Geroago eta bizilagun gehiago ditu euskararen auzoak

Leire Kortabarria 2014ko urt. 15a, 00:00

Euskaraz komunikatzea da helburua; hori bai, beti giro atsegin eta lagun artekoan, Oñatiko Auzokokoek argazkian erakusten duten moduan.
Euskararen berora elkartzen dira astero Debagoieneko hainbat lagun, batzuk bertan jaioak eta beste batzuk kanpotik etorriak, batzuk euskal hiztunak eta beste batzuk euskara ikasleak. Auzoko izena du hizkuntza eta jatorria askotako jendea koadrila baten bezala elkartzea ahalbidetzen duen programak, eta Topaguneak, batetik, eta euskara elkarteek eta herri bakoitzeko euskalgintzak, bestetik, ipini dute martxan herriz herri.

Debagoienean, lau herritan daude dagoeneko euskararen 'auzo' berri horiek: Bergaran, 2010ean hasi ziren, eta iaz gehitu zitzaizkion Aretxabaleta, Oñati eta Eskoriatza. Bergara aitzindaria izan arren, beste hiru taldeek ere badute zer kontatu.

Auzokoren helburua ez da euskaraz ez dakitenek hizkuntza ikastea, baina bai euskaraz ez dakitenak edo euskaratik gertu bizi ez direnak euskarara gerturatzea. Beste helburu batzuk dira bertakoek eta bertaratutakoek harreman-sarea osatzea, koadrila bat moduan; euskara izatea komunikazioaren oinarria; eta elkarren kulturaren eta hizkuntzaren berri jasotzea, lagunartean eta modu informalean.

Emakumeendako bakarrik 

Topagunearen eskutik eta Udalaren eta Jardunen laguntzarekin, Bergaran hasi zen Auzoko, 2010ean. Han, dagoeneko bi talde daude: bat Lagun Talde Zabala deitzen dutena, egubakoitzero, 18:00etan batzen dena kultur etxeko ganbaran; eta, iazko ikasturtea ezkero, emakumezkoen taldea ere, 17:00etan batzen dena. Izan ere, talde zabalean auzokide guztiak gizonezkoak ziren. Fenomeno bera gertatu da Eskoriatzan ere. Bergarako dinamizatzaile Aitziber Plazaolak honela azaltzen du: "Ordutegia dela-eta, emakumeen kasuan, bestelako lan batzuk egiten dituzte, nahitaez erantsita, haurren zaintza, etxeko lanak… horrek asko lotzen ditu eurak. Beste arazo bat da ez daudela ohituta askotan modu publikoan gizonezkoekin batera hainbat ekintzatan parte hartzera. Errealitatea zen talde iraunkor bat geneukala, mugatuta ez zegoela baina bakarrik gizonezkoena zena". Hala, bakarrik emakumeek osatzen dute bigarren taldea; hori horrela izatea beharrezkoa ikusi dute arduradunek, emakumezko auzokideek konfiantza har zezaten.

Bergarako talde zabalean 20 lagun ibili ziren iaz, eta 12 daude urte hasieran; emakumeen taldetik 15 lagun pasa dira, eta sei dabiltza astero-astero; talde bakoitzean bizpahiru auzotar dabiltza.

Argitu behar da Auzoko ez dela etorkinei bakarrik zuzendutako programa, baizik eta, Plazaolaren esanetan, "euskaratik hurbil eta euskaratik urrun bizi garenok elkartzeko" modu bat eta elkartze hori euskaraz egiteko modu bat. Horregatik, edozein arrazoirengatik euskaratik urruti bizi den edozein izan daiteke auzokide. Orain arte, bailarako auzokide gehienak etorkinak dira, baina ez denak.

Aretxabaletan, martxoan hasi zuten taldea 14 auzotar eta auzokidek; euskaldunez gain, sahararrak, kurduak, sevillarrak, mexikarrak eta galiziarrak daude; Oñatin, lau auzotar eta 10 bat auzokide daude, azken horiek espainiarrak (Toledo, Malaga eta Madrilgoak), argentinarrak, ginearrak, ruandarrak, pakistandarrak, kubatarrak eta kolonbiarrak; Argentinako eta Kolonbiako kideak bakoitza bere umearekin joaten denez, taldea handiagoa izaten da batzuetan–; eta Eskoriatzako taldea azaroan hasi zen, hiru auzotar eta zazpi auzokiderekin –Pakistan, Maroko eta Saharako auzokideak dira–.

Lokaletik kalera 

Bergara, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Oñatiko arduradunak sarri batzartzen dira, ekintzak koordinatzeko eta ideiak elkartrukatzeko; dena dela, Aitziber Plazaolak dioenez, "herri bakoitzak bere ezaugarriak" ditu. Adibidez, Aretxabaletan, beste herrietan ez bezala, emakumeak dira auzokide gehienak, eta emakumeek bakarrik osatzen dute taldea. Beraz, aurtengo helburu gisa, "taldea indartzea eta jende berriarekin beste talde bat sortzea" dute, Irati Urkia dinamizatzaileak dioenez.

Dena dela, funtzionatzeko modua eta helburuak berberak dira denen kasuan. Auzotarren artean, batzuek ez dakite euskaraz ezer, beste batzuk euskaltegian dabiltza eta zer edo zer badakite, baina oso maila apala izaten dute horiek ere. Hala ere, komunikazio-hizkuntza euskara izaten da ahal den neurri handienean, Oñatiko taldeko arduradun Urko Egañak dioenez: "Euskaraz hitz egiten dugu, euskara ulerterrazean, eta gero ulertzen ez dutena erdaraz azaltzen diegu".

Koadrila baten erara batzen dira, eta horrek ere euskal kulturako beste berezitasun batekin familiarizatzeko balio die Euskal Herritik kanpoko auzokideei. Egañaren esanetan, "euskal kultura eta, horren barruan, euskara lantzeko aukera da Auzoko. Hala, gastronomia lantzen dugu eta afari bat egin dugu, hemengo platerekin, baina, datozen hilabeteotan, auzokide bakoitzak bere herrialdeko errezeta bat egingo du; pintxo-poteoa ere egiten dugu eta tarteka egiten jarraituko dugu…" Horrela, ikasgelatik urruti, euskaraz gero eta gehiago hitz egiten entzuten dute atzerritarrek, eta hemengo ohiturak bereganatzen dituzte modu ludikoan.

Euskara nola lantzen duten adibide batzuk ematen dizkigu Bergarako dinamizatzaileak: "Normalean, eguneroko bizitzan baliagarri izan daitezkeen gauzak lantzen ditugu, gero, kalean erabili ahal izateko. Horien artean, ordua, zenbakiak, janariak, arropak, eguraldia, gure buruak aurkezten..." Aretxabaletan, egun baten, fruten izenak ikasi zituzten eta, gero, denda batek ateak ireki zizkien, euskaraz, fruta horiek erosteko. Fruta-burruntzia egin zuten erositako guztiarekin.

Ekintza herrikoietan ere parte hartzen dute: Bergaran, Mokolo Eguna eta Erramu Zapatua; Korrika; pintxo-poteoa; Eskoriatzan, Silbestrada; Aretxabaletan, Korrikan parte hartu zuten, eta aurtengo zenbait ideia dituzte; ipuin-kontaketa egin gurako lukete, herriko jaietan parte hartu…

Kasu guztietan, lokal bat dute, baina kalera irteten dira, beste herritarrekin nahastu, komunikatu eta ikastera.

Hizkuntza asko 

Hizkuntza barne, euskal gizartean aldatu den guztia islatzen du Auzokok, Aretxabaletako aurreko dinamizatzaile Larraitz Arandok dioen moduan: "10-20 urtean gure herrietako errealitatea asko aldatu da; esaterako, lehen elebidunak baginen, orain eleanitzak gara, gurera bizitzera etorri direnengatik". 

Beste arrazoietako bat da euskal komunitateak eta gainerako komunitateek oso gutxitan dutela kontaktua: "Euskaldunok elkarte, taberna eta kaleko gune zehatzetan mugitzen baldin bagara, euskaratik urruti daudenak anbulatorioan, Caritasen inguruan eta Helduen Heziketa Iraunkorrean elkartzen dira. Ez dugu harremanik izaten, eta, egoera horretan, euskara irteten da galtzaile". Lehendik ez bazekiten, Auzokon parte hartzen duten auzokideek Euskal Herriaren historia pixka bat eta euskara dagoela ikasten dute, beste gauza batzuen artean. Euskal Herrira ailegatzen direnean, gehienek ez dute horren berri izaten.

Horrela, auzotarrek auzokide horiek dakartena deskubritzen eta baloratzen ikasten dute, haien hizkuntzak, ohiturak, janariak… Aitziber Plazaolak honakoa esaten du: "Nik asko ikasten dut. Auzokideek aditzera ematen digute Euskal Herrian ez dagoela kultura eta hizkuntza bakarra, baizik eta Euskal Herria eta euskara dela denon artean konpartitu dezakegun hori, baina bakoitzak hori bizitzeko bere modua dauka eta horrek ekarpen handia egiten digu".

Dagoena sendotu gura dute 

Miriam Isasmendi hasi zen Eskoriatzako Auzoko dinamizatzen joan den azaroan. Oso ibilbide laburra izan arren orain artekoa, pozik dago: "Eskoriatzan zenbat hizkuntza dauden kontzientzia hartzeko balio digu, eta denok euskaraz komunikatu gaitezkeela konturatzeko". Aurtengo helburu gisa, sortu den taldea errotu nahi dute, eta emakumeendako bakarrik den taldea osatu. Gainera, auzotarrak animatu gura dituzte eurekin bat egitera; egubakoitzero elkartzen dira kultur etxean, 15:00etan. 

Oñatin ere, oraingo taldea sendotu eta bigarren taldea sortzen ahaleginduko dira, lehenengo deialdian zenbait lagun interesatu zirelako baina azkenean ezin izan zirelako taldean sartu. Eguen iluntzetan elkartzen dira. 

Bergararen kasuan, bi taldeak indartuko dituzte aurten; herrian Auzoko ezagutarazi eta bertara auzokide zein auzotar gehiago inguratzeko lanean jarraituko dute. 

----------

Auzoko kide izateko

Aretxabaleta Udaletxe zaharrean, egubakoitzetan, 15:00etan batzartzen dira. Parte hartzeko, nahikoa da bertara joan edo Loramendin galdetzea.

Oñati Bidebarrietan, lehen Laixan zegoen lokalean elkartzen dira, eguenero. 

Bergara Kultur etxeko ganbaran dute topagunea; lagun talde zabala egubakoitzetan, 18:00etan, eta emakumeen lagun taldea martitzenetan, 17:00etan. Facebook-en Auzokobergara profila dute.

Eskoriatza Kultur etxean elkartzen dira auzotarrak eta auzokideak, egubakoitzetan, 15:00etan.  Bloga dute: auzokoeskoriatza.blogspot.com.es.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak