Euskal Orkestra Sinfonikoak eta Udalak elkarlanean antolatutako kontzertua da eta azaroan hil zen musikariari eta konposatzaile bergararra izango dute gogoan. Iñigo Alberdi, Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari orokorraren esanetan, hiru B batuko dituzte kontzertuan: Bastida, Brahms eta Beethoven.
Bastida gogoan
Hain zuzen ere, Gonzalez Bastidak konposatutako Loreak zortzikoarekin hasiko dute kontzertua, eta Miguelen seme Alfredo Gonzalez Chirlaquek zuzenduko du. Alfredok esan digu Euskadiko Orkestra Sinfonikoko zuzendari Alberdi beraren ekimena izan dela kontzertuan aitaren obra bat eskaintzea eta Alberdik berak proposatu ziola obra zuzentzea. Horrenbestez, kontzertu berezia izango dela dio Alfredok. "Oso kontzertu hunkigarria izango da, bai niretzat eta baita nire familiarentzat. Izan ere, baldintza eta oroitzapen asko batuko dira, espero dut hori publikora ere transmititzea", dio Alfredok. Ildo beretik mintzo da Patrizia Gonzalez biloba ere: "Niretzat EOS hona etortzea eta aitonari omenaldia egitea oso garrantzitsua da. Gainera, oso polita izango da berak sentimendu osoz konposatutako obra jotzen entzutea EOS, nire aitak zuzenduta". Maitasunez egiten du berba Patriziak. Maitasunez aitonaz eta aitaz, eta baita musikaz ere. Izan ere, musika belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan diren zerbait izan da Gonzalez familian.
Kontzertuari Bastidaren lanaz emango diote hasiera. Gero, Brahms-en biolin, biolontxelo eta orkestrarako kontzertua joko dute. Biolin bakarlari Lorenz Nasturica-Herschcowici arituko da –baita orkestraren zuzendari ere ere– eta biolontxelo bakarlari, berriz, Juan Ignazio Emme; biak la biak maila handiko musikariak. Emanaldiaren bigarren zatian, Beethovenen 5. Sinfonia joko dute.
Kontzerturako sarrerak aurrez 10 eurotan eros daitezke kultura etxean eta Lazkano zapata dendan. Leihatilan 12 eurotan eskuratu ahal izango dira.
Bergaran bosgarrenez
Bosgarren aldiz izango da EOS Bergaran kontzertua egiten. 1982ko azaroan izan ziren lehen aldiz, Haendelen Messias interpretatuz, Enrique Jordaren zuzendaritzapean. Emanaldi hartan Bergarako Orfeoiak hartu zuen parte eta Miguel Gonzalez Bastidak zuzendu zuen, hain zuzen, orfeoia kontzertu hartan. Gonzalez Bastida gaurko omenduak 85eko martxoaren 10ean, EOSek Bergaran egindako beste kontzertu baten ere hartu zuen parte. Orduan ere Bergarako Orfeoia zuzendu zuen Maria Folco mezzoaren part-hartzearekin, Odon Alonsok zuzenduriko emanaldi batean. Prokofieven Alexander Nevsky, op 78 obra eskaini zuten. Azkenekoz, 2008ko abenduaren 12an izan zen orkestra gurean. Juanjo Ocon eta Iker Sanchezek zuzendutako emanaldian, Sanchezek gaur omenduko duten Gonzalez Bastidaren Loreak zuzendu zuen eta baita haren anaia Jose Mariaren Triptico para orquesta-ren 3. mugimendua, Leyenda vasca.