Debagoieneko Sortuk Jaurlaritzari eta Kutxabanki eskatu die babestu dezaten Geyserren eta Edesaren bideragarritasun plana

Julen Iriondo 2014ko urt. 16a, 12:18

Sorturen Debagoieneko hainbat ordezkari, prentsa agerraldian.
Bideragarritasun plan horrek Geyserreko langile gehienen lanpostuak bermatuko lituzkeela adierazi du Jaione Isazelaia Bergarako alkateak. EAJri gonbitea egin dio Sortuk, gai hauetan ere norabide berean lan egiteko. Jeltzale, sozialista eta popularrek fiskalitate arloan Gipuzkoan hartutako azken erabakia kritikatu, eta lehentasuna ehun industriala eta langileak babestea izan behar dela adierazi du ezker abertzaleak.

Debagoieneko Sortuko arduradun eta udaletako hainbat hautetsik agerraldia egin dute Bergaran, zenbait kooperatibista eta langilerekin batera, Fagor Etxetresnekin gertatuaren ostean Edesako eta Geyserreko kontseilu sozial eta langileek egindako bideragarritasun plana babestuz.

Jaione Isazelaia Bergarako alkateak zera adierazi du: "Bideragarritasun plana serioa, ongi landua eta enpresari etorkizuna bermatzeko baliagarria da, eta Bergarako Geyser enpresako langile gehienen lanpostuak mantentzeko balio du. Are eta gehiago, bideragarritasun plan hori aurrera ateraz gero, Edesa eta Geyserren erabakigunea Euskal Herrian geldituko litzateke".

Gipuzkoako Foru Aldundiak bideragarritasun planari emandako babes politiko eta ekonomikoa txalotzen ditu Sortuk, eta gauza bera egin dezaten eskatu die Jaurlaritzari eta Kutxabanki. Ezker abertzaleak kezka adierazi du zentzu honetan.

"Ehun industrialak eta langileek bost importa die batzuei. Beste lehentasun batzuk dituzte; hemen lehentasuna banka eta enpresa eraikitzaile handiak dira. Eta uste dugu horiek direla lehentasuna, benetan horiek direlako agintean daudenak, horien zerbitzura dago muntatuta sistema, eta, horregatik, fagor edo Debagoieneko beste hainbat eta hainbat enpresa eta langile bizi izaten ari diren egoera ez da lehentasuna", azaldu du Ibai Redondok, Sorturen Debagoieneko arduradunak.

Eta konponbide prozesuan bezala gai honetan ere norabide berean lan egiteko gonbite zuzena egin dio Sortuk EAJri. Jeltzaleek sozialista eta popularrekin batera Gipuzkoako Batzar Nagusietan atzo eragindako fiskalitate arloko aldaketak, ordea, ez ei du bide zuzena erakusten.

"PNVk, PPk eta PSE-EEk osatzen duten oposizioak, elkarrekin, Gipuzkoan zegoen fiskalitate progresibo hori bertan behera utzi dute eta gaurtik aurrera gipuzkoar guztiok pairatuko ditugu horren ondorioak, gutxi batzuk aberatsago izango dira eta, orokorrean, langileok eta pertsonok askoz kaxkarrago egongo gara", zioen Redondok.

Amaitzeko, krisiaren irtenbidea ezkerretik datorrela adierazi die Sortuk herritarrei, burujabetza eta eraldaketa soziala direla irtenbidea.

Erlazionatuak

BIDEOA: Sorturen agerraldia

Julen Iriondo 2014 urt 10 Arrasate   Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak