Laboral Kutxako arduradunek diotenez, hitzarmen horren bidez kreditu kooperatibak AEBetako ateak ireki nahi dizkie bere enpresa bezeroei, merkatu amerikarrean banku-solaskide zuzena izan dezaten. Izan ere, Laboral Kutxaren ustez, "merkatu bakoitza ezberdina da eta enpresentzat behar-beharrezkoa da finantza-hornitzaile egonkor bat izatea doazen lekura doazela. Kasu honetan, Laboral Kutxako bezeroek National Cooperative Bank-en sare osoa izango dute eskueran, banku-premiei irtenbiderik onenak bilatzeko".
Aurrerantzean, Mondragon Korporazioko kreditu-kooperatibaren bezeroek kobrantzen eta ordainketen gestioa, epe luzerako proiektuen finantzaketa, bezeroen kobrantzak aseguratzea eta abar egin ahal izango dituzte AEBetan, NCBren eskutik.
Martxoan, Credit Cooperatif-ekin
Arduradunen esanetan, "Parisen egoitza duen Credit Cooperatif-ekin martxoan sinatutako hitzarmenari eta honako hitzarmen honi esker, aurrerapauso handia eman da Laboral Kutxaren apustu estrategikoan, hau da, ETE-ei internazionalizazio-prozesuan laguntzeko bidean". Laboral Kutxaren ustez, "prozesu oso garrantzitsua da enpresek epe luzera irauteko".