Lan-harreman berria iragarri dute Jaurlaritzak eta Adegik, eta sindikatuek erantzun egin diete

Leire Kortabarria 2014ko urt. 20a, 09:39

Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak, Arantza Tapiak, Adegik proposatutako lan-harreman eredu berria babestu zuen eta apirilean onartuko den Industria Planean "garrantzi nabarmena" izango duela aurreratu zuen.

Apirilean Industria Plan berria onartuko da. Hala jakinarazi zuen Arantza Tapia Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak. Horren barruan, nobedadeetako bat lan-harremanak egiteko modu berria da. Sailburuaren esanetan, enpresen lehiakortasuna haien "demokratizazioa" areagotuz hobetuko duen "berrikuntza sozialeko estrategia" bat izango da.

Adegik antolatutako "lan-harreman berriei" buruzko jardunaldia izan zen joan den astean, eta hantxe egin zuen agerraldia Tapiak.

Sailburuak esan zuen Jaurlaritzak "argi" duela "Euskadin bizi dugun lan-gatazken maila ez datorrela bat denon artean eraikitz joan garen gizarte-mota garatuarekin". Bere esanetan, horrek "zaildu" egiten du lehiakortasuna bultzatzea, eta "enplegua suntsitzen" da horren ondorioz, "inbertsioak alde egiten" du, eta "industria eta enpresa berriak hemen ezartzea uxatzen" du.

Iaz, %20,9 greba gehiago

Datu batzuk eman zituen: Lan Harremanen Euskal Kontseiluaren arabera, 2013an 300dik gora greba egin ziren Euskadin, 30.000 pertsona inguruk hartu zuten parte eta 125.000tik gora lanaldi galdu ziren. Gaineratu zuenez, greba kopurua %20,9 hazi da urte batetik bestera; parte-hartzaileena %65,7 hazi da, eta lan egin gabeko %8,4 lanaldi gehiago izan ziren. Bestalde, PRECOren, lan-harremanen kontseiluaren jarduna ere hazi egin da: %1.532,7 ugaritu da urterik urtera. 2013an, azarora arteko datieukin, 1.222 gatazka aurkeztu ziren eta 437.254 langileri eragin zieten.

Enpresendako "ingurune egokia" bilatzeko bidean, honako ekintzak egin behar direla esan zuen: balio erantsi gehien duten jarduerak bultzatzea, eta enpresak demokratizatzea: "pertsonek parte-hartze handiagoa izatea kapitalean, kudeaketan eta emaitzetan". Beraz, enpresek "lan-gatazkan oinarritzen zen bidea uztea" beharrezkotzat jo zuen.

Tapiaren esanetan, "planteatzen ari gara nola kudea dezakegun enpresa bat enpresaburuen eta langileen artean komunikazio handiagoa egon dadin, elkarrizketa zuzenagoa, gardentasun handiagoa, bata bestearekiko konfiantza handiagoa…" Gaineratu zuenez, "berrikuntza ez-teknologiko" horrek "garrantzi nabarmena" izango du Industrializazio Plan berrian.

Lehenik, Innobideak-Kudeabide programa dago, 2014ko martxoan kaleratuko dena, eta EGLSk diseinatu eta landu duena, hiru foru aldundiekin elkarlanean. Eta, bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak arrisku-kapital bat sortu du, 2,5 milioi eurokoa, oraingoz.

"Koakzio" handiagoa

Lan-harreman proposamen horrek erantzuna jaso zuen berehala. LAB sindikatuak, esaterako, Adegik bere proposamena aurkezten zuen bitartean protesta egin zuen. Asier Imazek, LABeko Industria federazioko arduradunak, esan zuen eredu hori ez dela berria eta "zuzeneko elkarrizketa" dagoeneko egiten dela: "Langileari esaten diote bulegoetara igotzeko eta hauxe esaten diote: sinatu ezazu hau edo kalera zoaz". Gaineratu zuenez, Eusko Jaurlaritzak Adegiren proposamenari "estaldura politikoa" emateak adierazten zuen "EAJren gobernuak ez duela posiziorik patronal honen aurrean".

ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradun Joseba Villarrealek ere balorazio negatiboa egin zuen: "Adegik banan-banan nahi gaitu, bere baldintzak modu koaktiboagoan inposatzeko". Euskadiko CCOOk "demokrazia aurreko garaietara buelta" dela esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak