Ericsson etxearen ConsumerLab txostenak urte berriko joera nagusiak iragartzen ditu urtero-urtero, erabiltzaileei egindako galdeketa baten bidez. Kontsumitzaileen uste eta lehentasunak azaleratzen dira horrela, joerak ikusteko. 2013aren sokatik, aurten Ericsson-en arabera hatz-marka digitalaren aukeretan eta erloju inteligenteetan sakonduko dute teknologia enpresa nagusiek. Horretarako, 100.000 elkarrizketa pertsonal egin dituzte 40 herrialde eta 15 megahiritan.
Edonon eta edonoiz
Eskaera handiena, ikerketaren arduradun izan den Michael Björnen arabera, egunerokoan eragina duten aplikazioena da. Teknologiak eta aplikazioak ugaldu egingo dira arlo horretan, antza. Txostenean jasotzen da aplikazioek, jadanik, mugikorra erabili eta komunikatzeko ditugun moduak zeharo aldatu dituztela eta bilakaera horrek aurrera egingo dutela datozen hilabeteetan. Mugikorren ahalmenaren gehikuntzaren fase berri baten sartuko gara dioten Ericsson-en eta, hori horrela, erabiltzaileek eskatu egingo dutela bizitzako arlo guztietan erabili ahal izango diren aplikazio mugikorrak, esate baterako, “erosketa egin, osasuna zaindu, harreman instituzionaletarako ala garraioan erabiltzeko”.
Gorputza eta gailua, biak bat
Bigarren joera nagusia gorputz atal eta lorratzen identifikazioaren alorrekoa izango ei da. Geroago eta pasahitz zehatz eta katramilatsuagoak behar izaten dituzte gailu eta aplikazioek eta horrek biometrika delakoarekiko interesa areagotu du. Inkestatu dituzten erabiltzaileen gehiengoak ongi ikusten du eta nahiko luke pasahitzak barik hatz-makak hala begi-ninia atzeman dezaketen sistemaren bat erabili. Inkestatuen ia gehiengoak uste du aplikazio biometrikoak urteko joera teknologikoa izango direla.
Horrekin lotuta, gailuek eskaintzen dituzten lokalizazio eta kuantifikazio tresnek norberaren jardueraren kuantifikaziorako aukera, tresna eta aplikazioen zabalkundea ekarriko du, ikusten dutenez, 2014an zehar, dela kirol jarduera, dietaren jarraipena edo taupada ala odol-presioaren monitorizazioa ahalbidetzen duten sistemekin. Finean, mugikorrak eta gorputza elkar lotuko dira aplikazio ezberdinetarako. Guztia eta uneoro konektatu egon behar horrek erabiltzaileen konektibitate eta konexio mailaren kalitate exijentzien gorakada ekarriko duela ondorioztatzen dute ere galdeketatik.