Turista gehiago izan dira Gipuzkoan, baina gutxiago landa eremuan

Leire Kortabarria 2014ko urt. 21a, 16:19

Gipuzkoak ia milioi bat turista izan zituen iaz -943.773 lagunek eman zuten gaua Gipuzkoako hotel edo ostaturen baten-, 2012an baino %1,01 gehiago. Hala ere, landa ingurunean behera egin zuen turista kopuruak: landa-ostatuak %4,5 bisitari gutxiago izan zituzten. Turismoko zuzendari nagusi Roke Akizuk eman ditu iazko turismo datuak, gaur, martitzena.

Ostatu motari dagokionez, hoteletako egonaldiak handitu ziren gehien 2012arekin alderatuz, bai bidaiari kopuruan (%1,8), bai gaua ematean (%2,8), eta egonaldiaren iraupenean (1,95 egunetik 1,97 egunera). Araba eta Bizkaiak hiru parametro horietan emaitza negatiboak izan dituzte.

Bidaiarien jatorriari dagokionez, "Gipuzkoak Estatuko bisitarien kopurua mantentzen du, ia nabaritzen ez den %0,98ko jaitsierarekin", esan du Akizuk. Araban eta Bizkaian, aldiz, %10 eta %5 jaitsi da bisita kopurua, hurrenez hurren. Gipuzkoak 2012an baino atzerriko bisitari gehiago izan ditu 2013an, %7,5 hain zuzen ere; Araban, aldiz, %9 jaitsi ziren bisitak, eta Bizkaian, %2,9 igo ziren.

Landa ostatuei dagokienez, bidaiari kopurua eta gaua igarotzearen kopurua jaitsi egin da 2012. urtearekiko Autonomia Erkidego osoan. Hori bai, Gipuzkoa izan da gutxiena jaitsi dena, ostatu mota hau aukeratu zuten %4,5 bidaiari gutxiagorekin; aitzitik, Bizkaian eta Araban %19,5eko eta %13,5eko jaitsiera eman da, hurrenez hurren.

Ez da urtaroko turismoa

Roke Akizuk nabarmendu duenez, “turismo errekor berri honek 2013an esaten genuena erakusten du, hau da, Gipuzkoa erakargarria dela, eta krisia gorabehera, aintzat hartzen den eta hazkunde gaitasun gehien duen lurraldea dela”.

Gaineratu duenez, "urtarokotasuna apurtzen eta egonaldia luzatzen ere aurrerapausoak ematen ari gara, Gipuzkoako Turismo Planaren bi funtsezko helburu". Esan duenez, etortzen diren turistak denbora luzeagoz geratzen dira Gipuzkoan.
Araba eta Bizkaian bidaiari kopurua jaitsi egin zen iaz, %11 eta %4, hurrenez hurren.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak