Sari ederrak daude: hiru kategoriatik bakoitzean, 300 euro irabazlearendako, eta 100 euroko sari bana 2. eta 3. onenarendako; eta, horrez gain, bideo-curriculum finalistak eskualdeko enpresen artean zabalduko dituzte antolatzaileek, haiek ikus ditzaten gonbidatuz eta, beraz, parte-hartzaileak lana aurki dezan erraztasunak ipiniaz.
Antolatzaileen esanetan, "helburua da norberak gogoeta egin dezan, norberaren gaitasunen, prestakuntzaren eta lan-helburuen gainean".
Ikasle, langabe zein langile
17 urtetik gorako edozeinek parte har dezake, eta hiru kategoria izango dira: ikasleak, langabeak eta langileak. Ikus-entzunezkoaren edukia hau izango da: norberaren burua aurkeztea, lana bilatzeko. Egilearen profil akademiko eta profesionala, gaitasunak eta helburu eta ibilbide profesionalak jaso beharko ditu lanak.
Bideo-curriculumak aurkezteko mugaeguna martxoaren 7a da, 14:00etan, eta www.wetransfer.com plataformaren bidez aurkeztu behar dira, debagoiena.goiaz@gmail.com helbidera e-maila bidalita.
Epaimahaiak hainbat alderdi baloratuko ditu: sormena eta originaltasuna, edukia, IKTen erabilera, komunikazio-gaitasuna…
Laguntza tailerrak
Laguntza ere emango dute. Bideo-curriculumak oraindik formatu berri samarra dela kontuan hartuta, bi tailer ibiltari antolatu dituzte, Zertarako egin BideoCV bat? eta Nola muntatu nire BideoCVa, eta urtarril bukaeran eta otsail hasieran izango dira. Debagoieneko lau herritan izango dira horiek.
Oinarriak eta material osagarria webgune honetan izango dira: www.debagoiena.net.