Udalak aldatu egingo du turismo baliabideen kudeaketa eredua

Txomin Madina Milikua 2014ko urt. 10a, 15:57

Martxotik aurrera enpresa bakarra arduratuko da Arrikrutz-Oñatiko Koben eta Turismo Bulegoaren kudeaketaz. Arrikrutzeko koben kasuan, martxora arte itxita egongo dira.

Asteburu honetan Arrikrutz-Oñatiko Kobak bisitatzera doanak itxita aurkituko ditu ateak, eta horrela egongo dira datorren martxora arte. Izan ere aurrerantzean aldaketak egongo dira koben ordutegi eta egutegian. 

"Kobak zabaldu zirenean aurreikuspen batzuk egin ziren: pentsatzen zen 60.000 bisitari izango zituztela kobek urtean, baina laurdenera ere ez dira iritsi. Ondorioz eredua birdimentsionatu eta egungo errealitatera egokitu gura dugu" dio Oñatiko alkate eta Sozioekonomia batzordeko kide den Mikel Biainek. Ondorioz, aurrerantzean itxita egongo da urtarrilean eta otsailean, eta behin zabaldutakoan, baita astelehen eta martitzenetan ere. Aurtengo urtarrilean egongo dira zenbait bisita, aurretik hitzartuta zeudenak, hain zuzen ere.

Kudeaketa, enpresa bakarrak

Aldaketak, baina, ez dira egutegira bakarrik mugatuko, kudeaketa bera ere aldatu egingo da-eta. Orain artean, enpresa bat arduratu da Arrikrutzeko koben kudeaketaz eta beste bat Turismo Bulegoaz. Udalaren Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziaren (OGTA) bitartez, Arrikrutzeko kobek 140.000 euro jaso izan dituzte urtean, eta turismo bulegoak 70.000.

Bi enpresei oraintxe bukatu zaie kontratua, eta hori aprobetxatu du Udalak bi baliabideen kudeaketa bateratzeko.

Martxotik aurrera

Dagoeneko onartuta eta argitaratuta daude lehiaketa publikoaren pleguak, eta martxoa hasierarako esleipena eginda egotea da Udalaren asmoa. Lehiaketa irabazten duen enpresak 90.000 izango ditu bere gain bi enpresak kudeatzeko. Baina ez da hori izango izango duen diru iturri bakarra: "Arrikrutz bisitatzeko sarreren eta bisita gidatuen sarreren prezioak enpresak berak finkatuko ditu; uste dugu hori pizgarri bat izango dela enpresak ahalik eta bisitari gehien erakartzeko lan egin dezan" dio Biainek. Momentu honetan zazpi langile dabiltza lanean Arrikrutzeko kobetan eta Turismo Bulegoan, baina ez dago jakiterik aurrerantzean zenbat egongo diren. Esleipena bi urtetarako egingo da, bi urte gehiago luzatzeko aukerarekin.

Aldaketa honekin gainera, Udalak OGTA enpresa publikoari egiten dion kapital handitzea (urtean 300.000 euro) %30 murriztuko du. "Azkenean, lortu gura duguna da Udalak dituen turismo baliabideak ahalik eta modu egokienean eta Udalari ahalik eta gastu txikiena suposatuz egitea" zehazten du alkateak. Gaineratzen du aldaketek ez dutela zerikusirik Arrikrutzen eman izan den ematen den zerbitzuaren kalitatearekin: "Oso zerbitzu ona da, ia pertsonalizatua; baina egungo errealitatera moldatu behar da. Zalantza barik, horrek izango du eraginik zerbitzuan, baina eredu berri honen aldeko proba egin behar dugu".

Arrikrutzeko kobetan ez bezala, turismo bulegoan ez dute oraingo egutegi eta ordutegiarekin lotutako aldaketarik egingo: turismo bulegoen euskal sarea den Itourbasken sartuta dago, eta hor finkatzen diren irizpideak derrigorrez errespetatu behar dira.

Turismoaren aldeko apustua

Mikel Biainen esanetan turismoaren aldeko apustuak garrantzitsua izaten jarraitzen du Udalarentzat: "Errealitate sozioekonomikoaren ikuspuntutik Oñati herri industriala da, turismoak ez du horrenbesteko pisurik, baina bere alde lan egiten jarraituko dugu".

Zentzu horretan, erronka da turismoaren fluxua mantentzea eta bisitak luzeagoak izatea. Hori lortzeko bidean, besteak beste autokarabanendako aparkalekua egiteko proiektua eta Arantzazuko aterpetxea aipatzen ditu Biainek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak