Alfredo Gonzalez Chirlaque: "Musikaren alorrean ikasi dudan guztia aitarengandik jaso dut"

Eneko Azkarate 2014ko urt. 17a, 11:00
Alfredo eta Patrizia aita-alaba, pianoaren aurrean, Bergarako Musika Eskoan.
Euskadiko Orkestra sinfonikoak Miguel Gonzalez Bastida Bergarako bandako zuzendari izandako musikari handia omenduko du gaur, barikua, Udal Pilotalekuan. Kontzertu berezia izango da; izan ere, haren seme Alfredok zuzenduko du orkestra (Goiena telebistak osorik grabatu eta urtarrilaren 24an, barikuan, emango du, 22:15ean). Harekin eta honen alaba Patriziarekin, musikaria ere berau, berba egin dugu.

Ze harreman daukazu Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin?

Familia artekoa gehienbat. Aitak, Bergarako Orfeoiko zuzendari izan zenean, Euskadiko Orkestrarekin hainbat emanaldi egin zituen. Baina Euskadiko Orkestrarekin ez ezik, esaterako, RTVEren Orkestrarekin ere harreman handia izan zuen aitak, Odon Alonso zuzendari zela, Bergarara hainbatean etorri zelako.

Zela sortu da Euskadiko Orkestra sinfonikoa Bergarara etortzeko aukera?

Iñigo Alberdi Euskadi Orkestrako Zuzendari nagusiaren ekimena izan da. Hura Bergaran urte askotan bizi izandakoa da, bertan ikasi du musika, eta Bergarako Udal Musika bandako eta Orkestra Sinfonikoko kide izana da. Bestetik, Euskadiko Orkestrak herrietara egiten ditu irteerak aldika eta aitarekin zeukan harreman berezia dela-eta erabaki zuen aitaren omenez egitea kontzertua. Ez hori bakarrik, kontzertuan aitaren obra bat eskaintzea eta obra hori nik neuk zuzentzea proposatu zuen.

Lorea izeneko zeure aitak konposatutako zortzikoa zuzenduko duzu. Haiek aukeratu dute obra hori?

Bai. Lorea aitaren biloba bat zen, musika ikastera zihoala, bidean, auto istripuan hil egin zena. Soraluzekoa zen. Eta Iñigo Alberdi soraluzetarra da sortzez. Bestetik, zortziko bat da eta beti izan du gustuko pieza hori. Sentimendu handiko obra da eta ondo islatzen dira aitaren sentimenduak lan horretan.

Harreman handia zeukan aitarekin Iñigo Alberdik?

Bai, tronboiaz gain pianoa eta organoa jotzen zituen eta aita ere organista handia zen. Horregatik bien arteko harreman zuzena. Bergarako Santa Marinako parrokiako koroa zuzentzen zuen aitak organoarekin eta Alberdi sarritan aitaren ondoan egoten zen.

Zirrara berezia sentituko duzu egubakoitzean?

Bai, bai, jakina, pentsa!. Orkestra sinfoniko profesional bat zuzentzea eta aitaren obra bat eskaintzea berezia da. Gainera oso gutxi da aita joan zitzaigula… Ikusi behar zela erreakzionatzen dudan zuzenean.

Gonzaleztarren tradizioari eustea ez da makala izango.

Ikasi dudan guztia aitarengandik jaso dut, dena zor diot hari. Ni, bereziki, bandako musikaria naiz. Nire bizitzako proiektua Bergarako Udal Musika Banda da batik bat. Nire esku dagoen guztia egingo dut beste urte askoan iraun dezan, nire aitak edo aitonak egin zuten moduan, kalitateari eusten eta etengabe hobetzen, nire ondorengoak ere, Bergarak beti izan duen moduko kalitatezko musika banda izan dezan. Bergarako marka bat izan da betidanik Udal Musika banda.

Bergarako Orkestra sinfonikoa ere hor dago.

Bai, gazteagoa da, ia 30 urte ditu. Hori ere oso inportantea da niretako. Izan ere, orkestra sinfoniko iraunkor eta musikari amateurrez osatuak oso gutxi daude. Herrietan koroak eta abesbatzak badaude, musika bandak badaude; orkestrak, zergatik ez? Halaxe hasi ginen eta hortxe jarraitzen dugu. Musikariak pasa dira ume edo gatetxo izatetik aita-ama izatera eta hor jarraitze dute.

Aitaren ekarpenik nagusia zein izan da?

Konposatu zituen obrak eta Udal Musika Bandari eman zion maila eta ospea. Aitaren obrak han eta hemen entzun dira. Bestetik, beti jakin izan zuen musika banda bat, banda amateurra betiere, maneiatzen. Euskal tradizioari eutsiz konposatu zituen obra asko, hura izan zen bere marka. Beste ekarpen handia, Bergarako herriari utzi dizkion obrak bai bandarako eta baita orkestrarako ere. Eta, azkenik, organista lanetan egindakoa ere nabarmenduko nuke. Jende askori sartu zion organoarekiko har hori.

Gonzaleztarrena hiru belaunaldi dira Bergaran. Alaba Patriziak ere segitzen dio.

Bai, nire aitona Ignaciok hasi zuen bidea. Hura ere izan zen Udal Musika Bandako zuzendari, nire aita eta ni neu bezala. Baina Patriziak beste bide bat hartu du, pedagogiarena. Irakaslea da. Bandan eta Orkestran jotzen du eta pianoa ere ikasia du, baina beste maila batean segitzen du, oraingoz. Zaletasun handia dauka eta lan asko egiten du Bandan eta Orkestran. Halere, gauza bat esan behar dut: nire aitonak ez zuen nahi izan aita musikatik bizi zezan, nahiago zuen beste lanbide bat izan zezan. Nik ere, heldu nintzela, 18 urterekin, erabaki nuen honetatik bizitzea… Patriziak badauka lanbide bat eta musika da bere zaletasuna… Baina nabari zaio Gonzaleztarra dela.

Aitaren obrarik aipagarriena?

Stabat Mater (1976), amaren, hau da, bere emaztearen omenez egina, hil berritan. Beste erregistro bat erabiliz orkestrarako egindako obra mardula da.

Aitak ze aholku ematen zizun?

Esaten zidan hankak lurrean edukitzeko, urratsak astiro emateko eta beti nor naizen eta non nagoen jakiteko. Jakin egin behar da talde bat eroaten, derrigortu barik, astiro, bakoitzak daukana atereaz, baina jakinda musikari amateurrak direla.

Eta alabari ematen diozu aholkurik?

Nire kargu dauzkadan musikari guztiei esaten diet garrantzitsuena dela musikaz gozatzea. Disfrutatzen duen musikariak ematen dizu. Hobetzeko ahaleginik egiten ez duenari nabari zaio, eta gustura ez badaude onena uztea dela esaten diet.

Bergarako Udal Musika Banda etengabe gaztetzen doa ezta?

Bai, hala da, oraintsu sartu berri dira lau. Gustatzen zait adin ezberdineko jendea egotea: hasi berriak, 14 urtekoak, baina, aldi berean, erretiratuak ere bai, 70etik gorakoak. Eta, tartean, belaunaldi eta adin ezberdinekoak. Hori oso aberasgarria da eta ona da kideendako. Sekulako giroa dago Bergarako bandan.

Nabarmentzekoa da, gainera, Bergarako Udal Musika Bandak dituen jarraitzaileak.

Bai, bai, harrigarria da, bai. Hilero eskaintzen dugun emanaldian, Udal Pilotalekuan, 500 bat lagun elkartzen dira eta ikusten da ondoko herrietatik ere etortzen dela jendea. Gero, Gabonetan, Aratusteetan eta abar egiten ditugu emanaldi bereziak eta baita herritik kanpo ere, baina ohiko egutegiko kontzertuak ere oso jarraituak dira. Maitatua da herrian musika banda. Sozialki, herri batendako oso inportantea da banda bat.

Ze moduz Euskadiko Orkestrakoekin?

Entsegu bakarra egingo dugu eta, ondoren, egubakoitzean, emanaldiaren aurretik beste bat. Baina ez dago arazorik, Lorea obrak ez dauka konplikazio berezirik eta ondo ezagutzen dut; bestalde, musikari profesionalekin ariko naiz, berme osoa daukat eta lasai nago.

Zirrara berezirik sentituko duzu?

Azken egunotan egin diot galdera hori neure buruari eta aita gogoratu dut. Oraindik ere bandaren emanaldietan gogora etortzen zaizkit aitaren oroitzapenak, han, goian, kontzertua zutik jarraitzen. Bilbokoa ere oso hunkigarria izan zen. Familia guztia elkartu ginen eta txuleta bikaina bazkaltzen amaitu genuen, denok elkarrekin, baserri-jatetxe baten. 

 

PATRIZIA GONZALEZ GUTIERREZ:

"Aitona zein musikari handia izan zen gogoratzeko unea izango da gaurkoa"

Banda eta Orkestraren alabak Gonzaleztarren trazioari eusten dio, baina musika ez da haren ogibidea.

Oso berezia izango da egubakoitzeko emanaldia zuretako ere.

Bai, aitarendako bereziki, baina aita ikusiko dut orkestra handi bat zuzentzen eta aitonaren lanak interpretatzen. Zelako musikari handia izan den gogoratuko dut.

Zer ikasi zenuen, bereziki, aitonarengandik?

Otorduetan-eta, aita eta aitona, elkarrekin musikaren gainean solasean ikusten ditut oroitzapenetan. Aitona doinua kantatzen gogoratzen dut. Aitarengandik ikusi dut nik, bereziki, gertukoagoa izan da beti.

Aitarengandik ikas duzu, hortaz, musika.

Bai, Musika Eskolan hasi nintzen eta perkusioa ikasi dut. Aitak pianoa erakutsi zidan. Danborrak-eta beti egin zaizkit erakargarriak. Orkestran hasi nintzen eta geroago bandan, 14 bat urterekin. Musika serio hartzen, saiatua izaten, erakutsi dit aitak, teknika menderatzeko ahalegina egiten. Eta, bestalde, sentimendua ere oso inportantea dela, musika barru-barrutik sentiarazten lagundu dit aitak. Musika maitatzea da gakoa. Eta sentimenduek eroan zaitzatela…

Zer gustatzen zaizu, bereziki, perkusioaren alorrean?

Laminak. Baina danborrak ere bai…

Zela eroaten duzu Miguel Gonzalez Bastidaren biloba izatea?

Ondo, ohituta nago. Ez dit arazorik sortzen horrek.

Zure aurrekoak musika izan dute eta dute ogibide. Zuk zeuk horretan ikusten duzu zeure burua?

Erakustea dut gustuko eta musika, profesionalki, akaso, larregi iruditzen zait. Baina musika, zailtasuna baino gehiago, zerbait beharrezkoa da niretako, Bandako edo Orkestrako kide izatea. Zeinek daki non amaituko dudan. Musikaren harra barru-barruan daukat eta erakustea gustuko dudanez, beharbada, musikarekin eta irakaskuntzarekin zerikusia daukan zerbaitetan amaituko dut. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak