Elkarlanerako abiapuntutzat jo dute deitzaileek manifestazioa

Goiatz Arana Begiristain 2014ko urt. 11a, 20:18


19:25ean bukatu da EAJ, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, Geroa Bai, ELA eta LABek deituta eta 'Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea' lelopean arratsaldean Bilbon egin den manifestazioa. Jendetzak ibilbide osoa hartu du eta ordezkaritza zabala bidali dute alderdi politiko eta sindikatuek ere. 100.000-110.000 lagun artean izan dira martxan, Bilboko Udaltzaingoaren arabera. (Bideoa: 'eitb').

Han izan dira, besteak beste, Joseba Egibar, Andoni Ortuzar eta Itxaso Atutxa (EAJ); Larraitz Ugarte eta Martin Garitano (EH Bildu); Rufi Etxeberria (Sortu); eta gainerako alderdi deitzaileen ordezkariak. Bertan izan dira ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariak ere, eta baita Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria ere.

Alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariekin batera, jendetza elkartu da Bilboko kaleetan; Autonomia kalea bera jendez gainezka ageri zen 17:30erako. 18:00etan abiatu da manifestazioa La Casillatik, eta oso pixkanaka egin du aurrera manifestazio buruak. Pankartari eusten, manifestazioa deitu duten alderdi eta eragileetako ordezkariak; ELA sindikatuko Deiane Arrieta aretxabaletarra tartean. 19:00ak baziren manifestazio bukaera La Casillatik ateratzerako.

Arazoak izan dira errepidean Bizkaiko hiriburura iristeko, auto ilaren eraginez. Autobusak ere bata bestearen atzetik joan dira autobidean, eta tartean ziren Debagoienekoak; bailarako herri guztietatik irten dira autobusak.

Eloy Velascok, Auzitegi Nazionaleko epailea, debekatu egin zuen atzo Tantaz Tanta ekimenak antolatutako mobilizazioa, eta horren ondotik eragile politiko eta sindikalek deitutako beste martxa bat egin da gaur Bilbon.

Erreakzioak

Joseba Egibar (EAJ), Hasier Arraiz (Sortu), Patxi Zabaleta (Aralar), Ainhoa Etxaide (LAB), Adolfo Muñoz (ELA), Mertxe Colina (Abertzaleen Batasuna), Asier Vega (Alternatiba) eta Ikerne Badiola (EA) manifestazio "ezohikoaz" mintzo direla irakurri dugu Berrian. Hona hemen, bertan batu duten erreakzio sorta:

  • EAJ (Joseba Egibar): "Nahi dugu hasitako bidea, eraikiko den garai berria, giza eskubideen errespetutik, elkarrizketatik eta alderdien arteko akordioetatik egitea. Denok gizarteak eskatzen dituen urratsak egin ditzagun nahi dugu, eragile guztiek, alderdiek, instituzioek eta ETAk berak".
  • Sortu (Hasier Arraiz): "Alderdi politikoetako eta sindikatuetako ordezkari gehienok herritarrek eskatzen dutenaren mailan egoten jakin dugu. Herri gisara egoera ezohikoari ohiz kanpoko erantzuna eman diogu".
  • Aralar (Patxi Zabaleta): "Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Manifestazioko leloek eta preso dauden pertsonak gogoan izateak egiten dute posible gizartearen batasuna. Bide horretan jarraitu behar da eraikitzen".
  • Ikerne Badiola (EA): "Bilboko kaleak euskal gizarteak dituen beharren isla izan dira. Eragile politiko eta sozialen batasunak bakearen eta normalizazioaren alde lan egitea du helburu".
  • Asier Vega (Alternatiba): "Batez ere nabarmendu nahi dugu siglen gainetik herritarrak izan direla benetako protagonista, eta erakutsi dutela, beste behin, ez dagoela eta ez dela izango oztoporik herri honek hasi duen bidea gelditzeko, eta Espainiako Gobernuaren gehiegikeriek beti izango dutela aurrean euskal gizartea".
  • Mertxe Colina (Abertzaleen Batasuna): "Manifestazioa mugarria izan da, abiapuntua, Euskal Herriko indar guztiek elkarrekin lan egin dezaten bakearen eta subiranotasunaren alde".
  • LAB (Ainhoa Etxaide): “Besarkada bat bidali nahi diet euskal presoei eta azken operazioan atxilotutakoei, eta beste behin, urtea hasi dugu presoen giza eskubideen alde herri gisara dugun konpromisoa eta sakabanaketa amaitzeko beharra baieztatzen".
  • ELA (Txiki Muñoz): "Oso pozik gaude gai izan garelako Bilboko kaleak betetzen. PPren atzera urratsen agenda geratzeko modu bakarra hori dela uste dugu. Eskuin muturrarekin lehiatzen ari da, eta alboratu egin behar dugu".

'Goiena'n jarraipena

Bertan izan da Goienako lantalde bat ere. Gaur bertan erakutsiko dizkizuegu argazkiak, eta bihartik aurrera irudiak eta debagoiendarrek esandakoak.

Bilboko Autonomia kalearen irudi ikusgarria. (Argazkia: Hamaika tv):

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak