Iñaki Galdos: "Duela 40 urte Oñatira etorri ziren unibertsitate ikasle iparamerikarrak guardia zibilek eskoltatuta sartu ziren"

Eneko Azkarate 2014ko urt. 24a, 09:00

Hamaikabaten "porrotaren" ostean politika beste modu batera jarraitzen du orain, besteak beste, 'Basque Tribune' proiektu komunikatiboaren bitartez. Baina beste proiektu bat badauka esku artean: duela 40 urte Oñatira etortzen hasi ziren gazte unibertsitario iparramerikar haien gaineko liburu eta dokumentala prestatzen dihardu. Horri buruz jardun dugu Iñaki Galdosekin (Oñati, 1966) bere herrian.

Ameriketako Estatu Batuetatik, Boisetik, Oñatira hainbat ikasle etorri zirela 40 urte betetzen dira aurten, ezta?
Bai, 1974-75 ikasturtean etorri ziren Oñatira. 9 hilabeteko egonaldia egin zuen lehen talde hark. Izan ziren aurrekariak, egonaldi laburragokoak, Ustaritzen edota Arantzazun, baina Oñatira etortzen hasi zirela 40 urte dira.

Zer dela-eta etorri ziren Euskal Herrira eta, zehazki, Oñatira?
Beno, Arantzazu ezagutzen zuten, Oñati oso herri euskalduna zen eta, bestetik, Carmelo Urzak kontatzen du kasualitatea ere izan zela. Esaterako, ETEO eskolaren lehengo eraikinean agustindarrek bazuten abadegaiak hartzeko tokia baina elizaren krisiagatik-eta hutsik zen,. Hortaz, tokia bazen han… Oro har, orduko testuingurua ulertu behar da, gakoak, eta 70eko hamarkadaren ezaugarri bereziak: Euskal Herriko egoera politikoarekiko jakingura berezia zegoen, Burgoseko epaiketa… Diaspora aldatzen zihoan, folklorea, sukaldaritza, elkartasuna... ziren haren ezaugarriak, baina elementu berriak ere sortu ziren. Bereziki, politikarekiko berpizkundea, belaunaldi berriak, euskal kultura eta euskararekiko interes berria. Eta erabakigarria izan zen unibertsitatearen inplikazioa. Renon sortua zen ordurako Basque Studies, gero Boisen… Gaur egun Ameriketako Estatu Batuetan indartsua zen unibertsitate programa bat, USAC, sortu zen Oñatiko esperientzia honetatik eta haren sortzailea izan zen Oñatin egon zen Renoko ikasle bat.

Zeure blogean diozu lehergailuak-eta ipini zizkieten hasieran.
Bai, hori hala da, ETEOn bertan jarri zituzten aste batzuk lehenago eta horrela aitortzen du Xabier Zumalde El Cabra-k. Bestetik, guardia zibilek eskoltatuta sartu ziren gazte hauek Oñatira. 20 bat urteko 60 bat lagun ziren. CIAkoak zirela ere zabaldu zen, drogak zekartela Euskal Herrira… Hasieran, beraz, arazotxo batzuk izan zituzten, baina berehala integratu ziren eta, batzuek, bikotekidea ere aurkitu zuten Oñatin.

Euskara ikastera etorri ziren?
Berez, horretara, zehazki, ez. Batzuk bai, beste batzuk ez… Euskal kultura ezagutzera bai. Euskararekin lotuta, aipatu nahi dut euskara ikasteko metodo bat sortu zuela 1968an Ameriketako Estatu Batuetan Joe Egigurenek.

Oñatira etorri zirenen artean zegoen Billy Petersen, CSI telebistako saioko protagonista?
Bai. Haren alaba, Maite, hemen jaio zen. Gure asmoa bada harekin ere berba egitea. Etorri zen besteetako bat Boiseko telebista bateko aurkezle famatua da; Carmelo Urza USAC programaren sortzaile izan zen; Chris Bieter epailea da eta haren anaia alkatea... Azken hau ez zen hona etorri, baina familia hartakoa da. Oñatin zazpi bat urtez etorri ziren eta, ondoren, Donostiara egin zuen jauzia programak, EHUra, USAC programaren bitartez...

Noiztik dituzu harremanak Boiseko euskaldun jatorrikoekin?
Aspalditik, ordutik. Oñatira etorri zirenez geroztik. Gure familiak beti izan du harremana Ameriketako Estatu Batuetako euskaldunekin, batez ere Boiseko batzuekin eta, bereziki, Bieter familiarekin. 1974ko irailean ateratako argazki baten agertzen naiz Oñatira etorritako batzuekin, Chris Bieterrekin ere bai, artean 8 urteko mutikoa nintzela. Gaur egun, haren anaia Dave Bieter da Boiseko alkatea. Bietertarrak oso ezagunak dira Boisen. Esaterako, bi hauen aitak sortu zuen handik gurera ikasleak ekartzeko programa. Aitzindaria izan zen, gaur egun ezagutzen dugun Erasmusen antzekoa.

Zein zen Chris eta Dave-ren aita?
Pat Bieter. Irlandar jatorrikoa. Unibertsitateko irakaslea, baina baita politikoa ere, Demokrata, Idahoko Kongresuaren izenean, senataria. Honen emaztea, Eloise Garmendia, euskal jatorrikoa zen. Istripu tragiko baten hil ziren biak, 1999an.

Zerbait berezia egin nahi izan duzu 40. urteurrenaren harira?
Bai, beti izan dut gogoan data hori. Boisen, euskaldunen jaialdi handi bat izaten da bost urtetik bost urtera eta 2005ean, 30. urteurrena bete zenean, antolatu zituzten erakusketa, hitzaldi eta abarrak. Eta jabetu nintzen bazegoela materiala zerbait berezia egiteko. Hortaz, hango jendearekin-eta berba egin ostean, erabaki nuen lan honi heltzea. Hasierako asmoa liburua egitea zen, baina hemerotekatan-eta arakatu ostean, ohartu ginen ikus-entzunezko baterako ere bazegoela materiala. Jarri gintuen harremanetan Asier Altuna zinegile bergararrarekin eta, hura, oso lanpetuta zegoenez, Koldo Almandozekin egitea erabaki dugu. Gidoiarekin lanean dihardugu, finantzazioa topatzen, dokumentazio lanetan...

Bete betean sartu zara, hortaz, liburua eta dokumentala egiten.
Bai, horretan dihardut eta Ameriketako Estatu Batuetara joango naiz aurki. Hainbat faktore daude interesgarri egiten dutenak proiektua eta, gainera, gutxi idatzi da honi buruz. Liburua baliatu nahi dut, era berean, euskal diasporaz jarduteko, momentu bereziak gogoratzeko eta pertsona konkretu batzuen gainean berba egiteko. Horien artean, Joe Egiguren Pat eta Eloise Bieter, Yon Oñatibia…

Aurki zoaz Boisera, hortaz?
Bai, hilabete batzuk emango ditut han eta 2015erako dena gertu izan nahiko nuke: bai liburua eta baita dokumentala ere. Esan dudan moduan, bost urtetik behin jaialdi berezia egiten da Boisen eta 2015eko uztailean egingo da berriro. Testuinguru horretan, 40. urteurrenaren amaieran, aurkeztu nahiko genuke dena.

Badira urte bi eta erdi alderdi politikoetatik eta erakunde publikoetatik urrun zaudela. Zer duzu eskuartean une honetan aipatu dugun proiektu horrez gain?
Komunikazio proiektu baten murgilduta nago, buru-belarri: Basque Tribune. Ingelesez idatzitako aldizkari digital bat da, Euskal Herriari buruzkoa. Ez daukagu erredakzio edo kazetari lan talderik eta kolaboratzaile sare zabala daukagu. Kontseilu editorial bat daukagu eta gai jakin batzuen gainean idazteko enkargatu egiten dizkiegu artikuluak kolaboratzaileei. Horien artean daude Mikel Alonso futbolari izandakoa, Juanjo Alvarez, Sixto Jimenez, Jule Goikoetxea, Daniel Innerarity, Aingeru Epaltza… Urtebete daroagu horrekin, ilusio handiarekin gabiltza.

Amerikako Estatu Batuetan ezagutarazten gabiltza eta hango hainbat jende batu nahi dut proiektura. Bestetik, hainbat hedabidetan kolaboratzen ere badihardut. Alderdi politikoetatik aparte, baina politika gertutik jarraitzen dut. Mutikoa nintzenetik gustatu izan zait poliitika eta modu asko daude politikan jarduteko. Esaterako, zapatuan aurkeztuko da Oñatin Gure Esku Dago. Parte hartzeko gonbita egin zidaten eta han izango naiz. Alderdi politiko ezberdinetako jendeak, kiroletakoak… deitzen didate aldiro hainbat gairen gainean nire ikuspuntua emateko.

Zela ikusten duzu hemendik Katalunian gertatzen ari dena?
Beti jarraitu izan dut interesarekin Katalunia. Orain urte asko antolatu genituen jardunaldi batzuk Donostian eta etorri zen Kiko Homs Kataluniako gobernuaren bozeramailea edo Salvador Cardus… Ondo dago halako miresmen bat edukitzea Kataluniarekiko baina ez dira kasu berdinak gurea eta Eskoziakoa edo Kataluniakoa. Herri eta jendarte bakoitzak bere ezaugarri eta historia dauka. Katalunian badago gizarte zibil antolatu bat. Hemen gatazka gogorra izan da han egon ez dena. Hizkuntzak beste pisu bat dauka han… Eskoziaren kasuan, batez ere Madrilek dauka zer ikasi Britainia Handiarekiko.

Hamaikabat alderdia ezerezean geratu zen.
Bai, hala izan zen, ez genuen izan jendartearen babesik eta etxera joan ginen. Hori ere uste dut aitortu egin behar zaigula, beste batzuk ez dutelako hori egin. Guri leporatu izan zitzaigun EAtik EAJn bukatuko genuela eta EAk zioen ez zela egia ezker abertzalearekin amaituko zutela eta begira zela diren gauzak. Hor dago egi historiko bat: batzuk ez dugu amaitu EAJn eta beste batzuek bai amaitu dute ezker abertzalearekin elkarlanean. Bizitzan jakin egin behar da porrotak asimilatzen. Izan ere, beste batzuek, porrota jaso arren, arrimatu dira honen edo bestearengana. Orain gustura nago politika ikusten, albotik, oso une interesgarriak datoz-eta. Bestetik, uste dut ona dela herri honetan ezker abertzale indartsu bat egotea, nahiz eta ez izan nire aukera.

Zela ikusten duzu bake prozesua?
Batetik, Raxoik eta PPk ez dute ezer egiten eta, antza, ez dute egingo. Eta hori tamalgarria eta salagarria da. Baina Raxoi egiten ari da iragarri zuena. Ez da mugitu. Ez du bere hitza jan. Igual geuk saldu genuen bake prozesuarena, hemen bake prozesurik abiatu ez denean. Inozo samarrak izan gara horretan. ETAk urrats gehiago eman beharko ditu, baina eskatzen zaizkionak emanda ere, Raxoi ez da mugituko, batez ere ekonomia dagoen moduan egonda.

Parot Doktrina delakoaren ebazpena?
Paradoxikoki, ona eta gizalegezkoa izan arren, beste ondorio kaltegarri batzuk ekarri ditu. Raxoi Europatik behartua ikusi da gogoz kontrako neurri batzuk hartzera, baina, horren ordainetan, gogortu egin ditu hainbat politika. Horrek denak eragotzi du Raxoik urratsak ematea. Horretaz gain, alderdi politiko berri bat sortu dute eskuma muturreko sektore gogorrenek… Horrek guztiak garamatza euskaldunok urrats berriak aldebakarrez ematera.

Abertzaleen artean?
Denon artean eman behar ditugu urratsak hemen. Ni ez naiz fronteen aldekoa. Abertzaleen arteko lankidetzaren aldeko sutsua naiz, baina fronteak egin barik. Gainera, historikoki ikusi dugu abertzaleok fronteak egin ditugunean, botoak galdu ditugula. Baina, bestetik, ez da onargarria PP eta PSE-EE egiten ari diren blokeo etengabekoa ere.

Legebitzarreko Bake ponentziatik ezer etor daiteke?
Badirudi sozialistak ere sartuko direla eta aurrera egingo duela.

Eta Euskal Preso Politikoen kolektiboaren adierazpena?
Ondo etorria, baina Yoyes erail zutenetik horrenbeste urte pasa direnean eta errefuxiatuak etxera badatozela ikustean, zeure buruari galdetzen diozu: "Hau lehenago ezin zitekeen egin?". ETA ezin daiteke izan agente politiko bat. Baina une interesgarriak datoz. Denbora berri baten sartzen ari gara, mugimenduak daude hemen eta kanpoan, Nafarroan eta Iparraldean ere bai…

Zela ikusten dituzu Bilduko gobernuak Oñatin eta Diputazioan?
Ez dut gustuko orain gobernuan daudenak juzgatzea. Gauza asko ondo egiten ari dira, beste batzuekiko kritikoagoa naiz. Uste dut gauzak ez direla zuri edo beltz. Eta lehen ez genituela gauzak horren txarto egiten kritikatzen zitzaigun moduan, eta gaur ere gauza batzuk ondo eta beste batzuk txarto egiten dituztela. Bestetik, norberaren kudeaketa lanarekiko autokritikoak ere izan behar gara.

Urkulluren gainean galdetuko dizut, hortaz; izan ere, hari eman zenion botoa, ezta?
Lehendik neukan harekin harreman pertsonala eta uste dut gaitasuna badaukala lehendakari izateko. Gauzak ondo egiten ari dela iruditzen zait. Agian ez da munduko liderrik karismatikoena, baina krisi garaietan eta une historikoetan, agian, hobe dira bere moduko profileko buruzagiak, isilagoak. UPyDren eserlekuagatik ez zuen lortu PPrekin adosterik, ez zutelako zenbakiek ematen, bestela egingo lukeela iruditzen zait. Baina ondo etorri da, besteak beste, akordioak batzuekin zein besteekin lortzeko beharra izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak