Laboral Kutxarekin ituna sinatu duen entitatea, RBI, Raiffeisen Zentralbank Österreich AG (RZB) bankuaren nazioarteko filiala da. Hori Austriako lehen banku kooperatiboa da, herrialdeko entitaterik hedatuena. 1862. urtean sortu zen, eta 1.700 sukurtsal ditu Austrian, 8.400.000 biztanle dituen herrialde batean.
1986an, nazioarteko merkatuak eskaintzen zituen aukerak ikusita, RZB matrizeak Raiffeisen Bank International sortu zuen. Hain zuzen, entitate horrekin sinatu du Laboral Kutxak hitzarmena. Gaur egun, RBIk presentzia handia du 15 herrialdetan, Erdialdeko Europa osoa eta Ekialdeko herrialdeak barruan. Herrialde horietan dihardu banku subsidiarioen bitartez; 3.000 sukurtsal ditu, 59.000 langile eta 14,4 milioi bezero. Akordio horren bitartez, Laboral Kutxako bezeroek honako abantailak izango dituzte, besteak beste: RBI eta bere banku subsidiarioetako sukurtsalak eta produktu eta zerbitzu guztiak erabiltzeko aukera; Laboral Kutxako nazioartekotze-adituen laguntza; banka unibertsaleko zerbitzuak; kobratzeko eta ordaintzeko zirkuitu erosoak; edo herrialde bakoitzeko dibisan eragiketak egiteko aukera.
Ekialdeko Europa, enpresa askoren aukera
Laboral Kutxak gogora ekartzen du Erdialdeko eta Ekialdeko Europako merkatuak "oso garrantzitsuak" direla Euskadiko eta Espainiako enpresa txiki eta ertainendako, bai inportazio-esportazioak egiteko, bai herrialde horietan produkzio-filialak ezartzeko. Bere datuen arabera, atzerrira irtetea erabaki duten 100 enpresatik 13k ekialdeko herrialdeak aukeratu dituzte. Beraz, Laboral Kutxako bezero diren enpresek banku-interlokutore zuzena izango dute herrialde horietan.
Akordio hori Laboral Kutxak enpresen nazioartekotze-prozesuan laguntzeko finkaturiko politikaren barruan dago, eta erantsi egiten zaie aurretik egin dituen beste akordio batzuei, hala nola, Frantziako Crédit Coopératif eta AEBetako National Cooperative Bank erakundeekin sinatutakoei.