Debagoieneko txakolina ere izango da bihar Getarian

Imanol Gallego 2014ko urt. 16a, 20:00

Arrasateko Egiaundi upategiko Jabier Arregi, Kataide txakolina eskuetan duela.
Bihar, egubakoitza, egingo da Getariako Txakolin Eguna. Han dastatuko dira aurreko urteko mahats uztarekin egindako txakolinak, Arrasateko Kataide eta Oñatiko Upaingoa tartean. Mahats biltze garaian eguraldi bikaina egin zuen eta Txakolinaren Kontseilutik zehaztu duten moduan, "haren parekoa izango da aurtengo txakolina".

Txakolinaren ezagupena eta estimazioa handitu diren neurrian, upategi berriak egin dira, eta eremu geografiko bera zabaldu da Getaria eta inguruetatik Gipuzkoa osora. Lurralde osoan 402 hektarea txakolin daude; tartean, Debagoieneko sei ekoizle.

Debagoienean sei baserritan dituzte Getariako Txakolina jatorri izeneko txakolina egiteko mahatsondoak. Lau Oñatin daude eta beste bi Arrasaten. Horietatik bi Getarian egongo dira: Arrasateko Egiaundi upategiak Kataide izenekoa erakutsiko du; eta Oñatiko Upaian upategiak, Upaingoa izenekoa.

Aurten, guztira, hiru milioi botila ekoiztu dituzte, eta, lautik hiru Gipuzkoan kontsumituko diren arren, atzerritik ere gero eta gehiago eskatzen da.

San Antonen ondotik, San Bizente

Kataide txakolina dastatzeko beste aukera bat ere izango da, Debagoienean bertan. Hilaren 26an izango da, Angiozarko Parteitti auzoan.

Izan ere, San Bizente eguna ez da jaiegun handia izango toki askotan, baina Angiozarko Parteitti auzoan oso kuttuna duten data da. Aurten santuaren eguna hilaren 22a, eguaztena, da, eta festa nagusia datorren domekan, hilaren 26an, ospatuko dute. Eta eztarria eta giroa bustitzeko, urtero moduan, Kataide txakolina dastatzeko aukera egongo da aurten ere.

Auzotarrek diotenez, ez da Bergarako festarik handiena, baina bertakoek oso gogoko duten data seinalatu horietako bat da. Ohiturari eutsiz, domeka eguerdian meza nagusia egingo dute. Horren ostean, auzotarrek eroan eta prestatutako produktuak luntx batean eskainiko dituzte. Azken ekintza horretan, musikaren laguntzarekin auzotarrak batu eta auzo giroan ospatuko dute eurentzat handia den festa txiki hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak