Amaia Txintxurreta: "Emozionatu egin nintzen horrenbeste gaztetxo Kantariko abestia kantatzen ikustean"

Ane Miren Etxeberria 2014ko urt. 19a, 20:00

Energiaz beteriko emakumea dugu Amaia Txintxurreta Kantariko aurkezlea. Karaoke ikuskizunaren laugarren edizioa amaitu berri da eta berarekin egon gara bizitako esperientziaren berri izateko.

Zapatuan Arrasaten izan zinen Kantariko azken grabazioak egiten, zer moduz joan ziren?

Primeran joan ziren Arrasateko grabazioak. Izugarrizko harrera egin ziguten Amaia antzokian; gure artista gazteen guraso, familiarteko eta lagun ugari joan ziren kantariak animatzera eta Amaia antzokia jendez lepo bete zen. Gazteei animoak emateko kartel eta guzti joan ziren lagunak ere egon ziren lehen ilaretan eta benetan pozgarria da bertaratu zirenen aurpegietan irribarreak ikustea. Nik ere asko disfrutatu nuen gaztetxoekin batera. Saio guztiak grabatu ostean, gainera, sorpresa bat ere egin zidaten lankideek; Arrasaten izan genuen harrera bikaina izan zela ikusita, bertan zeuden gaztetxo guztiak taula gainera igotzera gonbidatu zituen Aitor Agirianok guztiok batera Kantariko kantua abestu eta dantzatzeko. Nik ez nekien hori egin behar zenik eta sorpresa hartu nuen. Emozionatu ere egin nintzen horrenbeste gaztetxo batera Kantari kantatzen entzutean.

Zeu ere telebistako karaoke batean abesten hasi zinen musika munduan lehen urratsak egiten, ezta?

Bai, halaxe da. Telebista saio bateko karaokean abesten azaldu nintzen lehen aldiz telebistan 13 urterekin, Betimu izeneko saioan. Momentu horrekin ez naiz inoiz ahaztuko eta orain Kantariko gaztetxoak ikusten ditudanean ni gazteagoa nintzeneko momentu horrekin gogoratzen naiz. Nolako ilusioa nuen agertoki gainera igo eta abesteko, baina era berean urduritasunak ere banituen normala den moduan. Kantariko gaztetxoak taula gainera igo aurretik ikustean, neu ere horrelaxe egon nintzela gogorarazten dut ilusioz.

Neska mutil asko pasa dira oholtza gainetik, izar asko ditugu Debagoienean?

Bai, horixe! Kantariren laugarren edizioan 600 gaztetxo inguruk hartu dute parte eta izan garen herri guztietan erakutsi digute badutela gaitasuna taula gainera igo eta horrenbeste jenderen aurrean dantzatu eta abesteko.

Entseguak ere egin dituzue aurten, zer moduz joan dira?

Oso ondo. Uste dut entseguak orokorrean oso eraginkorrak izan direla. Talde bakoitzarekin lan egiteko aukera izan dugu entseguekin eta horrek parte-hartzaileekin harreman zuzenagoa izatea ere ekarri digu.

Kantari saioko laugarren edizioa amaitu da, zein balorazio egiten duzu?

Oso ona. Esango nuke nik pertsonalki gehien disfrutatu dudan edizioa izan dela. Zergatik? Entseguak izan ditugulako gaztetxoekin eta hor hartu-emana izan dugulako eta ikuskizunetan DJ lanetan ere ibili naiz eta horrek ekarri dit denbora guztian agertoki gainean egotea eta zuzenean ikustea gaztetxoak egiten ari zirena eta baita publikoaren erreakzioa ere. Behin grabazioak bukatuta, guraso ugarik esan didate euren seme-alabak gustura hartu dutela parte Kantarin eta egiten dugun lanagatik zoriondu gaituzte, horrek asko bete nau. Eskerrak ematea ere gustatuko litzaidake Kantarin modu batera edo bestera parte hartu duten guztiei; bai artista gazteei eta baita ere lan-taldeari.

Musikarekiko zaletasuna aspalditik datorkizu?

Bai. Umea nintzenean oporretan Benidormera joaten nintzen eta hoteletan eta tabernetan musikariak ikusten nituenean txundituta gelditzen nintzen. Nik ere abeslari izan nahi nuen. Eta Benidormen zapadu nuen agertoki bat lehenengo aldiz 4 urte nituenean. Karaoke ingeles baten kanpoko aldean geunden bertako jendeak nola abesten zuen entzuten eta gurasoei esan nien nik ere abestu egin nahi nuela. Bertara sartu, mikrofonoa hartu eta ikastolan ikasitako lehenengo ingelesezko abestia kantatu nuen jendaurrean. Globo eta gozokiak eman zizkidaten.

Eta orain abeslari eta DJ moduan ere ibiltzen zara, ezta?

Bai. Hain justu ere aurten hamargarren denboraldia egingo dut abeslari moduan. 16 urterekin hasi nintzen Ermuko talde batean kantuan, herriko eta auzoetako jaietan eta ezkontzetan abesten nuen eurekin. Horren ostean, Tolosako beste talde batekin ibili nintzen beste urtebetez. Gero, bi denboraldi egin nituen Iruñeako La Banda Meteoro taldean eta beste bi Altsasuko Ciclón orkestran. Azken urteetan Ermuko hasierako talde horretan nabil abeslari moduan. Musical Araba izeneko musika denda daukate Ermuan taldekideek eta beraiekin ibiltzen naiz kantuan jaietan eta ezkontzetan.

Horrez gain, DJ moduan ere ibiltzen naiz. Aurten hirugarren denboraldia egingo dut Bergarako Zabalotegiko gaztetxoen jaialdietan DJ lanak egiten, Oñatiko gaztetxoendako DJ jaialdi batzuetan ere egon naiz eta bailarako beste herri batzuetako plazetan ere izan naiz DJ moduan; Arrasaten, Aretxabaletan eta Oñatin, adibidez. Elgetako Espaloian ere pare bat alditan izan naiz.

Eta gustura egiten duzun lana da?

Zalantza barik. Nire pasioetako bat da musika eta asko betetzen nau plazarik plaza ibiltzeak. Gustura egiten dudan lana da eta gainera ondo pasatzen dut.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak