Dolores Redondo: "Nobela beltza idazteko buru oso gaiztoa eduki behar da"

Txomin Madina Milikua 2014ko urt. 23a, 00:00

Dolores Redondo.
Urtebete pasa da donostiarrak Baztango trilogiaren lehen zatia argitaratu zuenetik, eta Herbehereetan, Norvegian edo Italian ere irakurri ahal izan dute; bigarren zatian ere kalean da.

1. Hezurren ondarea hirutik bigarrena da. Hasiera eta bukaera bezain ezinbestekoa?

Zaindari ikusezina icebergaren punta da eta Hezurren ondarea gorputza; baina ez da ahaztu behar zati garrantzitsuena ur azpiko za-tia dela, Ofrenda a la tormenta.

 

2. Zergatik erakarri dituzte hainbeste irakurle Amaia Salazarren ikerketek?

Uste dut arrazoia dela, egiazko emakumeen moduan, protagonistak duen indar eta hauskortasun nahasketa.

 

3. Oraingoan gainera, haurdun hasten du eleberria.

Emakumea da nobela honen gai nagusia, eta amatasuna, matriarkatuaren oinarri kultural eta pertsonaia batzuen karakterizazio psikologikoa bezala. Eguneroko ikuspegitik ere bai: garapen profesionalaren eta guraso izatearen arteko gatazka konpondu ez duen gizartean amek sentitzen duten erruduntasuna eta exijentzia.

 

4. Hirugarren alea idatzi duzu?

Horretan nabil, elkarrizketa amaitzean jarraituko dut. Ez dut presiorik sentitzen: trilogia eleberri bakarra balitz bezala ulertu behar da; lehen hitza idazterakoan banekien zein izango zen amaiera.

 

5. Noizko pantaila handian?

Millenium-en ekoizle Peter Nadermannek egokituko du, eta aurrera doa proiektua; espero dut laster berri onak izatea.

 

6. Donostiarra izanik, nondik dator Baztanekin duzun lotura?

Eleberriaren kokalekua aukeratu behar nuen, gainerakoa argi neukan. Baztan aukeratu nuen kokaleku geografikoagatik, edertasunagatik, aberastasun historikoagatik, kondairen indarragatik... Ia-ia esango nuke Baztanek aukeratu ninduela ni.

 

7. Zuri esker, Baztan mundu osoan da ezaguna. Ordaindu dizute zerbait hango turismo arduradunek?

Hurrengo FITUR-en egongo naiz Baztan promozionatzen; ordainketari dagokionez, bizilagunen maitasunarekin ordainduta sentitzen naiz; Baztani, eman didan zerbait bueltatu ahal badiot, nahikoa da.

 

8. Bizitzeko baina, Baztanen partez, Erribera aukeratu duzu.

Maitasuna da ñoñostiar bat bere etxetik atera dezakeen gauza bakarra, eta tuteratar batek du errua. Oso pozik bizi naiz Erriberan, baina Baztanen nago ahal dudan guztietan.

 

9. Nobela beltza idazteko, buru apur bat gaiztoa eduki behar da?

Oso gaiztoa esango nuke nik, kar, kar, kar... Pentsa ezazu egun guztia krimenak planeatzen ematen dudala.

 

10. Idazlea izateaz gain, sukaldaritza ikasitakoa ere bazara. Zein da zure plater izarra?

Arrain zopa Gure erara bertan seko geratzeko modukoa da (eta ez darama arsenikorik).

----------

Makila magikoa baneuka: "Egunero gauza bat egingo nuke. Gaur, esaterako, Sarrigurengo eskola publikoko ikasleei eskola berri bat egingo nieke: egun ez dira kabitzen, eta gaixoak sardina lata baten baleude bezala daude. Muxu bat eurendako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak