Errenta-berdintasun handia dago Euskadin; neurri on baten, dirulaguntzengatik

Leire Kortabarria 2014ko urt. 21a, 14:06

Diru sarrerak berdintasun handienez banatzen dituzten Europako herrialdeen parean dago Euskadi baina, bestalde, gizarte dirulaguntzek zeresan handia dute hori horrela izan dadin, azterketa baten arabera. Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko hiru teknikarik –Francisco Javier Antón Murillok, José Angel Colinas Santosek eta Ricardo Iruarrizaga Presak– egin dute azterketa hori, eta Ekonomiaz aldizkarian argitaratu berri da.

Hiru ikertzaile horiek 1986 eta 2012 artean Euskadin errenta nola banatzen zen begiratu zuten. Horretarako, pobrezia eta gizarte desberdintasunak ezagutzeko helburuarekin, 4.200 familiari inkesta egin zioten.

Suediaren azpitik

Txostenaren egileek Gini indizea hartu dute aintzat. Horren muturreko balio batek, 1ek, berdintasun osoa adierazten du, eta 100ek, ezberdintasun osoa. Bada, hori hiru puntu jaitsi zen 1986tik 2008ra bitartean, eta 2008an, 25,2an kokatu zen. Maila hori Suediak (24,4) bakarrik hobetu du.

Bestalde, Europako Batasuneko datua (30,8) eta Espainiakoa (34) Euskadikoa baino "nabarmen handiagoak" direla azpimarratzen dute egileek. "Are gehiago, dezilak erabiliz eginiko analisiak adierazten du epealdi horretan lortu den hobekuntza goiko deziletatik behekoetara eginiko birbanaketaren ondorioa dela".

Langabezia prestazioa

Bigarren ondorioa da "gizarte prestazioek paper garrantzitsua" dutela diru sarreren banaketan. Garrantzi hori zifratan islatzen dute egileek: EAEri dagokion Gini indizea bost puntutan jaistea eragiten dute gizarte prestazioek. "%10 aberatsenaren eta txiroenaren arteko erlazioak islatzen du, transferentziarik ezean, bi talde horien arteko distantzia 2012an 15,5 aldikoa izango zela, baina transferentziei esker distantzia hori 5,2 aldikoa bakarrik dela".

Gizarte prestazioen artean, "bereziki" langabezia prestazioak, aurretiko erretiroak eta familia babesteko prestazioak egiten dute ekarpenik handiena, Anton, Colinas eta Iruarrizaga ikertzaileen iritziz. 1996-2008 epealdian, batez beste, guztizkoaren %70 inguru izan ziren prestazio horiek. Bestetik, Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemak diru sarrerak bermatzeko errenta (RGI), etxebizitzarako prestazio osagarria eta gizarte larrialdietarako dirulaguntzak hartzen ditu eta, hori kontuan izanda, 2008. urtean prestazioen diruaren %13 eman zuen, eta handituz joan da partaidetza hori, 2012an %17ra ailegatu arte.

Laburbilduz, azterlan horren arabera, ekonomia krisiak diru sarrerak gutxitu ditu, baina ez du eragin esanguratsurik izan sarrera horien banaketan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak