Munduan 6.500 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dira. Hizkuntzak dira kulturen adierazle garrantzitsuenetakoak eta beraz, munduko kultura aniztasunari eusteko, hizkuntzak zaindu behar dira. Euskarak Euskal Herria du bizitoki bakar eta, jakina denez, egoera gutxiagotuan dago.
Gainera, gurean beste hizkuntza ugari bizi dira, asko azken urteetan etorri diren pertsonek ekarriak. Aniztasuna, beraz, etxean daukagu. Bakoitzak bere hizkuntza zaindu eta erabiltzeaz gain, beste hizkuntza batzuk ere ikasiz gero, denok aberastuko gara.
Hiztegitxoak.eu webgunea hainbat esparrutan baliagarri izan daiteke, hala nola, eskola eremurako. Honela, elkar harremanerako oinarrizko hiztegi hauekin, elkarren arteko ezagutza eta aitortza bultzatu nahi da euskara erdigunean jarriz. Web gunearen bidez, 330 hitzeko oinarrizko hiztegia eskuratu daiteke.
Era berean, erabiltzaileek hizkuntza berrietako oinarrizko hiztegiak txertatu ditzakete, web gunea gero eta hizkuntza gehiagorekin elikatuz. Hiztegitxoak.eu webguneak Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren babesa jaso du.