Zerga nagusi gehienak erreformatzea onartu dute Batzar Nagusiek: PFEZ, Sozietateen Zerga eta Oinordekotza eta Donazioen Zerga. Paktutik kanpo geratu da Ondare Zerga.
PFEZi dagokionez, 2015eko Errenta Aitorpenean igarriko da orain onartutako erreforma.
Bilduk aurrera eroan nahi zuen osoko zerga erreforma zapuztuta geratu da horrenbestez, eta Helena Franco Ogasun diputatuak kritikatu egin du EAJ, PP eta PSEren hitzarmena, esanez "ekitatean eta progresibotasunean atzera egitea" dakarrela eta diru-bilketa "murriztu" egingo duela. "Lobbyek bultzatutako" erreforma dela eta "langileak zigortzen" dituela ere esan du Ogasun diputatuak.
Hauek dira onartutako erreformaren gako batzuk:
-PFEZen, hiru tramu berri izango dira eta %49ko tipoa inauguratzen da. Hain zuzen, 177.000 euroko edo gehiagoko likidazioa dutenek %49 ordaindu beharko dute.
Aurrezpenari dagokionez, aurrezkietatik lortutako irabaziek zerga gehiago ordaindu beharko dute. 30.000 eurotik beherako errenten zerga txikitu egiten da, baina 2.500 eurora arteko errentek %20 ordaindu beharko dute aurrerantzean; 10.000 eurora artekoek, %21; 15.000 eurora artekoek, %22; 30.000 eurora artekoek, %23; eta hortik gorakoek, %25.
-Orain arte, etxebizitza erosteagatik kenkaria zuten 35 urtera arteko zergadunek; aurrerantzean, adin-muga hori 30 urtean egongo da. Urtean zehar etxebizitzarengatik deduzitu daitekeen kopurua txikiagoa izango da: 1.800 eurotik 1.500 eurora pasatuko da.
-Eztabaida handia sortu izan duen moduluen sistema, autonomoendako, desagertu egingo da. Moduluen sistemarekin, aurreikusitako irabazien gaineko zergak ordaintzen ziren. Lehen sektoreko jarduerek salbuespenak izango dituzte.
-Pentsio-planetan urtero sartu daitekeen gehieneko kapitala txikiagoa izango da, eta 52 urtetik gorakoek ezingo dute ekarpen estrarik egin, orain arte egin zezaketen ez bezala.
-Oinordekotzak jasotzeagatik %1,5 ordaindu beharko zaio Ogasunari. Lehenengo 400.000 salbuetsita geratuko dira.
-Sozietateen Zergan, mikroenpresek zuzeneko eta zeharkako zerga txikiagoa ordaindu beharko dute. ETEak eta ondare-sozietateak erregimen orokorrean izango dira aurrerantzean. Dena dela, funtsean, Sozietateen Zerga ez da aldatuko, baina %13ko gutxieneko zerga ezarriko da.
-Gutxitasun eta mendekotasunarengatik zeuden kenkariak berreskuratuko dira Gipuzkoarako.
-Enpresek ez dituzte orain arteko kenkari batzuk izango, hala nola formazio gastuengatik eta pentsio-sistema osagarrietan ekarpenak egiteagatik, baina enplegua sortzeagatik eta I+G aktibitateengatik zeuden kenkariei eutsi egingo zaie.
EAJ, PSE eta PPren esanetan, neurri guztiak aplikatuz gero, 1.500 milioi gehiago batuko dira zergatan.