. Laboral Kutxan, adibidez, aholkularitza finantzario eta fiskalak ditugu: Banka Premium eta Banka Pertsonala.
  • Adibidez: profil ausarta duten bezeroendako inbertsio fondoak eta era guztietako fondoak daude, mundu osoko gestoreekin: AEBetan, suspertzen ari diren herrietan…
  • Burtsan, dibisetan: dolarrekin. Orain merke dago, baina, agian, garestituko da, eta irabazi batzuk lor daitezke. Edo eurotan…

Loteriaren eragina

  • Olatz Zubia, Anboto etxe agentzia: "Igarri da, bai. Nabarmen. Hirukoiztu egin zaigu salmenta kopurua. Eta gainera, beste estilo bateko etxeak saltzen hasi gara: erdigunean, handiak, nahiko berriak, berri-berriak… Azkenaldian, beste etxebizitza mota bat saltzen zebilen: 90.000-100.000-120.000 euro ingurukoak. Orain, bueltatu gara 250.000-300.000 eurokoetara. Guk asko igarri genuen Fagorren kontua: gutxi gorabehera, %40 jaitsi zen gure salmenta kopurua, eta urtarrilean %50 igo da. Mugimendu handia igartzen da; sekula ez da geldi egon sektore hau, baina orain salmenta mota aldatu egin da eta mugimendua handitu".
  • Zigor Aginagalde,  Bibai agentzia: "Asko igarri dugu. Abenduaren 23an bertan etorri zitzaigun jendea. Datuak: 16 etxebizitza saldu ditugu Gelman (gazteak dira erosle gehienak). Datu gehiago: abenduaren 23tik 31ra (bi jaiegun tarteko) 13 bisita egin nituen. Eta urtarrilean 23 egin ditut. Oso gorakada handia da hori. 2008tik hona ez dut halako salmentarik izan. Egia da, baita ere, prezioak inoizko baxuenak direla, eta hori ere igartzen da. Adibidez, etxebizitza erosi duten 16etatik bosti ez zaie loteriarik tokatu. Etorri dira prezioak igoko ote diren beldur. Horren harira, oraingo prezioak otsailaren 28ra artekoak izango dira".
  • Mikel Loiti, Citroen Chapime: "Mugimendu handiagoa igartzen da, bultzadatxoa eman dio merkatuari, bai. Fagorreko kontuarekin bazirudien bailara geratu egin behar zela guztiz, eta honek bultzadatxoa ekarri du eta espero dugu bultzadatxoa baino gehiago izatea. Fagorrenak demaseko eragina izan du kontsumoan, nahiz eta esperotako zerbait izan. Eta jendea beldur handiarekin dago. Zenbat eta birkokatze gehiago egin, orduan eta txikiagoa izango da eragina, baina hori normalizatu bitartean zailtasunak izango ditugula argi dago. Loteriak, sikiera, bultzadatxoa emateko balio badu, horrela izan dadila".
  • Rafa Etxabe, Ford Mugarri: "Zerbait igartzen dugu, baina gure sektorean ez da nabarmentzeko moduko zerbait. Matrikulazioak zelan doazen ikusita, adibidez, ez dago daturik erakusten duenik lehenagoko martxarekin alderatuta egoera asko aldatu denik. Bat edo bi gehiago salduko dira, baina… Nik uste dut gehiago dela transmititzen duen animoa beste ezer baino. Baina, argi eta garbi, gehien igarri duen sektorea da etxebizitzena. Jendeak arazo handiagoak ditu kargekin, etxebizitzekin… nik badakit jendeak egin duena dela etxe berria erosi eurendako eta zaharra eman seme-alabendako edo alderantziz…".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak